Paisaia
Hemen goian ez da gehiago jorratzen muinoa. Badira garoa
eta arroka biluzia eta antzutasuna.
Hemen lanak ez du deusetarako balio. Erreta dago gailurra
eta arnasa da freskura bakarra. Akidura handia da
honaino igotzea: ermitaua etorri zen behinola
eta geratu egin da harrezkeroztik, indarrak biltzen.
Ermitaua janzten da ahuntz larruz
eta badu halako musketa lurrin bat, piztiarena eta piparena,
blaitu dituena lurra, sasiartea eta haitzuloa.
Eguzkitan bereizirik pipatzen duelarik pipa,
galtzen badut ez dakit ostera ere hura topatzen, garo errearen
kolorekoa denez. Igarotzen dira bisitariak
eta ziplo erortzen dira arroka baten gainean, izerditan eta arnasestuka,
eta hantxe topatzen dute, begiak zeruan,
sakonki hartuz arnasa. Lan bat egina du bederen:
bisaia belztuan bizarra utzi du sarritzen,
ile gorrixka urriak. Eta gorotzak uzten ditu
soilgune zabal batean, eguzkitan lehortzen.
Berdeak eta sakonak dira muino honetako hegalak eta haranak.
Mahastien arteko bidexkek daramate neskatila burugabe
saldoengana, kolore bortitzez jantziak oro,
festatuz ahuntzen antzera eta garrasi eginez ordokian barrena.
Noiz edo noiz azaltzen dira fruituz beteriko saski ilarak,
baina ez dituzte igotzen gailurrera: herritarrek etxera daramatzate
bizkar gainean, okerturik, eta ostera ere hondoratzen dira hostoen artean.
Zeregin ugari dituztenez, herritarrak ez dira joaten
ermitaua ikustera; aitzitik, jaisten dira, igotzen eta sutsuki dute goldatzen.
Egarri direlarik, hurrupa handitan edaten dute ardoa: botila dute
ahoratzen, eta gailur errerantz dituzte begiak goratzen.
Goizeko freskuran itzultzen dira akiturik
goiz albako lanetik eta, eskaleren bat igarotzen bada,
uztaren artean putzuek jariatzen duten ur guzia
ematen diote, edan dezan. Sarkastikoki egiten diete irri andre saldoei
edo galdetzen diete ea noiz, ahuntz larruz jantzirik,
jesarriko diren muinoetan azala eguzkitan belztera.