Seigarren eguna
Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua
seigarren egunerako argibideak
Harkaitz Canok bidalia
Nire buruaren bila. Ahalik eta ispilu gehienetan nire burua erretratatu. Hotelean hasita. Galdetu ea baden Bartzelonan ispilu deformanteen galeriarik. Bisitatu eta nire burua erretratatu halakorik balitz. Halakorik ez balitz, isla deformatzaileak ehizatu. Nekatu arte. Nazkatu arte. Higatu arte. Garden bilakatu arte. Desagertu arte. Irene Contina bilakatu arte.
Gero, Esther Ferrer-en “Extrañeza, dolor, desprecio y un largo etc.”-ren nire bertsioa grabatuko dut mobilarekin.
Seigarren eguna:
non ez ote den Bartzelonia
Luhuso mediterraneo bat
(uztailak 17, astelehena)
Zer esan dezaket A.G.ri buruz?
Ram Manikkalingam. Ronnie Kasrils. Chris Maccabe. Aracelly Santana. Satish Nambiar. Fleur Ravensbergen.
Eta sei horiei buruz? Izenok ez digute deus esaten. Manikkalingamek, agian bai.
Nondik zetozen? Zergatik onartu zuten egin zuten lana? Nork eskatu zien egiteko? Nork ordaintzen zien? Norekin zuten harremana gobernu ezberdinetan? Zer zekiten egiazki? Eta, batez ere, nola egiaztatu zuten etaren behinbetiko su-etena?
Txetx Etxeberri. Mixel Berhokoirigoin. Beatrice Molle-Haran. Stephane Etxegarai. Mixel Bergougnan. Michel Tubiana.
Beste sei izen. Antzeko galderak armagabetzeaz une honetan arduratzen ari diren bakegileei buruz.
Eta A.G.z? Zer esan dezaket hari buruz?
Ez naiz fio. Ezin dezaket egiaztatu Canorekin elkar hartuta dagoen. Hori ezin da egiaztatu. Gainera, ni ez naiz egiaztatzaile bat. Baina baztertu ere, ezin da oraingoz baztertu. Performance definitiboa litzateke, adieraziko bailuke bizitza bi bizitzen ari naizela. Eta, onartu ez arren, egiaztatzailea, zinezko egiaztatzailea, neu naizela. Eta Bartzelonia turistifikatu hau Luhuso mediterraneo bat dela.
Sei egunotan A.G.k profesionaltasun ikaragarria erakutsi du. Ez dakit, baina, egiaztatzeari dagokion profesionaltasuna den edo profesionaltasun artistikoa eta performatiboa, Canori zor diona. Edozein kasutan, profesional hutsa. Behin ere ez dit galderarik egin. Gertatzen ari dena egiaztatzera mugatu da orain arte. Fermin Muguruzarekin eta Anna Palindromoarekin gertaturiko atal tamalgarrian eta lotsagarrian ere ez zen ni laguntzen saiatu. Apuntatzera mugatu zen, profesionaltasun hotz handiz gainera.
Itxura batean, ezin ditzaket egin etaren egiaztatzaileen gainean denok egiten ditugun galderak. Nondik dator A.G.? Zergatik onartu du bere lana? Nork eskatu dio egiteko? Nork ordaintzen dio? Zer daki? Nola egiten du bere lana? Galdera guztien gibelean neu ageri naiz. Neuk aukeratu nuen eta neuk ekarri dut. Baina hori agerikoa da. Ezin dezaket Canoren esku jolastiaren itzala baztertu. Azken finean, hark bazekien castinga antolatu behar nuela eta, beharbada, A.G. bidali zuen hautatuko nuelako uste osoan. Eta beharbada, urrunegi joatea izanda ere, aurkeztu ziren beste bost hautagaiak ere bazeuden Canoren radarrean (ohartu berri naiz castingera sei hautagai bildu zirela. Sei, Brian Currinen taldean adina. Sei, Bakearen Artisauak beste. Sei, seigarren eguna gaur. Agian ez du deus esan nahi. Baina Cano ezaguturik, batek daki).
Aspaldi Canok berak idatzi zuen legez, desertua ez dago esplikatzerik, desertua zeharkatu egin behar da. Eta horretan ari gara. Eta, gaur, Babilonia luhusoar honetan desertuaren antzik handiena duen harea-eremua Barcelonetako hondartza da. Eta Caliren pentsioan ispilu aurrean lehen autoerretratua egin ostean, hara abiatu gara. Lehenago, baina, Il Giardinettora deitu dugu eta biharko eman digute erreserba. Nuriari ere deitu diot, baina ez dit telefonoa hartu (nahi izan).
Gaur, beraz, nire burua bilatzeko lana ezarri dit Canok. Hondartzatik bueltan, nekatu arte, nazkatu arte, higatu arte, garden bilakatu arte eta desagertu arte egin dizkiot argazkiak neure buruari hamaika ispiluren aurrean. Baina ez Irene Contina bilakatu arte. Egia esan, ez dut ulertzen zer esan nahi didan Canok dioenean Irene Contina bilakatu arte. Menturaz neu naizela Irene Contina eta izan naizela denbora honetan guztian? Baina hala balitz ere, zer esan nahi du Irene Contina izateak? Ez omen du ez bururik ez hankarik.
Gainera, gaur haren aldeko bijilia egin nahi nuen. Lehenago, baina, diario antizipatuak agindu moduan, Esther Ferrerren “Extrañeza, dolor, desprecio y un largo etc.”-ren nire bertsioa grabatu dut mobilarekin, non eta macban. Lekurik egokiena iruditu zait eta, nola ez, Ravalen dago.
Iluntzean, Irene Continaren aldeko bijiliari ekin diot, baina ez Ravalen, Canok desio lez, Gràcia auzoan baizik. Pentsatu dut Canok agian hori nahiko lukeela, desobeditzea eta bide berrietan barrena abiatzea. Batek daki. Kontuak kontu, Gràciako plaza txiki, karratu xamar eta grazioso guztietan jarri ditugu Canok bidalitako argazkia duten afixak:
L’Irene Contina
Desapareguda des del 13 de juliol.
Avui, a les 20:30, concentració silenciosa
amb espelmes en favor d’Irene Contina
a la plaça de la Virreina.
Ondoren, Erreginaordearen plaza aukeratu dut eta, kandela batzuk eta afixetako bat lagun, Estatu Batuetan egin ohi duten bijilia horietako bat egin dugu. Berehala bildu zaigu jendea. Batzuek frikitzat hartu omen gaituzte, baina beste batzuk biziki arduraturik etorri dira. Mobilekin argazkiak atera dituzte eta esan digute Facebook-en konpartitu dutela. Eta orduantxe larritu da A.G. Begitarte zurbilduan nabaritu diot. Beharbada, niganako konfiantza ustez itsua agian ez da horren itsua. Baina ez du deus manipulatzailerik esan. Ez dit esan: “Eta udaltzainik agertuko balitz?” edo “jende hau hobe beharrez ari da, lagundu nahi digute eta gu, aldiz, zertan ari gara?”. A.G., bere larrian, egiaztatzaile bikaina da. Baina, nire ustez, oker dabil. Ez al da egia Irene Contina desagerturik dabilela? Beste kontu bat da, oso besterik, bildu zaigun jendeak nola interpretatu nahi duen desagertze hori.
Zorionez A.G.rentzat (niri berdin zitzaidan), ez da poliziarik agertu galdera ezerosoak egiten. Facebook-en zer mugitu den, ordea, ez dugu jakin. Beharbada bihar edo etzi.
Gau partean Madame Jasminera joan gara. A.G. animatu beharrean ikusi dut neure burua, zeinek esan! Laurarekin eta Ciararekin elkartu gara. Laurak oraindik nahi ditu performanceak egin nirekin.