Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Hamargarren eguna

 

 

Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua

hamargarren egunerako argibideak

Harkaitz Canok bidalia

 

      Irene Continaren jantziekin txorimalo bat egin ohean: hari argazki bat atera. Apropos erositako maleta edo zaku batean Ireneren txorimaloa gorde. Bilborako trena hartu. Geltoki guztietan jaitsi argazki bana ateratzeko. Baldintza bakarra: izaki bizidunak erretratatzea.

      Oxtul Aigé ez beste izaki bizidunak.

 

 

Hamargarren eguna: non txorimalo batek
zalantzak oro uxatu dituen

(uztailak 21, ostirala)

 

      Oxtul Aigé naiz eta ez naiz.

      Izan naiteke, esandakoa betetzen badut. Agian banaiz jada baina izateari utz niezaioke diario antizipatu honetan idatzi dudana betetzen (ez) badut.

      Nire burua autoen atze-ispiluetan islatuta baino ez dut ezagutzen. Horrelaxe baino ezin ezagut dezaket/nazaket.

      Pentsio merke batean ostatatu naiz, baina ez Sants-etik hurbil. Ravalera etorri behar izan dugu.

      Eta egunotan harreman polita egin dugu Calirekin. Horren polita non gaur goizean begi-keinu batez aitortu digun Oxtul Aigé ez dela oharra jasotzera azaldu.

      “Eskerrik asko, Evelio”, erantzun diot serio. Irudipena izan dut Cali, tamalez, gure harreman politetik eta lanpostuak galdegiten dion seriotasunetik harago joan dela. Ezin onartuzkoa iruditu zait keinuak zekarren konplizitate-nahia, adierazi nahi izan balit bezala badakiela Oxtul Aigé ez dela existitzen, asmazioa dela, idazle jolasti batena kasu, Cano deitutako idazle batena adibidez. Baina zer daki Calik?

      Neu bainaiz eta ez bainaiz Oxtul Aigé. Atzekoz aurrera idatzita, Lutxo Egia.

      Izan bainaiteke, esandakoa betetzen badut.

      Txorimalo bat egin dut ohean Irene Continaren jantziekin eta automatikoki elementu artistiko bilakatu diren beste osagai batzuekin, hala nola sudurra den azenario batekin (azenario edo pastanagre, izugarri gustatzen zait pastanagre hitza).

      Ulertu dut betiko agurra dela. Hemendik aurrera, seguruen, haren gomuta bakarrik geldituko zait.

      Zabalik utzi dugu gelako atea irtetean. Evelio aka Cali besarkatu dugu, barkatu egin diot larregizko konfiantza.

      Eta Sants geltokira abiatu gara.

      Bilborako trena abiatzear dago. Geltoki guztietan jaitsiko naiz argazki bana ateratzeko ni ez beste izaki bizidunei.