Gaueko plazerak
Gu ere geratzen gara gaua aditzera
haizea biluzien den unean: kaleak
hoztu ditu haizeak, eroriak dira usainak oro,
sudur-zuloak altxatu egin dira argi kulunkarietara.
Badugu denok etxe bana ilunpetan itxaroten
itzul gaitezen: andre bana gure zain ilunpetan
etzanik, lotan: usainez bero dago logela.
Haizeaz ez daki deus lotan den andreak
eta arnasa dagi: haren gorputzaren epeltasuna
gugan xuxurlaka dugun odolaren berbera da.
Garbitu egiten gaitu haizeak, ilunpetan parez pare
zabalik diren kaleen sakonetik datorren honek; argiak
kulunka eta gure sudur-zuloak estuturik
ezbaian dabiltza biluzik. Usain bakoitza, oroitzapen bana.
Urruneko ilunpetik azaldu da ezustean haize hau,
hirira ari dena amiltzen: zelaietan eta muinoetan behera,
non eguzkiak epelduriko belazeak ere badiren,
eta humorez belzturiko lurra halaber. Gure oroitzapena
lurrin latza dugu, erraiak agerian dituen
lurrak neguari hondotik ematen dion hatsaren
goxotasun apurra. Itzaliak dira lurrinak oro
ilunpeetan barrena, eta haizea baino ez da heltzen hirira.
Itzuliko gara gaur gauean lotan datzan andrearengana,
hatz izoztuz haren gorputza bilatzera,
eta epeltasun batek goxatuko digu odola, humorez belzturik den
lurraren epeltasunak: bizitzaren arnasaldia.
Hura ere epeldu egin da eguzkitan eta bere biluztasunean
azaleratzen da bizitza goxoagoa,
egunarekin desagertzen doana, eta lurraren zaporea duena.