[Itsasotik hator beti]
Itsasotik hator beti
eta erlatsa dun hire ahotsa,
beti isil-gorde begiz
lahar arteko ur biziz
eta bekokiz baxu, hodei
baxuko zeruaren pare.
Aldi bakoitzean haiz berpizten
gauza antzinakoa eta basatia
bahintz bezala, bihotzak ezagun
du, eta hala dun estutzen.
Aldi bakoitzean dun urratua,
aldi bakoitzean heriotza.
Gu beti borrokan.
Kolpean argitzen den orok
heriotza din dastatu
eta odolean din eramaten.
Arerio jatorren gisara
elkar gorrotatu gabe gehiago
guk ahots berbera
dinagu, berbera nahigabea,
eta aurrez aurre bizi gaitun
zeru txiroaren azpian.
Gure artean liskarrik ez,
ezta gauza ezdeusik ere…
gu beti borrokan.
Borrokatuko dinagu oraindik,
borrokatuko beti,
ametsaren bila gabiltzanez
heriotzatik hegapeturik,
eta erlatsa dun gure ahotsa
baxua bekokia eta basatia
eta berdintsua zerua.
Horretarako gintunan sortuak.
Kolpeari emanez gero amore,
etorriko dun gau luzea
ez dena ez bakea ez menia
ezta zinezko heriotza ere.
Hi ez hago gehiago. Besoak
alferrik ditun astintzen.
Azkenerako, dardaraka zeukanagu bihotza.
Hire izen bat aipatu diten.
Ostera ere hasi dun heriotza.
Gauza ezezagun eta basatia legez
berpiztua haiz itsasotik.