Ulertzen ez duen jendea
Estazioko arbolapean pizten dira argiak.
Gellak badaki ordu honetan itzultzen dela ama zelaietatik
amantala puzturik. Trenaren zain dagoelarik,
Gellak berdeari begiratzen dio eta irribarre dagi irudikatuz
bera ere geratzen dela, argien artean, belarra biltzen.
Gellak badaki ama gaztetan hirian egon zela
behinola: arratsero abiatzen da bera, iluntzean,
eta trenean oroitzen ditu erakusleiho ispilatzaileak
eta igarotzean musu-musuetara begiratzen ez duen jendea.
Amaren hiria harresi arteko etxarte hertsia da,
non jendea ateratzen den balkoietara.
Gella arratsero itzultzen da begi jostariak
kolorez eta nahikariz josirik, eta trenetik bakandurik
irudikatzen ditu, erritmo monotonoan, trenbide soslai
garbiak argi artean, eta muinoak josirik bidez eta bizitzaz
eta gazteen alaitasunaz, ibilian jator eta irriaren jabe.
Gella asperturik dago joan-etorrian ibiltzeaz, arratsero itzultzeaz
eta ez bizitzeaz ez etxeen artean ez mahastien erdian ere.
Nahiago luke hiria balego muino horien gainean,
argiztaturik, isil-gorderik eta betiko geldirik.
Hala, oso bestelakoa da. Arratsero biltzen da
anai-arrebekin, akiduraren batetik datozenak oinutsik,
eta ama brontzeztaturik, eta lurrak hartzen dituzte mintzagai
eta bera isilik da jesartzen. Baina oraindik oroitzen du,
haurra zelarik, bera ere itzultzen zela bere belar sortarekin:
haiek jolasak baino ez ziren, ordea. Amak izerdi dagi zinez
belarra biltzen, izan ere, hogeita hamar urtez
bildu izan du arratsero, eta noiz edo noiz
etxean geratuko da. Inor ez dabil bere bila.
Gellak ere nahiago luke geratzea, bakarrik, zelaietan,
baina bakartienak diren haietan, eta beharbada basoetan.
Eta arratsari itxarotea eta zikintzea belazeetan
eta beharbada lokatzetan eta sekula gehiago ez itzultzea hirira.
Deus ez egitea, ez dagoelako inork behar duen deus ere.
Ahuntzen antzera aritu hostorik berdeenak harrapatzen
eta ile izerdituak eta kiskaliak bustitzen
gaueko ihintzaz. Haragia gogortu
eta belztu eta soinekoak urratu, hirian
atsegin ez izateko moduan. Gella asperturik dago joan-etorrian ibiltzeaz
eta irribarre dagi, hirian itxuragabe eta eragabe sartzen dela
irudikatzen duelarik. Muinoak eta mahastiak
desagertzen ez diren artean, hala ibil dadin
belazeak zeuden kaleetan, irri eginez, arratsetan
halako nahikariak izango ditu Gellak, trenetik begira.