Gibel solasa (Ana Galarraga)
Egiaztatzailearenak
Hastapeneko egiak
Nik, Ana Galarraga Aiestaranek, egiaztatzen dut Lutxo Egiaren Haren da nire lanean egiaztatzaile-rola jokatu nuela, eta, hortaz, hark idatzitako kontakizunean A.G. inizialekin agertzen den hori bera naizela.
Egiaztatzen dut castinga egitera joan nintzenean ez nuela inolako asmorik rol hori nire gain hartzeko. Izatez, Lutxoren eta bion laguna den Galder Perezek gonbidatuta joan nintzen, jakin-minez eta jolasteko gogoz. Asko gozatu nuen castingean; laneko elkarrizketetan bezala, Lutxok behar zuenerako pertsona aproposa ote nintzen baloratzeko galderak egin zizkidan. Laneko elkarrizketetan ez bezala, galderak oso interesgarriak ziren, kitzikagarriak. Eta, gainera, ez nuen ezer jokoan.
Ustekabean, egiaztatzaile izateko gonbidapena jaso nuen handik egun batzuetara. Ez dakit horrek Lutxoren abiapuntuko hipotesia berretsi ala ezeztatzen duen, alegia, ez ditugula gure bizitzak bizitzen. Agian zuzen dabil: agian ez zegokidan egiaztatzailearen bizitza bizitzea; baina, literaturak behartuta, neure egin nuen egiaztatzailearen rola. Edo haiek egin ninduten euren. Nor dira haiek, ordea? Nor da “literatura”? Harkaitz Cano? Orduan ez nekien aferarekin zerikusia zuenik... Lutxo? Castingaren protagonista nagusia ez ezik, zuzendaria ere bera zen. Ala Galder, akaso? Azken finean, hark bultzatuta hartu nuen parte.
Horrek baino zer pentsatu handiagoa eman zidan, hala ere, kontu honek: zer dela eta behar du egiaztatzaile bat abizenean bertan egia daramanak?
Oxtul Aigé ezagututakoan jakin nuen erantzuna: Oxtulen bizitza egiaztatu behar nuen, ez Lutxorena.
Hori, ordea, geroago izan zen. Artean, ez nuen imajinatzen zenbaterainoko barbaridadea zen Bagdad.
Egia kuantikoak
Oraindik ezin dut egiaztatu Bartzelona Bagdad ote den. Orduko hartan, Serengetiren antza hartu zion Oxtulek, turisten saldoek ńuek beren migrazioan bezala zapaltzen baitzuten parean harrapatzen zuten guztia. Gu barne.
Eskerrak bertako fauna ezagutzeko aukera izan genuen. Inork ez gintuen susmagarritzat jo; naturaltasun osoz hartu gintuzten denek. Horrenbestez, beste behin ere, fikzioa egia bezain sinesgarria dela egiaztatu nuen.
Egiaztatu nuen, halaber, behatzaile hutsa izatea askatzailea dela. Ezinbestean Oxtul Aigéren itzala izan behar nuen, eta, beraz, ardura guztia berea zen. Ala gidoilariarena zen ardura? Edonola ere, Luhusoko egiaztatzaileei gertatu zitzaien bezala, nik ere susmatzen nuen ekintzailearen konplizetzat hartuko nindutela. Zein da distantzia egokia? Ekintzailetik dena jasotzeko bezain gertu eta harekin ez nahasteko bezain urrun egon behar nuen. Ekilibrista ere bada egiaztatzailea, beraz.
Hori baino lehenago, baina, behatzaile fina izatea da egiaztatzaile on baten lehen bertutea. Eta hemen dator koxka: fisika kuantikoaren legeetako baten arabera, esperimentuen emaitzek behatzailearen aukeraketarekiko menpetasuna dute. Era berean, edozein magnitude neurtzean, behatzailearekiko elkarrekintzaren eraginak neurketa aldarazten du. Eragin hori saihetsezina da. Horrenbestez, behatzaileak parte hartzen du esperimentuan; ezinezkoa da fenomenoa behatzen ez denean gertatzen denari buruzko hipotesirik egitea. Izan ote zuen hori kontuan Canok? Oxtulek egiaztatu zuen hori horrela dela.
Fisika kuantikoan agintzen duen beste lege bat Heisenbergen ziurgabetasunaren printzipioa da. Bai, kutxa barruan dagoen katuarena: kutxa zabaldu arte, ez dakizu katua hilik ala bizirik dagoen. Fisika kuantikoak badu erantzuna, ordea: kutxa itxita dagoen bitartean, katua hilda eta bizirik dago, aldi berean. Gauza bera gertatu zen Irenekin: Irene, aldi berean, Bartzelonan zegoen eta ez zegoen, haren bila genbiltzan bitartean. Eta agertu zenean, Oxtul zen.
Fisika kuantikoak esplikatzen ditu fisika klasikoak azaldu ezin dituen fenomenoak.
Buztinezko egiak
Fisika makulu ona da egiantza emateko egiaztatzailearen kontakizunari. Izan ere, jakina da memoriak ez duela egia bere horretan gordetzen. Egia ez baita altzairu herdoilgaitzezkoa, buztinezkoa baizik, eta, denborarekin, moldatzen, mutatzen, eraldatzen joaten da, egia berriak sortzeko.
Horregatik, Lutxo Egiaren memoriak eta egiaztatzailearenak ez dute zertan bat etorri; eta horrek ez du esan nahi ez direnik egiazkoak. Aitzitik: egiaztatzen dut Lutxo Egiak adierazitako guztia egia dela.
Eta honela jasota gera dadin eta behar den lekuan dagozkion ondorioak izan ditzan, sinatzen dut,
Zarautzen, 2024ko irailaren 1ean