Poesia kaiera
Poesia kaiera
Cesare Pavese
itzulpena: Ion Olano Carlos
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-27-3
Cesare Pavese
1908-1950
 
 

 

Grappa irailean

 

Goizak igarotzen dira zilar eta mortu

ibaiertzetan, goiz alba lainotzen delarik

eta bere berdea iluntzen, eguzkiaren zain.

Zelaien hegiko azken etxe hezean saltzen

duten tabakoak kolorea du kasik beltza

eta zukutsua zaporea: urdinkara du bafada.

Grappa ere badute bertan, uraren kolorekoa.

 

Heldu da une bat non dena gelditzen

eta umotzen den. Egonean daude urruneko landareak:

areago ari dira iluntzen. Isil-gordean dituzten fruituak

astinaldi batek botako lituzke. Hodei sakabanatuek

ore umotuak dituzte. Urrunean, etorbideetan,

etxe bakoitza heltzen ari da zeruaren epeltasunean.

 

Ordu honetan andreak baino ez dira ageri. Ez dute pipatzen andreek

eta ez dute edaten, soilik dakite eguzkitan geratzen

eta haren epela soinean jasotzen, fruituak balira bezalaxe.

Airea, behelainoz gordin, hurrupaka edan daiteke

grapparen antzera, gauza orok du bere gustua jariatzen.

Ibaiko urak ere edan egin du ibaiertzetatik

eta hondoan, zeruan, du oro beratzen. Kaleak

andreak bezalakoak dira, geldirik ari dira umotzen.

 

Ordu honetan orok beharko luke geldirik gelditu

kalean eta begiratu nola umotzen ari den oro.

Bada halako haizekirria ere, hodeiak aztoratzen ez dituena,

baina aski dena ke urdinkara gidatzeko

hura zatikatu gabe: igarotzen ari den gustu berri bat.

Grappatan bustita dago tabakoa ere. Hartara, andreak

ez dira goiza gozatuko duten bakarrak izango.