Deolaren gogoetak
Deolak goiza igarotzen du kafetegian jesarririk
eta inork ez dio begiratzen. Ordu honetan hirian guziak dabiltza korrika
egunsentiko eguzki freskoaren azpian. Ez du inor bilatzen
Deolak ere, baina bare pipatzen du eta goiza arnasten.
Ostatuan egon den bitartean, ordu honetan, lo egin behar izan du
indarra berreskuratzeko: ohe gaineko estera
lohitzen zioten zapataz soldaduek eta langileek,
bizkarra hondatzen dioten bezeroek. Baina bestelakoa da egun argiz:
egin daiteke lan finagoa, akidura gutxiagoz.
Atzoko gizonak goiz iratzarri zuen,
muxu eman eta eraman (geratuko nintzateke, laztana,
Torinon zurekin, posible izango banu) estaziora
bidaia ona iragartzera.
Durduzaturik baina fresko dago oraingoan,
eta aske izatea du atsegin Deolak, eta bere esnea edatea
eta brioxeak jatea. Goiz honetan erdi-emaztea da
eta, oinezkoei begiratzen badie, ez aspertzearren da soilik.
Ordu honetan ostatuan lo egiten du jendeak eta usain hertsia dago
(nagusia pasieran ibiltzera doa) ergelarena egitea da han barruan geratzea.
Lokaletan ibiltzeko arratsetan, presentzia beharrezkoa da
eta ostatuan, hogeita hamar urterekin, galdua da geratzen zaion apurra.
Deola jesarririk dago ispiluari erakutsiz soslaia
eta kristalezko islan ikusten du bere burua. Bisaia apur bat zurbil,
ez da geldirik gelditu den kea. Beltzuritu egin da.
Marik zuen kemena beharko luke berak ere, ostatuan
irauteko (izan ere, andre laztana, gizonak
hona etortzen dira gutiziak asetzera, ez banantze aldera,
ez emaztearengandik ez amorantearengandik) eta Marik lan egiten zuen
aspergaitz, adorez beterik eta sasoi betean.
Kafetegi aurreko oinezkoek ez diote Deolari arreta galarazten,
soilik lan egiten duenez arratsez, konkista mantsoetan,
bere lokaleko musikaz lagundurik. Begiratuak eginez
bezeroren bati edo haren oina bilatuz, atsegin ditu orkestrak
(maitasun eszena bateko aktorearen kutsua ematen diotenak)
gazte aberats baten konpainian. Aski du bezero bakarra
bizimodua ateratzeko arratsero. (Beharbada, atzoko gizonak
zinez eramango ninduen berarekin). Bakarrik egon, hala nahi badu,
goizez, eta kafetegian jesarri. Ez bilatu inor ere.