Poesia kaiera
Poesia kaiera
Cesare Pavese
itzulpena: Ion Olano Carlos
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-27-3
Cesare Pavese
1908-1950
 
 

 

Lan egiteak akitzen du

 

Kalea zeharkatzea ihes egiteko etxetik

mutiko batek egiten du soilik, baina egun osoan kaleetan dabilen

gizon hau ez da dagoeneko mutikoa,

eta ez du etxetik ihes egiten.

Badira udan

arratsalde batzuk non plazak ere hutsik dauden, erortzear den

eguzkipean zabalik, eta gizon hau, zeina heltzen ari den

alferrikako landareen etorbide batetik, bertan gelditzen da.

Merezi al du bakarrik egoteak, gero eta bakartuago egote aldera?

Soilik inguruan ibiliz, hutsik daude

plazak eta kaleak. Premiazkoa da andre bat geraraztea

eta harekin mintzatzea, eta erabakitzea elkarrekin bizitzea.

Bestela, norbera bakarrik da mintzo. Horrexegatik, zenbaitetan,

gaueko mozkorraldiak lotzen ditu solasak,

eta kontatzen ditu bizialdi osorako egitasmoak.

Ez da egia plaza mortuan itxaroteagatik

inor ezagutzen denik, baina kaleetan dabilenak

bereari eusten dio batzuetan. Bi izango balira,

baita kalean ibiltzen ere, etxea legoke

andre hura den lekuan, eta mereziko luke.

Gauean plaza ostera ere mortu da

eta gizon honek, igarotzen ari denak, ez ditu ikusten etxeak

alferrikako argien artean, ez ditu gehiago goratzen begiak:

sentitzen du soilik galtzada, gauzatu zutena beste gizon batzuek,

esku gogordunek, bere antzerakoek.

Ez da bidezkoa plaza mortuan gelditzea.

Izango da, ziurrenik, andreren bat kalean,

zeinak, eskatuz gero, eskua emango lukeen etxerako.