Belaunaldi bat
Mutiko bat etortzen zen jolastera zelaietan
han non zabaltzen diren orain etorbideak. Zelaietan topatzen zituen
mutiko gehiago, oinutsik haiek ere, eta jauzi egiten zuen pozez.
Ederra zen oinustea belazean haiekin batera.
Argi urruneko adats batez aditu ziren tiro hotsen oihartzunak
hirian, eta haizearen gainetik heltzen zen
zalaparta etena. Jende guzia zegoen isilik.
Muinoek aletzen zituzten argi puntuak,
haizeak abiaraziak, itsasoaren ertzetan. Iluntzen
ari zen gauak itzaltzen zuen oro azkenik
eta loaldian irauten haizearen freskurak.
(Biharamunean itzuli dira ingurura mutikoak
eta inork ez du zalaparta oroitzen. Espetxean
badira langile isilak eta hila da baten bat.
Kaleetan estaliak dira odol arrastoak.
Urruneko hiria iratzarri egin da eguzkitan
eta atera da jendea. Musu-musuetara begiratzen diote elkarri).
Mutikoek gogotan hartu zuten zelaietako isiltasuna.
Atsegin zitzaigun hiria egun argiz: arratsez, isiltzea
eta begiratzea urruneko argiei eta zalapartak aditzea.
Oraindik ere joaten dira mutikoak jolastera zelaietan
han non heltzen diren etorbideak. Eta gaua berbera da.
Handik igarotzean senti daiteke belarraren lurrina.
Jende berbera dago espetxeetan. Eta badira andreak
orduan bezalaxe, haurrak sortzen dituztenak eta esaten ez dutenak deus ere.