Uda
Badun lorategi argi bat, harresi baxuen artean,
belar lehorrezkoa eta argizkoa, emeki egosten duena
bere lurra. Badun itsaso zaporeko argi bat.
Hik arnasten dun belaze hori. Adatsak ukitzen ditun
eta oroitzapenak astintzen.
Fruitu ugari ikusi ditinat
amiltzen, gozoki, ezagun ditudan belazeetan,
zartada batez. Halaxe durduzatzen haiz hi ere
odolaren dardararekin. Burua mugitzen dun
inguruan ibiliko balitz bezala airezko mirari bat
eta miraria hi haiz. Zapore berekoak ditun
hire begiak eta oroitzapen epelak.
Aditzen dun.
Aditzen ditunan hitzek apenas haute ukitzen.
Bisaia lasaian badun gogoeta argi bat
hire bizkarrean itxuratzen duena itsasoaren argia.
Badun bisaian halako isiltasun bat bihotza estutzen duena
zartada batez, eta antzinako atsekabe bat jariatzen du,
orduan amildu ziren fruituek emaniko zukuaren antzera.