Poesia kaiera
Poesia kaiera
Cesare Pavese
itzulpena: Ion Olano Carlos
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-27-3
Cesare Pavese
1908-1950
 
 

 

Lur kiskaliak

 

Torinon egona den gazte mengela da mintzo.

Itsaso handia zabaltzen ari da arroken artean isil-gorderik,

urdin argia eta garbia emanez zeruari. Distira dagite

aditzen ari den ororen begiek.

Torinora heldu gara arratsean

eta berehala ikusi ditugu kaleetan barrena

asmo txarreko andreak, begientzat jantzirik, oinez bakarrik.

Han, bakoitzak lan egiten du daraman jantziaren arabera,

eta egokitu egiten zaio argi bakoitzari. Badira goizeko

koloreak, etorbideetan barrena ibiltzeko koloreak,

gaueko atseginentzat eginak. Andreek (esperoan daudenak

eta bakarrik sentitzen direnak) sakonki ezagutzen dute bizitza.

Askeak dira. Haiei ez diete deus ere ukatzen.

 

Entzuten dut nola ari zaion joka itsasoa, akiturik, itsasertzari.

Mutiko horien begi sakonak ikusten ditut

argiz pizturik. Hemendik bi urratsetara pikondo ilara

etsia aspertzen ari da arroka gorrikaran.

 

Badira andre askeak bakarrik pipatzen ari direnak.

Arratsak topatu gaitu eta goizak utzietsi

kafetegian, adiskideen gisan. Gazteak dira beti.

Gizonengan bilatzen dituzte begiak eta lastertasuna

eta txantxa beti finak. Aski da muinoetara igotzea

eta euria egitea: neskatxen antzera uzkurtzen dira,

baina badakite maitasunaz gozatzen. Gizonak baino adituagoak dira.

Biziak dira eta lirainak eta, biluzik direlarik ere, solasean

aritzen dira, ohi duten adore berberaz.

 

Aditzen dut.

Adi begiratu diet gazte mengelaren begizulo sakonei.

Haiek ere ikusia dute behinola berde hura.

Pipatzen arituko naiz gau ilunean, itsasoari ere jaramon egin gabe.