HAMALAU
“Café Bar Bilbao” Teatro Laburreko saria 2022.
Hamalau Mikel Martinezek eszenaratuta estreinatu zen 2023ko otsailaren 16an, Lautan Hiru antzerki jaialdian, Café Bar Bilbaon.
Gizon bat (notarioa) ahapeka abesten ari da eraikin bateko terrazan. Astiro dabil alde batetik bestera.
notarioa: Ba ote du suizidioak berezko musikarik? Ze soinu? Ze melodia?
Terrazaren erdian gelditu eta beherantz begiratzen du.
notarioa: Ene!!! Hau da hau altuera! Barrenak mugiarazten ez dizkizu, ba!!!Tira, niri bost. Zorionez, beste baten suizidioa egiaztatzera etorri naiz. Horrexetara bakarrik. Ez da notario batentzat ohiko lana, baina nire bezeroa ez da inondik ere bezero arrunta...
Pentsakor geratzen da une batez.
notarioa: Jon deituko diot bezeroari, Jon Mirande idazle suizidaren omenez..., nahiz eta hark barbiturikoak hartu. Alejandra Pizarnik-ek ere hartu zituen barbiturikoak, berrogeita hamar pilula, eta Cesare Pavesek, eta Stefan Zweig-ek ere. Idazleek beti estimatu izan dituzte barbiturikoak. Bueno, eta Marilyn Monroek ere bai. Baina, aldiz, altuera honetatik salto egitea..., ez dakit...
Behera begiratzen du berriro.
notarioa: Hamalaugarren pisua! Berdin-berdin aukera zezakeen, diot nik, hirugarrena. Hirugarrenetik salto egiten baduzu, agur. Bestela, laugarrena. Laugarrenetik hil egiten zara seguru. Baina Jon hamalaugarrenarekin tematu da. Haren esanetan, historikoki oso jende gutxik aukeratu izan du eraikin bateko balkoia. Gilles Deleuze filosofoak zazpigarrenetik egin zuen. Orduan, Jonek harena bider bi: hamalau.
Berriz ere hasten da ibiltzen eta astia hartzen du bere buruari erantzun baino lehen.
notarioa: Baina, baina..., nire uste apalean, gauza bat da norbere bizitzari fini ematea eta, beste bat, oso bestelakoa, garunak hona eta hara sakabanatzea. Baina, tira, azken finean, ni haren notarioa baino ez naiz. Eta bizitzaren amaitze baten testigantza ez ezik, garun-sakabanatze batena ere eman behar badut, eman egingo dut, bai horixe. Izenarekin hasi. Suizidio mota honi suizidio ingelesa deitzen baitzaio. Suizidio ingelesa, English suicide... Magaluf-suizidioa ere esaten zaio, eta hooligan-suizidioa ere bai, edo, sinpleki, balconing. Eta, bestalde, ekintza bera ere badago. Jonek kalkulu matematikoa egina du (atzamarrez ekuazio bat marrazten du airean). Ekuazioan honakoak sartzen dira: haizearen indarra eta norabidea, altitudea, suizidaren pisua eta jauziaren estiloa.
Erdira doa eta azpimarkatu egiten du atzamarrez lagunduz.
notarioa: Adibidez, suizida: 65 kilogramo + klabado inbertsoa (holandarraren jauzia ere deitua) + seigarren solairua + 30 kilometro orduko hego-mendebaldetik... ostia ederra!
Ibili dabil pixka batean pentsamenduari une bat eskaintzeko eta atzera ere bueltatzen da erdira.
notarioa: Suizida: 125 kilogramo + hamaika tirabuzoi kontrol gabe + hamabigarren solairua + 90 kilometro orduko ipar garbia... garunak lau haizetara!!!
Beste etenaldi bat egiten du terrazan barrena erdira itzuli baino lehen.
notarioa: Edo aurrekoaren aldagai bat: hamaika tirabuzoi kontrol gabe eta ahuntza kanpandorretik estilo garbian... Edo ahuntza menditik behera kolpeka estiloan... Edo bonba Algortako portuan estilo jai-girokoan... Edo plantxazo mitikoan eta plof...! Edo...
Atzera ere ibili terrazatik.
notarioa: Jonen koordenadak: 82 kilo, klabadoa oinekin —alegia, klabado klasikoa— eta hamalaugarren solairua. Ekuazioan haizeak bakarrik eragin dezake. Baina gaur ez da haizerik. Hemen dena dago bare. Red Bull-eko klabadista profesional batek zubi batetik nola, halaxe aukera gaur hark. Eta, ondo pentsaturik, zubi bat ere aukera zezakeen. Uretara amildu, Paul Celanen gisa Sena ibaian. Izan ere, hiri orok bere zubi fetitxe eta derrigorrezkoa du.
Harat-honat hasten da eta erlojua begiratzen du.
notarioa: Ordua da kasik. Heltzear dago Jon. Eta hemen prest dago dena: terraza baldintza ezin hobean, saltoan laguntzeko banketa eroso askoa, kronometroa... Casio HW 80FG. Behin ere ez dit hutsik egin, japoniar egiazkoa... Beste ezer...?
Batera eta bestera begiratzen du. Amildegirantz daramatza buru-begiak.
notarioa: ...Eta azken orduan bertigorik ez sentitzea, jakina. Eta ongi hausnartuta etortzea. Hori ere bai. Ze afera inportantea baita. Afera da..., afera zera da... (Frantses kaskarrean) Il n’y a qu’un problème philosophique vraiment sérieux: c’est le suicide.
Errepikatu egiten du astiroago, hitzak azpimarratzen, aurrekoan bezain kaskar.
notarioa: Il n’y a qu’un problème philosophique vraiment sérieux: c’est le suicide. Egiazki afera filosofiko serio bakarra dago: suizidioa. Albert Camus filosofoak esandakoa: suizidioa da afera filosofiko serio bakarra. Filosofiaren galderarik behinena da aztertzea bizitzea merezi duen ala ez. Camus. Filosofiaren auzia.
Isilunea.
notarioa: Latza, ezta? Latza! Camus bezalako filosofo batek hori esaten dizunean, zeure buruaz beste egiteko kristoren gogoa sartzen zaizu, baina kristoren gogoa. Filosofia axola bazaizu, behintzat. Kristoren gogoa!
Terrazako izkina batera mugitzen da.
notarioa: Eta diot nik: heldu ote dakioke suizidioari, filosofiak dakarren afera serio bakarrari, muinera jo gabe, alegia, suizidatu gabe? Zeren eta Camus ez baitzen suizidatu. Eta suizidioaren gaineko filosofia sortu duten filosofo gehienek ez dute bere buruaz beste egin. Guy Debord suizidatu egin zen, ados, eta urtebete geroago Gilles Deleuze, esan dut, zazpigarren pisutik, ados, eta beste batzuk, baina gutxi. Hori bai, Deleuzerena oso polita da, oso polita. Bere burua defenestratu zuen. Defenestrazioa. Latinez: de (nondik) + fenestra (leihoa), beraz leihotik. Erdi Aroan modan egon zen. Fenestratik saltoa egin eta defenestraturik hiltzen zinen...
Bat-batean telefono batek jotzen du, baina notarioak ez du berehala entzuten. Bere kabutan jarraitzen du.
notarioa: Eder-ederra...
Telefonoak jotzen darrai. Hamaikagarrenean hartzen du.
notarioa: Alo? [...] Egun on, Jon! Hemen naiz, terrazan. Bertotik bistak izugarriak dira, Jon, izugarriak!!! [...] Toki ezin hobea da [...] Hasieran kili-kili egiten dizu barren-barrenean baina ohitu egiten zara berehala [...] Eta eguna..., egun bikaina klabado english klasiko baterako, ez dakit zergatik esaten dioten hooligan, hau klabado gentleman argia da, London klabadoa [...] bai [...] entzuten ari naiz [...] jakina [...] jakina, jakina... [...] zer? [...] zer diostazu? [...] baina nola da posible? [...] nola gaur ez zarela suizidatuko? [...] dena dago prest: terraza, kronometroa, banketa... [...] baina... [...] orduan, noiz? [...] nola ez gaur ez bihar ez inoiz? [...] nola hobeto pentsatu duzula? [...] baina dena dago prest, ordea... [...] den-dena, altitudea, haizearen indarra... [...] bai, bai... ari naiz entzuten, baina, bai, hitz egiten uzten dizut [...] nola hamaika arazo dituzula konpontzeko? [...] bai, ulertzen dut, baina... [...] baina ez al da suizidioa arazo guztiak kolpe bakarrean konpontzeko...? [...] bai [...] jakina [...] eta zer gertatzen da Gilles Deleuzerekin? [...] Nola nor? Gilles... [...] eta defenestrazioaren berpiztea? William Wallaceren filmean bezala [...] bai [...] bai [...] Eta jada ez duzu Internazional Suizidista fundatu behar? [...] Nola hain zuzen ere...? [...] bai, baina, orduan... [...] barkatu... [...] ados [...] ez, ez nago kezkaturik diruarekin [...] bai [...] dakort [...] agur [...] zeuk ere egun ederra pasa...
Aurrera darama begirada galdua.
notarioa: Tira... (gorde egiten du telefonoa). Hobeto pentsatu duela, dio. Hamaika arazo dituela... Hemen, ordea, dena dago prest: hamalaugarren solairua, haizea —kilometro bat orduko—, banketa, kronometroa...
Harat-honat hasten da amorraturik.
notarioa: Hau aukera galdua!
Bigarren buelta.
notarioa: Hau tamala!
Hirugarren buelta eta erdian gelditzen da.
notarioa: Hau zaputza! Salto egiteko gogoa ematen du. Honelaxe: abiada hartu eta salto!!! Inbertso bat tirabuzoi bikoitzaz! Inbertso bat tirabuzoi bikoitzaz!!!!
Baretuago baina poliki goraka.
notarioa: “Internazional Suizidista” zioen, “Internazional Suizidista fundatuko dut”. Eta zin egin dit oraindik eusten diola asmoari, baina orain garbi du horretarako bizirik egon behar duela, bizirik egon behar duela suizidioaren pedagogia egiteko eta haren dimentsio soziala berreskuratzeko eta transmititzeko.
Orain, guztiz bareturik.
notarioa: Ze suizidioa egintza intimoa baita, baina, paradoxikoa badirudi ere, aldi berean ezagutarazia, partekatua, testigatua... soziala! Eta hor sartzen gara notariook. Baina ikuskizunik gabe. Zeren eta gaur egun, aro digital honetan, tamalez, suizidioa ikuskizuna ere bai baita. Webcam bat ezarri eta zuzenean konpartitzen duzu Instagramen nartzisismo ariketa deitoragarri batean. Eta joera hori poliki zabaltzen ari da, bai, “neure buruaz beste egiten dut maitemindurik nagoelako neure buruarekin”. Nartzisismo hutsa. Lehengo batean, tipo bat suizidatu zen zuzenean sare sozialetan eta, aurretiaz ez zekienez zenbat like lortuko zituen, programatuta utzi zituen hamaika mezu gu geu nartziso hura hil ostean ere jasatera kondenatzen.
Gogoetan.
notarioa: Suizidioa beste gauza bat da. Nola esan? Barne-dilema da, barne-galdera bati emandako barne-erantzuna, barne-bulkada... Barne... “Barne” jartzen baduzue, kasik edozer etor daiteke gero: barne-liturgia, barne-olgeta... baina beti aurretik “barne”... Eta, bestalde... bestalde, jakinarazia, partekatua, errelatatua..., baina ez mundu digitalean, errealean soilik. Eta horri suizidio klasikoa deitzen zaio. Suizidio klasikoa.
Pentsatzen geratzen da.
notarioa: Adibidez, suizidio klasiko petoa: Virginia Woolf. Poltsikoetan harriak sartzen ditu eta Ouse ibaian amiltzen da. Suizidio klasiko de manual: barne-esperientzia sozializatu bat. Suizidio klasiko urtarra, zehatzago suizidio klasiko ibaitarra. Beste suizidio klasiko urtar bat: suizidio klasiko itsastarra. Adibidez, Angel Ganivet idazle espainolaren suizidioa. Ganiveten suizidioa itsastarra da. Ez da idazle gisa aski ezaguna, baina haren suizidioa oso polita da, potxolada bat. Ipar Itsasoan burutu zuen. Rigako portutik salto egin zuen. Zoritxarrez, baina, itsasontzi batek jaso eta salbatu egin zuen. Baina, zorionez, itsasontzian zegoelarik, salbatzaileen despistea baliatu zuen berriro salto egiteko eta hantxe, hantxe burutu zuen. Ez da al ederra? Bada, hori itsastarra da. Egia da gehiago daudela ibaitarrak. Paul Celan, esan dut, klasiko ibaitarra. Baina Alfonsina Stornik ere klasiko itsastarra, Mar del Platan, Club Argentino de Mujeres-eko ronpeolasetik. Eta, gainera, ohar zehatza ere utzi zuen: “Itsasora bota dut neure burua”.
Bere kabutan jarraitzen du sosegaturik eta terrazan barrena ibiltzen hasten da.
notarioa: Noski, hori beste bat da: nola sozializatu suizidioa? Suizidio klasikoetan ohikoak izan dira gutunak eta oharrak. Violeta Parrak Nicanor nebari idatzi zion: “No me suicido por amor. Lo hago por el orgullo que rebalsa a los mediocres. Me cago en los discursos de despedida”. Eta tiro egin zion bere buruari. Dotorezia handiagorik!
Ibilera lasaian jarraitzen du, gaiak kateatuz.
notarioa: Tiroa bera ere bada klasikoa klasikoen artean. Eta hor ere badaude adarrak. Klasikoa eskopetaz, klasikoa errebolberrez, klasikoa automatikoz... Van Gogh, Kurt Cobain Nirvanako liderra, Ernest Hemingway, Vladimir Maiakovski... Zer diostazue Maiakovskiri buruz? Birritan irabazi zion errusiar erruletari eta hirugarrenean galdu. Ederra, ezta? Bestalde, badago beste modalitate bat, maitagarria oso, ingelesa oso, eta da suizidio klasiko shakespearetarra: Romeo, Julieta, Casio, Bruto, Ofelia, Otelo, Kleopatra... Shakespearek maite zuen suizidioa eta hamaika pertsonaia suizidarazi zituen.
Gelditu egiten da.
notarioa: Bereziki zein ederrak Romeorena eta Julietarena! Historian suizidio eder askoak egon dira. Enpedoklesek salto egin zuen Etna sumendira bat egiteko naturarekin, Demokritok gosez hiltzea erabaki zuen, Sylvia Plath labeko gasak itoarazia... zenbat edertasun kabitzen diren suizidio batean!
Amildegirantz begira.
notarioa: Hain dira ederrak ze orain eta hemen salto egiteko gogoa ematen duen!!!! Honela!!!!
Gogotsu.
notarioa: Honela! Orain eta hemen...
Bat-batean zalantzan.
notarioa: Nik... Ez, ez... Baina, bestalde... Ezta pentsatu ere!!!
Zalantzan oraindik.
notarioa: Beharbada, ez da horren zentzugabea. Egia esan, ez zait lehenago burutik pasatu baina..., gainera, hemen dena dago prest, modu horretan deus ez litzateke alferrik galduko.
Atzera egiten du ikararen ikaraz une batez.
notarioa: Ez, beroaldia izan da... Ni ez naiz halakoa... Beroaldi hutsa... Hotza naiz, kalkulatzailea, notarioa... Egiazki suizidio ederrak izan dira gizateriaren historian. Ederrak eta eredugarriak! Egia esan, denak, den-denak. Baina gauza bat da... eta beste bat... Baina, bestalde, hemen dena dago prest... Kronometroa. Banketa. Terraza eder hau. Iparrorratz mitiko hau. Altitudea. Haizearen indarra... Gaur baino haize egokiagorik nekez! Pena litzateke hau guztia ez aprobetxatzea. Gainera, froga nezake tirabuzoi bikoitzeko inbertso english hori.
Pizten berriro eta eskuez lagundurik.
notarioa: Inbertsoa tirabuzoi bikoitzaz Piccadilly Circus estiloan. Neure ukitua eman, neure ukitu artistikoa. Zeren eta suizidio ekintza artistikoa ere bada, performancea, artea, literatura ere zeharkatzen duena eta pentsamendua bera, batez ere xx. mendean Jainkoa hil ostean. Hil da Jainkoa! Hil da Jainkoa! Eta Jainkoa hilik, ez dago aitzakiarik ez kontsideratzeko suizidioa! Barra librea! Hil da Jainkoa! Barra librea! Debord, Deleuze, Walter Benjamin... Hil da Jainkoa!
Telefonoa jotzen hasten da.
notarioa: Hil da jainkoa! Suizidio libre eta gratuitoa!
Ez dio kasurik egiten.
notarioa: Hil da Jainkoa!!! Joder, telefonoa! Hil da Jainkoa... Kaka zaharra!!!
Ateratzen du mobila poltsikotik baina ez du begiratzen nor den.
notarioa: Jon izan behar da. Ez dut begiratuko. Eta esaten badit damutu dela eta suizidatu nahi duela? Orain? Berandu da, galdu duzu tren hori. Orain neu ari naiz historia egiten, ez naiz jada errelatorea, egilea naiz, protagonista.
Telefonoak jotzen jarraitzen du.
notarioa: Joder! Zer egin behar dut...? Tira, hartuko dut... Alo? Nor da? A, zu zara... (Ahapeka argitu aldera, telefonoa estaltzen) Kabezerako psikiatra da, hau beti momenturik egokienean. (Berriro telefonoz) Kaixo, zer moduz? [...] Lasai, une batez pentsatu dut bezero bat zinela, bezero astun bat. [...] Esan... [...] Nola hitzordua genuela? Ba sentitzen dut, ahaztu zait erabat. [...] Gainera... gainera... gainera, orain ezin dut... ze... ze... ze suizidatzera noa...
Mobila tapatzen du eta barre egiten du, garaipen bat ospatu beharko balu bezala.
notarioa: Bai..., hemen jarraitzen dut... [...] Nola nola bururatzen zaidan esatea psikiatra bati suizidatu behar dudala? [...] Zer esan behar dizut, ba? Esan behar dizut hamalaugarren solairu eder honetara etorri naizela hiria begiztatzera? Nahiago zenuke hori? Ez, ezta? [...] Egia beti, esan ohi duzu, mingarria den arren. [...] Bai... bai... ulertzen dut... [...] Nola neurekoi nartzisista hutsa baino ez naizela? [...] Nola ausartzen zara? [...] Nola ausartzen zara hori niri esatera, banketan zutik nagoelarik jauzi klasiko british bat egitera doan honi? [...] Hamalaugarrenetik..., hamalaugarrena, bai [...], barkatu...? [...] Nola anomaliak ditudala korteza prefrontaleko, hipokanpoko eta hipotalamoko neurotransmisio serotonergikoan? [...] Nola di-da batean konponduko didazula ajusteak egiten oxitozinan eta feniletilaminan? [...] Baina ez al dakizu suizidioa dela afera behinena? [...] Jakin ere ez dakizu zer den magalufatzea, Magaluf erako suizidioa, balconing egokitua... [...] Bai [...] Baina... [...] Nola deprimiturik nagoela? Eta zu? Nola zaude zu? Ordaindu egingo zenuke Internazional Suizidistan sartzeagatik!!! [...] Internazional Suizidistan! [...] Baina ez zara inoiz sartuko!!! [...] Eta ezin dut jarraitu zurekin denbora galtzen, ze orain denborak berak beste dimentsio bat hartu baitu [...] Agur!!! Eta ez deitu berriro!!!
Keinua egiten du mobila eraikinetik behera botatzeko, baina gelditu egiten da azken momentuan. Baretu egiten da, arnasaldia moteldu.
notarioa: Gorroto dut nagusitasun morala etengabean erakusten dizun jendea. Ez gaude Antzinako Erroman. Badakizue? Antzinako Erroman, orain 2.000 urte, ezin zen jende guztia suizidatu. Ez. Hiritarra bazinen, eskubidea zenuen zeure buruaz beste egiteko. Baina esklaboa edo soldadua bazinen, debekaturik zenuen. Eta, gaur egun, psikiatra bazara, ahal duzu; baina ez bazara psikiatra, ezin duzu, falta zaizkizulako oxitozina eta fenile-ez-dakitzer! Popatik!!!
Zentratu egiten da.
notarioa: Tira, zertan ari nintzen? A bai, neure suizidioa. A ze poza! Zein zoriontasun-aldi hau baino aproposagorik mundua boluntarioki uzteko? Dena dago prest. Altitudea... haizerik eza... 400 gramo gehiago gosaldu ondoren... inbertsoa tirabuzoi bikoitzaz hamalaugarren honetatik eta gainean, gainera, txoritoki hau, zeinari deituko diodan pleno al 15, zeren eta suizidioa suizidarentzat eternitatearen aldeko aukera hirukoitza baita, non 1, X edo 2 aukeratzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
Animaturik jarraitzen du.
notarioa: Gainera, ez al zaigu bizitza hau suizidio kolektibo bat bilakatu? Gure zibilizazioak autosuntsiketarako pilotu automatikoa jarri du martxan, non bakteriak bakarrik geratuko diren bizirik planeta osoan. Desagertzera goaz, geologoek badakite aspalditik, badakite desagertze batera kondenaturik gaudela. Orduan, bizitza zibilizazio-suizidioa den honetan, norberaren suizidioak inoiz baino zentzu handiagoa du. Ekintza kamikaze arduratsua talde-harakiri honen baitan. Ekarpen ekologiko hutsa. Eta, beraz, proposamen politiko duin bakarra.
Etenalditxoa egiten du eta pozarren segitu.
notarioa: Eta, beraz, jakinarazi beharrekoa. Errelatatu beharrekoa. Partekatu. Suizidio klasiko soziala. Soziala. Soziala... Kaka-zaharra!!!
Mobila ateratzen du poltsikotik eta zenbaki bat markatzen hasten da.
notarioa: Eskerrak!!!
Pixka batean itxaron eta norbaitek erantzun dio beste aldean.
notarioa: Nerea, egun on [...] Bai, Eneko, Eneko Azkune, notarioa, konpetentzia, kar, kar. [...] Ederto, bai..., zeu ere ondo? [...] Etxean ere denak ondo? [...] Entzun..., nola esan..., notario bat behar dut... [...] Bai, jakina badakidana notarioa naizena [...] Bai, hori da, notarioa notario bila, kar, kar [...] Ez, ez, oraintxe bertan izan behar da [...] Bai, badakit aldez aurretiko zitarekin lan egiten duzula, baina presakako kontua da [...] Mesede handi bat [...] Bai, orain [...] Bi ordu gutxienez? Ados, bi ordu barru [...] Lasai, lasai, berton kontatuko dizut [...] Ez duzu ezer ekarri behar, dena dago prest [...] Apuntatuko duzu helbidea? [...] Bai, apuntatu, mesedez: Artola 21, hamalaugarrena, B departamentua [...] Hamalaugarrena [...] Bai, igogailua dago, gero arte...
amaiera