Sar hitza
ehaze
Lutxo Egia sortzaile eta kultur aktibista geldiezinaren zenbait testu eszeniko biltzen dira ganbila bildumako liburu honetan. Poesiarekin ezagutu genuen idazlea, 90eko hamarkadaren bukaeran, Kalezuloko animalien itzalak liburuarekin (Pamiela, 1999). Haurrentzako poemak bildu zituen, eta gerora bere letren unibertsoan ezinbesteko izango diren absurdoa, umorea eta kritika sozialarekin jolastu zen. Ondoren lau narrazio liburu argitaratu zituen. Eskuartean duzun hau bere antzerkia biltzen duen aurreneko bilduma da. Irakurleak liburu honetan hiru antzerki testu aurkituko ditu, eta baita Haren da nire performancearen bitakora kaiera ere.
2016an Identitarteak izan zen ezagutzera eman zuen lehenengo antzezlana eta bilduma honetako testuetako bat da ezinbestean. Identitateen gaineko hausnarketa zoroa egiten du Egiak lan honetan, momentu hartan hori baitzen bere obsesio eta inbestigazio gai nagusia. Urtebete lehenago, 2015ean, identitatearen gaineko performancea aurrera eramana zuen: Bi-lingual: Transitoak. Orduan aitortzen zuen, muturreko afasia artistiko batek eraginda, bere hizkuntzetako bat galtzea aspaldiko gogoa zuela. Eta horrela, hilabetez, gaztelania ahaztu zuen, eta euskara hutsez bizi izan zen Bilbon. 2017an burutuko zuen bere bigarren performance ausarta: Haren da nire eta, esan bezala, liburu honetan jasotzen da sormen artistiko eta sozial horren esperientzia. Liburua osatzen duten beste bi antzezlanak, azken urteetan idatzitako testu bi dira: 2021eko Free tour eta 2022ko Hamalau.
Aipatu ditugu umorea, absurdoa eta kritika soziala, Lutxoren antzezlanetako konstanteak. Eta surrealismotik ere badu asko. Tarteka Lutxoren testu batek kafea edatera eramaten zaitu, aurreko mendeko Pariseko tertulia filosofiko batean, eta beste momentu batzuetan, after party batean murgiltzen zaitu, edozein motatako psikotropikoak hartuta. Notarioak, orriotan aurkituko duzun Lutxoren lehenengo pertsonaiak, esaten du idazleek beti estimatu izan dituztela barbiturikoak. Baina aurrera eginda aurkituko duzun ironia piluletako bat baino ez da hori. Izan ere, antzerki testu hauek ez dute, antsiolitikoek bezala, erlaxatzera bultzatuko eta, are gutxiago oraindik, logura eragin. Lutxok, gure Ovidio balitz bezala, esnatze baterako oihu kantaria egiten du bere lanetan. Erromatar idazleak Metamorfosiak lan gorenean, jainkoen, animalien eta izaki bizigabeen eraldaketak agertu zituen, transformazio etengabean. Eta Lutxoren testuak, hain zuen ere, transformazioan dauden gaien edota pertsonaien inguruan ari dira beti, inor jainkotu barik, denok animalia basati bihurtuz eta izaki bizidunaren gurpilean bueltaka etengabean. Barbituriko barik, trans-botika asko errezetatzen du orriotan Egia doktoreak.
Hamalau antzezlanarekin bigarren aldiz jaso zuen Lutxok Café Bar Bilbao antzerki saria. Mikel Martinezek taularatutako antzezlan honetan notario bat agertzen da hamalaugarren solairu bateko terrazan. Ezinegonean galduta, berba jario eta ideietan korapilatuta, suizidio bat egiaztatu beharko du, baina suizida gehiegi berandutzen ari da. Bizitza eta heriotzaren arteko zubi horretan erreferentzia mordo batez jositako bakarrizketa proposatzen du egileak, irakurlea bera amildegiaren ertzean umorez jarri arte. Free tour antzezlana ere bakarrizketa da, gure hirietan gero eta ugariagoak diren turistentzako free tour bat aitzakia hartuta. Horrela, gure hirien eredu eta etorkizun tamalgarriaz, turismoaren mesedetan gure identitateak hondoratzeaz eta turistifikazioak ekar ditzakeen ondorio latzez ari da. Alde bietan jartzen gaitu, gainera; norberaren herrian nor ez da turismoarekin eskandalizatzen, alajaina. Baina kanpora, turista izatera goazenean, nork ez du edonora joan nahi monumentuak bisitatzera eta bertako ustezko jakiak irenstera, ilara etengabeak eginda bada ere? Arestian aipatutako Identitarteak antzezlanarekin lehenengoz jaso zuen Café Bar Bilbao saria. Antzezlan hau ez da bakarrizketa: bi pertsonaia xelebre jartzen ditu taula gainean, jolasean, hausnarrean, elkarren arteko desafioan, gure identitateak eraiki eta deseraikitzeko saiakera amaigabe batean. Ikuskizun hau Gilkitxaro taldeak eramana du taula gainera Ane Zabala, Galder Perez eta Aitor Garcia de Vicuña Gartxitoren eskutik. Orriotan aurkituko duzuen jatorrizko testua moldatu egin zuten, jolasak berak, antzerki performancearen sorkuntzak berak eskatu bezala.
Lutxo Egiak sortutako pertsonaiak momentuan gertatzen diren elkarrizketek osatzen dituzte. Baina hala ere, ezin hobekiago landutako izaki biziak eta bizidunak dira. Pertsonaia guztiek bizi dute garapena, transformazioa edo metamorfosia. Batzuetan egoeren aurreko erreakzioak bultzatuta gertatuko da, besteetan jasotako hamaika erreferentziek ematen dieten arima transfusioan eta, gehienetan, denek unean bertan bizi duten transformazio egoera indibidual zein kolektiboan ezarrita. Izan ere antzerkia momentuko akzio hori da: trans-bizipen metamorfikoa. Antzezlan guztietako elkarrizketak erritmo bizikoak dira eta zein baino zein aberatsagoak, hizkuntzan eta edukian. Egilearen idazketaren ezaugarri handietako bat, hain zuzen ere, jolas horixe da: umorezko ezusteko irteera mamitsu bezain umoretsuak.
Performancea ere jolasa da. Jolasak behar duen bezalakoa, gainera, aldez aurretik idatzitako bukaera bakoa. Hori gertatzen da liburu honetan biltzen den azken testuan, Haren da nire egitasmoaren apunteetan. Lutxok bere gorputza eta arima eskaini zizkion Harkaitz Canori, beste norbait izateko. Hasieratik planteatzen du kezka bat: ez ditugu geure bizitzak bizitzen. Edo gero eta gutxiago. Premisa hori hartuta, Lutxo aktorea baino zerbait gehiago izan zen, pertsonaia baino zerbait gehiago, idazlea baino zerbait gehiago: trantsizioan zegoen sormen objektua, sortzen zihoan izakia. Ala ez, aldi berean dena izan baitzen. Kaierean, suspense istorio batean bezala, pertsonaia baten egituratzea eta bilaketa ikusiko ditugu, idazleak egin behar izaten duen bezala, aktoreari gertatzen zaion bezala, pertsonoi gertatu ohi zaigun bezala. Bilaketa horretan goaz denok, dena transformatzen doan bitartean.
Funtsean, liburu honetan biltzen direnak Lutxo Egiaren trans-obsesio unibertso ederraren parte bat baino ez dira, jolasean, performancean, trantsizioan, kritikan eta umorean oinarrituta beti. Baina orriotatik kanpo ere edozein unetan sortzen jarraitzen du. Arte eszenikoetan, esaterako, Transilbania kabaret efimeroa zuzendu ohi du Bilboko Bira Kulturgunean. Bere sormen guztietan, behar bezala transformatzen ez dakien jendarte horri ezinbesteko begirada ematen dio idazleak, eta euskarazko antzerkian merezitako lekua egin du Lutxo Egiak.