Dinaren gogoetak
Plazera da eguzkitan garden eta fresko dabiltzan ur hauetan
norbere burua botatzea: ordu honetan ez dator inor ere.
Zirrara eragiten dute makal azalek gorputzez ukitzean,
murgilaldiko ur burrunbatsuek baino gehiago. Ur azpian ilun dago oraindik ere
eta lepotik oratzen du hotzak, baina aski da eguzkitara ateratzea
atzera itzultzeko gauzei begiratzera begi garbiz.
Plazera da biluzik etzatea belaze epeletan
eta begi erdi-hertsiz bilatzea muino garaiak
gainditzen dituztenak makalak eta ikusten nautenak biluzik
eta muinoetako inor ez da ohartzen. Galtzazpitan dagoen agure hark,
arrantzara doan kapeladunak, ikusi nau murgiltzen
baina pentsatu du mutikoa nintzela eta ez du hitz erdirik esan.
Gaur arratsean itzuliko naiz soineko gorridun andre gisa
(ez dakite biluzik nagoela hemen etzanda
kaletik irribarre egiten didaten gizonek) jantzirik itzuliko naiz
irribarreak harrapatzera. Gizon haiek ez dakite
saihetsak sendoago eramango ditudala gaur arratsean soineko gorrian
eta izango naizela beste andre bat. Inork ez nau ikusten hemen behean:
eta handik zehar, landareen artean badira leuntzaile sendoagoak,
irribarre egiten didaten beste haien aldean: inork ez nau ikusten.
Ergelak dira gizonak... gaur arratsean guziekin dantzan
biluzik bezala egongo naiz, orain bezala, eta inork ez du jakingo
topatzen ahal ninduela hemen, bakarrik. Haien gisakoa izango naiz.
Ordea, ergel horiek estuki besarkatu nahi izango naute,
proposamen azeriak xuxurlatu. Baina zer axola didate
haien laztanek? Badakit-eta ene burua laztantzen.
Gaur arratsean egoten ahalko gara biluzik eta elkar ikusi
irribarre azeririk egin gabe. Neuk bakarrik egiten dut irribarre
belazean etzanik, hemen, eta inork ez daki.