Poesia kaiera
Poesia kaiera
Cesare Pavese
itzulpena: Ion Olano Carlos
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-27-3
Cesare Pavese
1908-1950
 
 

 

Aisia

 

Hormetan itsatsiriko afixa handi guziak

(langile sendoa erakusten dutenak

zerurantz altxatzen, atzealdean lantegiak dituela)

oro dira puskatan hausten, eguzkitan eta uretan. Masinok birao dagi

bere alderik harroena ikusten duelarik kaleetako

hormetan, horietan barrena ibili behar duenez gero lan bila.

Bat goizean altxatzen da eta geratzen da egunkariei begira

kioskoetan, non andre bisaiak ageri diren kolore bizitan;

alderatzen ditu ingurutik igarotzen direnekin eta denbora galtzen du,

izan ere, andre bakoitzak begizulo sakonagoak ditu.

Tarte batez gogoan itsatsirik geratzen dira zinemako afixak

oinarrizko urratsetan, agureak gorriz jantzirik

eta Masinok (adi behatuz bisaia desitxuratuak

eta koloreak) bere masailak ukitu eta hutsago sentitu ditu.

 

Jaten duen aldi bakoitzean pasieran ibiltzen da ostera Masino,

lan egin izanaren seinale denez. Kaleak ditu zeharkatzen

eta ez dio inori begiratzen musu-musuetan. Arratsean itzuli

eta etzan egiten da belazean neskatila harekin.

Bakarrik dagoelarik, atsegin du belazean geratzea

etxe isolatuen eta zalaparta apalduen artean,

eta noiz edo noiz ametsen bat egiten du. Andreak ez dira falta

mekanikari garaietan bezalaxe: oraingoan Masino da

bakarraren bila dabilena eta fidela nahi duena.

Behin edo behin (ibilian zebilelarik) eraitsi izan du etsairen bat

eta kideek, zuloan topatu dutelarik, lotu behar izan diote

esku zauritua. Haiek ere ez dute deus egiten

eta hiruzpalauk, goseturik, banda bat osatu dute

turutaz eta gitarraz (haiekin nahi zuten Masino

kantari) eta kaleetan barrena dabiltza dirua biltzen.

Masinok erantzun die berak debalde kantatzen duela,

gogoak ematen diolarik, baina neskameak iratzartzen ibiltzea

kaleetan barrena, hori napolitarren lana dela. Jaten duen egunetan

lagun gutxi batzuk eramaten ditu muinoaren erdialdera,

hango ostaturen batean sartzen dira eta kantatzen dute aleren bat,

haiek bakarrik, gizon artean. Garai batean ibiltzen ziren txalupan ere,

baina lantegia ikusten da ibaitik, eta odol gaiztoa eragiten du horrek.

 

Egun osoan zapata zolak afixen aurrean igurtzi ondoren,

arratsean Masinok zineman amaitu du,

han non lan egin izan duen, behin edo behin. On egiten dio iluntasun horrek

gehiegizko farolekin akiturik dagoen ikusmenari.

Ez da akigarria istorioari jarraitzea:

beti dago ikusgai neskatila politen bat, eta batzuetan badira gizonak

elkar jotzen dutenak gogor. Badira herriak non

merezi lukeen bizitzea, aktore ergel

horien ordez. Masinok begietsi egin du

(muino biluziko herri batean, zelaiez eta lantegiz inguraturik)

bere buruaren irudia, lehen plano zabalean handiturik.

Horrek bederen ez dio ematen amorrua

kale kantoietako kolorezko afixek eta andre bisaia margotuek adina.