Aitatasuna
Dantzan ari den andrearen fantasia, baita agurearena ere,
zeina den haren aita, zeinak odolean zeraman behinola,
eta gau batez zuen sorrarazi, ohean gozatuz, osoki biluzik.
Andrea presatzen ari da garaiz heltzeko biluztera,
eta badira beste agure batzuk, haren zain. Guziek
irensten diote, dantzara jauzi dagielarik, begiz,
zangoen sendotasuna, baina agureak dardaraka dira.
Ia biluzik da andre gaztea. Eta gizon gazteek irribarrez
begiratzen diote, eta baten batek nahi luke biluzik egon halaber.
Agure gartsu guziek dirudite haren aita
eta oro dira, egongaitz izaki, beste zenbait gorputz gozatu dituen
gorputz horren hondakin. Gizon gazteak ere aita izango dira
egunen batean, eta ororentzat da bakarra andre hura.
Isilpean gertatu da. Zorion sakon batek
piztu du iluntasuna andre gazte biziaren aurrean.
Gorputz guziak ez dira gorputz bat besterik, ororen
begiradek iltzaturik mugitzen den gorputz bakarra baizik.
Odol hau, korrika dabilena andre gaztearen gorputz adar
altxatuetan, agureen baitan izozten den odola da;
eta haren aitak, erretzen ari den hori, isilpean, epeletan,
ez du jauzirik egin, baina berak zuen sorrarazi dantza dagien alaba.
Badabil zurrumurru biribila andrearen gorputzaren inguruan,
berbera baita agurearengan, baita agureengan ere. Aita isilpean
erretzen ari da eta itxaroten itzul dadin, jantzirik.
Guziak dira haren zain, gazte eta zahar, eta bera dute finkatzen;
horietako bakoitzak, zurrut bakartietan, ostera ere hartuko dute gogotan.