Zazpigarren eguna
Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua
zazpigarren egunerako argibideak
Harkaitz Canok bidalia
Apaltasunaren Nazioarteko Eguna. Kalean barrena lurrera begira ibiltzen saiatu goizean goizetik. Ondorioak apuntatu. Merezi lezakeen zerbaiti argazkiak atera. Eguerditik aurrera burua apurka-apurka altxatu eta zerura begiratzen hasi. Abiadura posturalari buruzko ikerketa. Nire bertikalitatea gainditu. Zentimetro bat hazi. Altuago izan.
Zazpigarren eguna:
non azkenean
fettuccine al doppio burro dastatu ditugun
(uztailak 18, asteartea)
Jainkoak (ez bada, bederen, hil) badaki ahalegintzen naizela Canoren diario antizipatuari kasu egiten eta biziarazten.
Oxtul Aigé naiz eta ez naiz.
Izan naiteke, esandakoa betetzen badut. Agian banaiz jada baina izateari utz niezaioke diario antizipatu honetan idatzi dudana betetzen (ez) badut.
Diario antizipatuari (ez) jarraitzeak egiten nau Oxtul. Baina ez da beti erraza izaten (ez) betetzea. Gaurko argibideak, kasu: zer adierazi nahi dit Canok?
Txilabari lotu eta kalera abiatu naiz kartel berri batekin:
DIA UNIVERSAL DE LA HUMILITAT
International Be Humble Day
Hitzik gabeko performancea izan da, aspergarria itxura batean egiaztatzailearentzat. Itxura batean. Goizeko orduak aurrera joan ahala, nire bertikalitatea gainditu dut, zentimetro bat hazi naiz eta altuago izan naiz. Eta ni neu ez ezik, A.G. bera horren lekuko harritua izan da. Eta apuntatu egin ditu, neronek deus esan gabe, Canok niri esandako hitz berdinak: “Oxtulek bere bertikalitatea gainditu du. Zentimetro bat hazi da. Altuago da”.
Zer esan nahi du horrek? Une batez pentsatu dut A.G.k eta biok bat egin dugula espiritualtasunaren ezkutuko ertz batean, horrenbeste arduraz hartu duela egiaztatze-lana non gai den nirekin bat egiteko eta buruan ditudan hitzak bere egiteko.
Geroago, noski, pentsatu dut horiek tontakeriak baino ez direla, eta hitz haiek idatzi izanak esan nahi duela badakiela zeintzuk diren Canok emandako argibideak, eta harekin elkar hartuta egon dela hasieratik bertatik. Hau da, A.G.ren lehen hanka-sartzea izan da. Baina, era berean, ez da, egiaztatzen ari baita nire errealitate oxtuliano hau. Kalean hasi garelarik, oso ttiki sentitu naiz. Esango nuke abiatu naizela Fermin Muguruzari eta Anna Palindromoari ihes egin nien une tamalgarritik eta lotsagarritik. Maila tamalgarriagorik eta lotsagarriagorik ez baitago. Eta hortik abiatu naiz, buru-behe, oinei begira. Orduak eman ditut horrela, umilik eta apalik. Baina poliki-poliki, ezin azalduzko indar batez, joan naiz goratzen eta hasi natzaio zeruari begiratzen. Nekez azal nezake zer gertatu den. Beharbada, hainbeste ispilutan argazkiak egin ondoren, umildadean aurkitu dut neure burua. Eta beste behin ere flipatu dut Canoren orkestrako zuzendari-batutarekin. Nola jakin zezakeen haren beharrean nengoela neure burua topatzeko?
Gaur apenas hitz egin dudan. Eta, beraz, apenas entzun diodan A.G.ri. Bakar-bakarrik Il Giardinetton afaldu dugunean hitz egin dugu apur batean. Baina ez luze. Gaur isilak biziarazi gaitu.
Il Giardinettora heldu garenean, pentsatu dut Cano topatuko genuela mahai batean, diario antizipatuak iradokitzen baitzuen agian idazle bat topatuko genuela. Keinu literario ederra izango zatekeen. Baina, zorionez edo zoritxarrez, Cano ez da inon ageri. Irene Contina ere (Canoren eta Nuriaren argazkien Irene Contina hori) ez dugu ikusi (bide batez, gaur ez naiz saiatu Nuriarekin hitz egiten, horren egun isila izanik). Baina Ricardo Bofill arkitektoaren amak famarazi zituen fettuccine al doppio burro jaten ari ginelarik, emakume bat hurbildu da gure mahaira eta esan du:
“Gabon. Sophie Calle naiz”.
“Sophie Calle? Enrique Vila-Matas idazlearen Porque ella no lo pidió kontakizuneko Sophie Calleren kopia bat?
“Ez, Sophie Calle bera”.
“Bai, zera!”, matxinatu egin naiz. “Nor zara? Canok bidalitako Sophie Calle gezurrezko bat? Irene Contina? Nuria?”.
“Barkatu”, desenkusatu da, “okerreko mahaira etorri naiz, barkatu”.
Eta joan egin da. Canoren txantxa bat izan bada, ez du batere graziarik, esan dut neure baitan. Edo bai, zeren eta Vila-Matas bera hizpidera ekarriz, berdin da Sophie Calle faltsu canotar horren hitzak zentzuzkoak ez izatea, artea ez baita zentzuzkoa, inoiz ez da zentzuzkoa izan. Izatekotan, zentzu on ororen kontrako lehergailua da artea, seny katalan ororen kontrakoa, eta xendra berrietan aitzinatzeko ahalegin desesperatua. Eta ez ote diren Bartzelonia turistifikatu hau eta, bereziki, Il Giardinetto spaghetti western hau espazio naturalak mediokritatearen aurkako bideetan barna aitzina egiteko eta, bide batez, norbere burua aurkitzeko.