Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Bosgarren eguna

 

 

Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua

bosgarren egunerako argibideak

Harkaitz Canok bidalia

 

      Irene azaldu ez bada, bere erretratuaren fotokopiak ipini Ravalen nire telefono zenbakiarekin. Ea inork deitzen duen.

      Tàpiesen museoa bisitatu eta galtzerdiei buruzko poema bat idatzi. Il Giardinetton afaldu, idazleren bat ikusteko esperantzan.

      Ezezkoak ematea debekatuta dago gaur.

 

 

Bosgarren eguna:
non udako igandeak ez diren igande

(uztailak 16, igandea)

 

      Goiz-goizetik ezezagun baten WhatsApp mezuak bidean jarri nau atzera ere:. Sóc la Núria, amiga d’en Josep Ribalta. En sé alguna cosa de l’Irene Contina. Si vols, ens podem allotjar a La Bohèmia, l’antiga fàbrica de cervesa Damn. Rosselló 515. A les 11:30. (Nuria naiz, Josep Ribaltaren laguna. Badut Irene Continaren berri. Gura baduzu, La Bohemian gera gaitezke, Damm garagardoen lantegi zaharrean. Rosselló 515. 11:30ean). Eta mezuarekin batera, emakume baten argazkia.

      A.G.ri erakutsi diot mezua.

      “Josepen lagun batena da. Irene Contina existitzen da!”.

      “Qué barbaridad, Bagdad!”.

      Nola esan ezetz, diario antizipatuak agintzen duenez, gaur debekaturik dago ezezkoak ematea.

      11:15ean heldu gara Roselló kaleko 515 zenbakira. Nuria, aldiz, ez da agertu. Ez diot misterio-kutsurik aitortu nahi merezi ez duen pasarte honi. 12:30ak arte egon gara zain A.G. eta biok. Ni neu artega. Denbora horretan hainbat bider deitu diot telefonoz eta mezu batzuk ere bidali dizkiot. A.G. uneoro saiatu da ni lasaitzen eta eskertzen diot. Baina, sakonean, hari bost Nuria agertzen den edo ez. Berdin apuntatzen du: Nuria izeneko emakumea agertu da. Nuria izeneko emakumea ez da agertu. Egiaztatzaileak, dena den, egia aitortzera, sentimenduak ditu, eta esango nuke bost egun hauetan nolabaiteko lotura ravaleroa sortu dela bion artean. Baina bere egitekoari bagagozkio, bost axola. Nuria izeneko emakumea ez da agertu, apuntatu du bere kaierean.

      Seko nahasita gelditu naiz. Zer dela-eta ez ote da Nuria azaldu? Josepek (gero eta argiago dut Canoren ezaguna ere badela) aginduta? Ala imajinatu ezin dezakedan zerbait gertatu zaio azken momentuan?

      Batek daki, baina Nuriaren mezurik jaso arte, ezingo dut deus jakin. Josepi ere deitu diot, baina hark ere ez du hartu.

      Canoren argibideak (Oxtulenak, neureak) ekarri ditut gogora: Irene azaldu ez bada, bere erretratuaren fotokopiak ipini Ravalen nire telefono zenbakiarekin. Ea inork deitzen duen. Baina ze erretratu jarri behar dut, Bartzelonara etorri aurretik Canok bidalitakoa ala Nuriak bidalitakoa? Bietan ageri dena pertsona bera da, ez dago zalantzarik. Eta horrek adierazi nahi du Canok eta Nuriak (Josep Ribalta, agian) elkar ezagutzen dutela eta menturaz elkar hartuta daudela. Eta hori ez bada, esan nahi du behintzat Irene Contina existitzen dela. Baina, noski, biak ere izan litezke: existitzea eta besteak elkar hartuta egotea.

      Gertatutakoaren ondoren, ez dut gogorik izan Irene Contina bilatzen jarraitzeko. Hala ere, afixa batzuk jarri ditut Ravalen:

 

L’Irene Contina.

Desapareguda des del 13 de juliol.

Si algú l’ha vista, que truqui al XXX XX XX XX,

si us plau. Moltes gràcies.

 

      Ondoren, Tàpies museora abiatu gara. Kurioski, hura ere badago eraikin industrial zahar batean, Montaner y Simón argitaletxe zenarenean hain zuzen. Izugarri aspertu gara eta Coral ostatura itzuli gara berehala lo-kuluxka bat egiten.

      Uste nezakeenaren kontra, zeharo indarberriturik itzarri naiz, Babilonia inbaditzeko eta menperatzeko prest.

      “A.G.: esnatu, maitea, performance bat barik, bi gauzatu behar ditugu gaur”.

      Txilaba eta maskara surrealista jantzi, mezu berria dakarren kartelaz kalera jaitsi eta luxuzko hiribidea den Gràciako Pasealekura barneratu gara.

 

LA MODA US FARÀ LLIURES

Fashion will set you free

 

      Banan-banan kaleko megadenda guztietara sartu gara. Aldarrikatzailea bezain dibertigarria izan da. Guztietan gonbidatu naute sartu naizen tokitik irteteko, Barçakoan izan ezik. Barça futbol taldeko denda ofizialean, zuzenean, seguritate-agente jatorrak ez dit sartzen utzi. Alferrik azaldu diot Messi modatik harago doan egitate bat dela. Gora begiratzeko eskatu eta, ez hotz eta ez motz, “see you soon, Barça més que un club da” argitu dit. Bilbao Berrian, aldiz, menturaz frogatzen baitu Bilbo aspaldi desagertu zela Babilonia bilakatu den Bartzelona hau izateko, pintxo frankiziatu bat oparitu didate.

      Txilaba, maskara eta afixa atzera ere Caliren pentsioko gelan laga ostean, galtzerdien gaineko poema performatiboa idaztera joan gara. Performatiboa hamaika lagunek osatu dutelako eta, ondoren, parke batean eskegi baititugu hala galtzerdiak nola poema.

      (Ezin dezaket poema lerrootara ekarri, inprobisaturiko esekitokian geratu baitzaigu).

      Gauak ezaxola hartu gaitu parkean. Ez dugu beraz astirik izan Il Giardinetto-n erreserbatzeko eta afaltzeko. Hori ere geroratu behar izan dut, Continaren bilaketa bezala. Ez dut, baina, ezezko baten gisa hartu. Ulertu dut ezezkoak testuaren kanpokoak direla. Eta, nik dakidala, ez diot ezetzik esan inori. Zaratik eta antzeko dendetatik kanporatua izan naizenean ere, ez dut aurka egin. Nahita ere ezingo nukeen, Canoren argibide zehatzei jarraiki.

      Madame Jasminen amaitu dugu, mixerableon Il Giardinetto Ravalekoan. Italiar erako jatetxeaz jakite aldera, murgila egin dut Interneten. Istantean ulertu diot Canori idazleen Checkpoint Charlie moduko bat dela. Baina ez bakarrik idazleena, kulturazaleena oro har baizik. Itxura batean, Martínez de Pisón, Rosa Verge´s, Òscar Dalmau, Isabel Coixet edo David Trueba bildu ohi dira dastatzen María Levík, Ricardo Bofill arkitektoaren amak, famarazi zituen fettuccine al doppio burro. Eta ulertu dut, baita ere, Cano ere (Canni italieraz) badela fettuccinezale amorratua.

      Madame Jasminen ez dugu ezagunik ikusi. Antoni Tàpiesen museoan bezain aspertuta, berehala bildu gara pentsiora. Udako igandeak ez dira igande izaten Babilonia turistifikatuan, baina guretzat gaur igandea da.