Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

IDENTITARTEAK

 

 

 

“Café Bar Bilbao” Teatro Laburreko saria 2016.

 

Galder Perez, Ane Zabala eta Aitor Garcia de Vicuñak eszenaratuta estreinatu zen 2023ko apirilaren 21ean, Lemoako Kotxepin kultur etxean.

 

“Identitarteak” Igor Elortza bertsolari eta idazleak asmatutako hitza da.

 

 

 

 

Sare batek eszenatokia erdibitzen du. finn eta seric badmintonean ari dira.

 

finn: Subjektua!

 

seric: Objektua!

 

finn: Aktorea!

 

seric: Aktantea! Ac-tant! Harrapatzen duzu? Ac-tantoa! 1 eta 0. Ez daukazu zereginik.

 

finn (imitatzen): Ez daukazu zereginik! Ez daukazu zereginik! (Isildu bat-batean eta harriduraz) Seric!

 

seric: Zer?

 

finn: Egoera hauxe... berbera... lehenago bizi izan dugu.

 

seric: Jakina! Beti irabazten dizut.

 

finn: Ez, susmoa dut bukle batean gaudela.

 

seric: Buklea? Hemen bukle bakarra... zure arropa izerdituaren usaina nire kantxara sartzen den bakoitzean.

 

finn: Seric, serioski ari naiz.

 

seric: Eta neu ere bai. Hatsa ipar-haizeak hegatzen duenean!

 

finn: Hatsa, zurea! Heze usain jasangaitzagorik! Eta atera behingoz, oraingoan birrindu egingo zaitut-eta!

 

Atera egiten du sericek.

 

seric: Zeinua!

 

finn: Konbentzionalismoa!

 

seric: Ontologia!

 

finn: Erakundetzea!

 

seric: Modernoa!

 

finn: Polikronia!

 

seric: Izatea!

 

finn: Kanona!

 

seric: Kategoria! Tumatxa! 2 eta 0. Itzul zaitez asaben baratzera, mundu modernoan ez duzu lekurik eta!

 

finn: Larregi hitz egiten duzu, Seric, larregi. Modernitateko partida hau hasi baino ez da egin.

 

seric: Eta galduta duzu aldez aurretik. Kapela barregarri eta antzinako hori soinean! Mundu esentzialistan eta itxian bizi zara oraindik.

 

finn: Isilik egon zaitez! Eta atera! Atera ezazu lehenbailehen. Ez daukat egun osoa!

 

seric: Kapeladun jaio eta kapeladun hil...

 

finn: Ateraaa!

 

seric: Banoa, banoa. Banoa... Zertarako!

 

finn: Boterea!

 

seric: Zertarako!

 

finn: Kartografia!

 

seric: Zertarako!

 

finn: Rola!

 

seric: Zertarako!

 

finn: Menderakuntza!

 

seric: Zertarako!

 

finn (etsiak hartuta haserre): Zertarako? Zertarako horrenbeste zertarako?

 

seric: Honetarako!!! Beste puntu bat! 3 eta 0!

 

finn eta seric sarera hurbiltzen dira. Elkarri begira geratzen dira une batez ezer esan gabe.

 

finn: Gora jatorrizko komunitatea!

 

seric (imitatzen): Gora jatorrizko komunitatea! Zein patetikoa zaren! Azturen molde itxi eta aldaezin horretan preso. Patetikoa! Noiz ernatuko zaizu behingoz barneko subjektu politikoa?

 

finn (imitatzen): Noiz ernatuko zaizu barneko subjektu politikoa? Ondo ernaturik daukat, zakilixut hori!

 

seric: Bai? Baduzu proiekturik? Baduzu zera unibertsalik?

 

finn: Eta zuk, baduzu hemengotasunik?

 

seric: Ez gara inongoak!

 

finn: Ez? Hemen hasten da dena, asaba zaharren kantxa honetan. Lurrari dario. Begiratu zure aurrean zabaltzen den kantxa emankorra!

 

seric: Nik, badmintonean ez dakien arlote bat baino ez dut ikusten. Kaiku halakoa!

 

finn: Isil zaitez eta jarrai dezagun. Nori tokatzen zaio? Galdu naiz dagoeneko. Nola dago jokoa? 2 eta 0, ezta?

 

seric: 3 eta 0!

 

finn: Seguru?

 

seric: Seguru.

 

finn: Eta horrek esan nahi du...?

 

seric: Bai, horrek esan nahi du...

 

finn: Tamalez.

 

seric: Oso zoritxarrez.

 

finn: Ezinbestean?

 

seric: Ezinbestean...

 

finn: Ezin liteke zerbait egin?

 

seric: Nahiko nuke, baina zeharo ezinezkoa da.

 

seric eta finn (batera): Orduan, alea jacta est!

 

Zalantzakor ekin diote ibiltzeari, beldurrez, urrats guztiak batera egiten ispilu bateko mugimenduak balira bezala. Sare parera iristen direnean zalantza areagotzen da. Bata bestearen eremura sartzen dira oso astiro.

 

seric: Hau usaina!

 

finn: Hau giro itogarria! Ez dago aire pururik alde honetan?

 

seric: Ea ba, banoa. Ez dakit ze sake aterako zaidan hemen.

 

finn: Komeria gutxiago!

 

seric: Ea ba. Koba!

 

finnek pasatzen uzten du bola.

 

finn: Koba? Zer da hori? Horrek ez du balio.

 

seric: Zergatik ez?

 

finn: Modernitatean gaudelako.

 

seric: Ba kantxaren alde honetan kobazulo batean bezala sentitzen da norbera.

 

finn: Bigarren sakea!

 

seric: Adoooos. Bigarrena. Basa!

 

finnek berriro uzten du pasatzen pilota.

 

seric: Tantoa!

 

finn: Bai, zera! Sake-falta! Basak ere ez du balio.

 

seric: Nola ez duela balio?

 

finn: Modernitatean ez du balio.

 

seric: Eta zer zara zu, ba, ezpada une honetan hiria den kantxan basa-izaki bat?

 

finn: Hemen basa bakarra zeu zara. Basa-pasarme la pelota behingoan?! Tantoa izan da nire alde.

 

sericek, pilota pasatzen diolako keinua egiten du.

 

seric: Finn.

 

finn: Zer, Seric?

 

seric: Batzuetan umorera hurbiltzen den zera bat duzu. Approach herabe bat, heldu gabea.

 

finn: Eskerrik asko, Seric.

 

seric: Eta ohartu naiz beti gertatzen dela kantxa-aldaketan. Ez zaude horren gaizki indefinizioaren baitan.

 

finn: Eskerrik asko, Seric. Zuri ere, egia guztia esateko, nahiko ondo doakizu hemengotasuna.

 

seric: Eskerrik asko.

 

finn: Nahi duzu nire kapela jantzi?

 

seric: Eta nahi duzu zuk nire gorbata?

 

Sarean bertan egiten dute trukea. Jantzi egiten dute.

 

seric: Uiii. Kili-kili egiten dit.

 

finn: Bada niri esaten dit: estu-estu-estu.

 

seric: Hain beltza.

 

finn: Hain dotorea.

 

seric: Hain diferentea izateko ez zaude gaizki.

 

finn: Kar, kar, Seric maitea, baina uste dut nire kapelak bigundu dizula burmuina. Zeu zara diferentzia.

 

seric: Ez, lagun estimatua. Askatu pixka bat gorbata. Nola esan duzu? Estu-estu-estu. Ekidistantea zara. Erdigunean banago, zu ekidistantea zara. Diferentzia, bistan da.

 

finn: Jatorrizko komunitatea dago erdigunean.

 

seric: Beraz, orain ni nago erdigunean.

 

finn (zalantzaz): Bai, arrazoia.

 

seric: Ederto, zu zara diferentea.

 

finn (zalantzaz): Bai...

 

seric: Kar, kar, kar! (Barre eroa) Ez duzu benetan pentsatuko zure eremuan egoteagatik jatorrizko komunitatea naizela?

 

finn: Bueno, zuk zeuk esan duzu!

 

seric: Bai, neuk esan dut. Eta orain diotsut ezin naizela jatorrizko komunitatea izan jatorrizko komunitaterik ez dagoelako!

 

finn: Bai, badago.

 

seric: Ez, ez dago.

 

finn: Bai, badago eta orain zuk ordezkatzen duzu kantxa horretan zaudelako.

 

seric: Nik ez dut ezer ordezkatzen, babo halakoa, ezpada unibertsaltasuna eta balio modernoak oro!

 

finn: Ba, orduan, bueltatu zeure tokira.

 

seric: Ez, hori ezin dut egin. Arauak arauak dira.

 

finn: Bueno, ba joka dezagun behingoz!

 

seric: Baleeee. Niri tokatzen zait ateratzea, ezta?

 

finn guztiz galduta dago.

 

finn: Uste dut baietz.

 

seric: Banoa. Araua!

 

finn: Fetitxea!

 

seric: Joko soziala!

 

finn: Kodea!

 

seric: Signifikatzea!

 

finn: Adierazlea!

 

seric: Adierazgarria!

 

finn: Esanahia!

 

seric: Berberetasuna!

 

finn: Hangotasuna!

 

seric: Ortonormatiba!

 

finn: Semiosfera!

 

seric: Trantsitua!

 

finnek ez du pilota itzultzen.

 

seric: Tantoa!

 

finn: Tantoa? Trantsituak ez du balio.

 

seric: Ez?

 

finn: Ez!

 

seric: Eta nola dakizu hori, babo horrek?

 

finn: Trantsitua hipermodernoa da! Transmodernoa!

 

seric: Transmodernoa! (Imitatzen) Orologo hutsa zer zara, ba! Tira... nola goaz?

 

finn: Berdinduta.

 

seric: Berdinduta?

 

finn: Seguru.

 

seric: Orduan... tie-break?

 

finn: Tie-break.

 

seric: Ohiko tie-break?

 

finn: Ohiko tie-break.

 

seric: Piñata?

 

finn: Piñata.

 

Sarean gozo-eltze bat ezartzen dute. seric eta finn noraezean dabiltza zein bere eremuan. Begietan mozorro bana daramate eta ezin dute ezer ikusi. Eskuetan, berriz, makila bana. Tarte batean dabiltza gozo-eltzearekin asmatu ezinik, han eta hemen kolpeak erratzen. Halako batean gelditu eta, automatak legez ikusleei begira, Atxagaren poema iniziatikoa errepikatzen dute:

 

seric eta finn: Hi hintzena / bi arraia zaharren gurutzaketa, / galdu da, galdu haiz / hautsi da anphora / eta mila ispilutan multiplikatua / ez haiz / azken irudi ezabatua baino; / ilunaz zipriztinatuz bekokia, / eta hausterrez, / labirintoaren harri txintxarretan / zauritzen hiri oin birjinak.

 

seric: Hautsi da anphora, Finn.

 

finn: Hala dirudi, Seric. Hautsi da anphora.

 

Bat-batean, seric eta finn, oilo lepogabetuak balira bezala, frenetikoki zoro moduan, batetik bestera hasten dira makilaka:

 

seric eta finn: Hautsi da anphora! Hautsi da anphora! Hautsi da anphora...!

 

Halako batean biek batera gozo-eltzea jo eta apurtzen dute. Isilune handia egiten da. Mozorroa eranzten dute. Ikaraturik daude.

 

finn: Apurtu egin da anphora. Eta orain zer, Seric?

 

seric: Orain harea dago. Harria zegoen tokian, harea. Buztina zegoen tokian, harea. Basamortuan gaude, Finn.

 

finn: Hauskortasuna bakarrik dago.

 

seric: Abandonaturik gaude.

 

finn: Bakarturik basamortu honetan.

 

seric: Eta basamortua zeharkatu beharra dago.

 

“Harearena” poema errezitatzen islatzen dute bizi-noraeza.

 

finn: Harea lurrik anonimoena.

 

seric: Hareaz eginak desparadisuaren zutabeak.

 

finn: Eta Lurra planetaren airea ere hareazkoa.

 

seric: Hareazkoak satelitea, Urano, Venus ere harearena.

 

finn: Harea egotziz bihotzek harea erakarriz. Harea.

 

seric: Baina ez harea bakarrik. Harearekin batera malko esentziala eta odol bete ontzi bat.

 

finn: Eta harearen artean zuek ere, gutun horituak, erloju hautsiak, hiztegi liliputarra; espartako ezkutu herdoildua; bazatozte zuek ere.

 

seric: Baina arratsero galduz doa guztia, zu edo argia bezala.

 

finn: Gauero ez da harea baino geratzen.

 

seric: Ilargi krudelaren azpian. Harea.

 

finn: Harea lurrik anonimoena.

 

seric: Hareaz eginak desparadisuaren zutabeak.

 

Isilune luzea egiten da.

 

seric: Finn!

 

finn: Zer?

 

seric: Eta orain, harea besterik ez den honetan, zer gara, berdinak ala ezberdinak? Zurekiko naiz berdina ala zurekiko naiz ezberdina?

 

finn: Ez dakit, Seric. Lehen berdinak ginen, ezta? (Gogoetatzen gelditzen da tarte batez) Ala desberdinak?

 

seric ere hausnarrean gelditzen da.

 

seric: Guztiaren hasieran bakanak ginen! Bagenuen aurredefinizio bat, muin baten definizio iraunkor aldagaitza. Egituratutako harremanetan jaiotzen ginen, haietakoak eta haienak ginen, haiek egiten gintuzten, haiek ginen... Eta guretzat egituraketa haiek berezko entitate esentziadunak zirenez, gu entitate haien halabeharrezko agertze une iragankorrak ginen. Tumatxa!

 

finn harri eginda gelditu da.

 

seric: Geroago Modernitatea heldu zitzaigun, mundu iluna argitu zuen. Jada ez ginen berdinak. Jada ez ginen abelgorriak. Muuu-muuu-muuu.

 

finn: Eta zer ginen?

 

seric: Katuak eta zakurrak!

 

finn: Katuak eta zakurrak? Miauu-miauu guau-guau?

 

seric: Metafora bat da, Finn, metafora bat! Ikasi genuen barneko eta kanpoko munduaren artean bereizten. Subjektua ernatu zen. Barruko mundua bereizi genuen kanpokotik. Eta kanpokoa metaforen bidez ordeztu eta ordezkatu genuen. Eta hain ezberdin bilakatu ginen!

 

finn: Bai?

 

seric: Ez al zara gogoratzen?

 

finn: Ez.

 

seric: Ni hiritar jakin mundutar ikasi bat bilakatu nintzen. Nire erreferentzia Frantziako Ilustrazioa zen, Unamuno, Adam Smith...

 

finn: Eta ni, Seric?

 

seric: Zuk... Zuk baserritar asto kaiku atzerakoi hutsa izaten jarraitu zenuen.

 

finn: Benetan?

 

seric: Benetan. Ahaleginak eta bi egin nituen zu zulotik ateratzeko, baina dena alferrik. Hala ere... lasai, dagoeneko ez zara baserritar babo, kaiku eta atzerakoia.

 

finn: Ez?

 

seric: Ez. Hautsi da anphora.

 

finn: Egia da. Hautsi da anphora.

 

seric: Orain ez gara ez berdinak ez ezberdinak... Orain... Orain berdinak bezain ezberdinak gara.

 

finn: Berdin-ezberdinak?

 

seric: Berdin-ezberdinak bezain ezberdin-berdinak! Alegia, Finn, ni zu bezalakoa naiz.

 

finn: Eta, orduan, ni zu bezalakoa.

 

seric: Zu bezain eta bezainbat naiz.

 

finn: Eta ni ere.

 

seric: Baina batez ere oso ezberdinak.

 

finn: Bai, zeharo ezberdinak.

 

seric: Berdinagoak gara ezberdinagotzen garen heinean.

 

finn: Kolonbiako kafea hartzen dut nik.

 

seric: Eta nik Italiakoa.

 

finn: Eta nik Indiakoa!

 

seric: Senegalgoa neuk!

 

finn: Neuk Mexikokoa!

 

seric: Vietnamgoa!

 

finn: Suediakoa!

 

seric: Jamaikakoa!

 

finn: Baqué!

 

seric: La Fortaleza!

 

finn: Eta berdin ardoarekin, sagardoarekin edo txakolinarekin.

 

seric: Nik Gorka Izagirre bat edaten dut.

 

finn: Ze elegantea zaren, Seric! Txakolin basokada bat edaten duzula esan barik, Gorka Izagirre bat edaten duzula esan duzu. Akabo da metafora, metonimiaren aroan bizi gara!

 

seric: Ramon-Bilbao-egingo-dut-pinplau! Tumatxa, alarde metonimikoa! Toma marka!

 

finn: Carlos III bat traga-traga egingo dut. Egun brandyak edan ordez, brandingak edaten ditugu (Eta korroskada alaia egiten du). Osasuna!

 

seric: Ieup!

 

sericek eta finnek topa egiten dute eta isilik gelditzen dira.

 

seric: Baina ez bagara garena eta ez bagara izan asmo duguna, zer ote gara?

 

finn: Egiten duguna. Egiten duguna gara, Seric. Egiteak gara. Gure izatea gure egitea baino ez da. Egitean sortzen diren ikuspegiak gara, esanahiak edo zentzuak.

 

seric: Bai! Hautsi da anphora eta ez da gu zurrunik!

 

seric sokara abiatzen da, jaitsarazi eta finnen laguntzarekin ekilibrismoak egiteari ekiten dio.

 

seric: Oro da malgutasuna.

 

Jausten da. Minduta geratzen da lurrean.

 

finn: Hauskortasuna baino ez.

 

seric: Harea eta desertu amaigabe bat.

 

finn: Eta jendea ikaraturik dago, izuturik, kaka-praketan. Horregatik areagotu dituzte sinboloak, eta zeinuak, eta seinaleak, eta pistak.

 

seric: Jendeak banderak paratzen ditu nonahi.

 

finn: Eta kamisetak betetzen ditu adierazlez eta adieraz.

 

seric: Helburua da egiten duguna garenaren garaian, garena garela sinetsaraztea.

 

sericek eta finnek “Ikusi mendizaleak” txistukatzeari ekiten diote “gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak” arte.

 

finn: Eta beste hori, Seric: Yo soy ta-ta-tan, ta-ta-tan, ta-ta-tan... (Yo soy español, español...” doinuarekin)

 

biak: Yo soy ta-ta-tan...

 

seric: Zein polita den bereziki hori.

 

finn: Bai, ederra.

 

seric: Eta babo halakoek sinesten dute garela eta izango garela izan garelako. Eta, jakina, sineste horiek errealak dira eta praktika bihurtzen dira. Berdin da esentziarik ez egotea, sinesteak praktika direlako.

 

finnek egunkaria hartzen du.

 

finn: Seric, entzun ezazu honako hau: Artetxene kobazuloak, Madeleine aldikoa bera, badu dagoeneko bere erreplika eta urritik aurrera bisitatu ahal izango da. Bertan, besteak beste, bisitariek Artetxeneko margoen erreplikak ikusiko dituzte, saguzarrak azalduko zaizkie eta tarteka orduko bizilagunei entzun ahal izango zaie hizketan. Kobazuloaren erreplika Lopez de Armentia bodegak finantzatu du eta bere izena eramango du: Señorío López de Armentia Artetxene Magdaleniense.

 

seric: Babesle egokiagorik! Asko gustatzen zaizkit haren kaldo beltzak. Bide batez, gogoratzen zara koban bizi ginenean?

 

finn: Paleolitoan?

 

seric: Bai, edo lehenago ere bai!

 

finn: A ze margo politak egiten genituen. Bisonteak! Zaldiak! Ahuntzak! Oreinak! Plastidekorrak izan bagenitu! Edo grafitiak egiteko espraiak! Lopez de Armentia bat ere ez zitzaigun gaizki etorriko. Zer edaten genuen?

 

seric: Arroketatik filtratzen zen ura eta ez beti!

 

finn: Imajinatzen duzu? Lopez de Armentia kobazuloa!

 

seric: Letra larriz sarreran.

 

finn: Dena ezin da. Behintzat kobazuloan bizi gintezkeen, estalaktita eta estalagmitetako itoginen artean.

 

seric: Baina orain ere esperimentatu dezakegu zer den estalaktita eta estalagmitetako itoginen artean bizitzea. Eta, gainera, ez duzu egunero bizi behar.

 

finn: Bai, egun batez bizi zaitezke eta gero zeure etxera erretiratu, sofa eroso batean luze-luze etzan eta esperientzia zirraragarria konpartitu Facebook-en. Ikusten ari naiz: 400 datsegit baino gehiago!

 

seric: Eta begira: Señorío López de Armentia Artetxene Magdaleniense kobazuloan denda eta taberna dauzkazu. Kobazuloan egarri bazara, ba Coca-Cola edan dezakezu margoak ikusten dituzun bitartean.

 

finn: Eta margoen guardasola eros dezakezu. Eta Pokemon eta Pikachu ezkutatu ere bai.

 

seric: Ze polita! Pokekedada López de Armentia Artetxene Magdaleniensean!

 

Isilunea momentua gozatzeko.

 

seric: Aizu, eta atorra urdin hori?

 

finnek bere buruari begiratzen dio eta gero serici.

 

finn: Bada, zurea bezalakoa.

 

seric: Bai, baina zergatik daramatzagu aldean atorra hauek?

 

finn: Anphora hautsi delako?

 

seric: Baina anphora desertua da, ez itsasoa. Eta hau itsaso style da.

 

finn: Itsasoa desertu zabala da eta desertua hareazko itsasoa.

 

seric: Arrazoia duzu.

 

finn: Arrantzaleak gara.

 

Abesten dute: “Ixil ixilik dago, kaia barrenean / untzi xuri polit bat uraren gainean. / Goizeko ordu bietan esnatutzen gara / arrantzaliarekin joateko urrutira”.

 

finn (hunkituta): Zein polita!

 

seric: Bai! (Zalantzazko une bat) Baina Finn...

 

finn: Zer, Seric?

 

seric: Ez bagara garena... Orduan gu ez gara arrantzaleak!

 

finn: Ez? Eta zer gara?

 

seric: Utzi pentsatzen... Badakit! Euskal Herriko kostaldeko herrietan ari garen arizaleak gara eta aritzean bagara. Horregatik janzten dugu horrela.

 

finn: Egia!

 

Arin-arin baten erritmo bizian abesten dute oraingoan: “Neska zaharrak joaten dira Madalenara, Madalenara...”.

 

seric: Elantxoben nago, Finn, pasa katxia!

 

finn: Eta ni Bermeon, teila bota behar dut mundakarrei argi uzteko norena den Izaro.

 

seric: Eta ni Getarian!

 

finn: Eta ni ere Getarian, Lapurdikoan!

 

Biak alai: “Neska zaharrak joaten dira Madalenara, Madalenara...”. seric ufaka hasten da bat-batean.

 

seric: Ufa, Finn, pot eginda nago. Dagoeneko ez naiz nintzena.

 

finn: Noski! Gaur egun ari zarena bakarrik izan ahal zara.

 

seric: Bai, egia, horregatik janzten dugu horrela.

 

finn: A la moda, zein baino zein zera... zein baino zein zerago.

 

seric: Atorra janzteak egiten gaitu.

 

Arin-arinen erritmoan, hirugarren aldiz ekiten diote, oraingoan lasai eta txistuka.

 

finn: Seric, eta zuk zergatik janzten duzu gona?

 

seric: Gona? Gona nik? Burutik egin zaizu? Halakorik!

 

Isilunea. sericek bere buruari begiratzen dio.

 

seric: Aiiiiiiiiiiii!!!

 

finni begiratzen dio izu-laborrian ezer esan gabe. finnek, ordea, ez dio ezer.

 

seric: Zertan nabil, ba, gona jantzita?

 

finn: Ez dakit, Seric, ez dakit. Hautsi da anphora, Seric, hautsi da anphora. Orain dena da gertagarri.

 

seric: Dena gertagarri ala dena barregarri? Nora joango naiz honelaxe jantzita? Nora, ni bezalako gizon...?

 

finn: Gizon...

 

seric: Gizon... iletsua! Hartza zer naiz ba, alajainkoa, hartza!

 

Isilunea.

 

finn: Seric.

 

seric: Zer, Finn?

 

finn: Ez zaizu horren gaizki geratzen.

 

seric: Ez esan babokeriarik!

 

finn: Ez, benetan, nahiko ondo gelditzen zaizu.

 

seric: Isilik egon zaitez, Finn! (Isilunea eta geroago beldurrez) Seguru zaude, Finn?

 

finn: Seguru.

 

seric: Bada... orain diozula, egia da, nahiko ondo gelditzen zait. Ni egia esan beti izan naiz nahiko gonazalea. Braveheart ikusi nuenetik, batez ere.

 

finn: Ikusten?

 

seric: Gonadun gizonok. Munduko moda-pasarela ospetsuenetan gaude.

 

finn: Hala da, Seric.

 

Ibiltzen dira. sericek bere gona disfrutatzen du, erakutsi egiten du.

 

seric (kezkaz): Finn, bestela sentitu zara inoiz?

 

finn: Noski, Seric. Dagoeneko ez gara garena, hautsi da anphora, akordatzen?

 

seric: Bai, baina... ez. Esan gura dut: inoiz sentitu zara, badakizu... (Xuxurla batean) bestea?

 

finn: Zer?

 

seric (nahiko baxu oraindik): Ea sentitu zaren inoiz bes-te-a.

 

finn: Ez dizut entzuten, berba egin ezazu gorago.

 

seric: Joder, ea inoiz sentitu zaren emakume!!!!!!

 

finn: A... bestea.

 

seric: Bai, bestea!!!!!!!

 

finn: Ez, Finn. Eta zu?

 

seric: Ni ez. Nola ni? Bueno inoiz...

 

finn: Inoiz zer, Seric?

 

seric: Nire nia ni errotu bat ez denetik, alegia, nire niak ni itxi bat izateari utzi dionetik aritze baten alde, sentitzen dut sartu-irtenak egiten ditudala beste aldera.

 

finn: Sartu-irtenak...

 

seric: Bai, dena azaldu behar zaizu!? Oraingo arinaizela maskulinoak zera femeninoak onartzen ditu.

 

finn: Jakina, hautsi da anphora.

 

seric: Bai, hautsi da anphora. Akabo zisgeneroak.

 

Isilunea.

 

finn: Hautsi da anphora!

 

seric: Hautsi dun anphora!

 

finn: Hautsi duk anphora!

 

Elkarri begiratzen diote deskubrimendu handia egin balute bezala.

 

biak: Hautsi dunk anphora!!!

 

Errepikatze zoro-alaian hasten dira batetik bestera dabiltzalarik.

 

biak: Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk! Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk! Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk! Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk! Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk!

 

seric: Finn, zeharka dezagun marra! Igaro gaitezen kantxaren bestaldera!

 

finn: Bai, cross dezagun the marra! Kantxa hau da geure armairua! Geure closet-a!

 

Sarea saltoka zeharkatu ahala hitz bana esaten dute.

 

seric: Andrazkoa!

 

finn: Gizona!

 

seric: Cross-dresserra!

 

finn: Trabestia!

 

seric: Queeeeeen!

 

finn: Kiiiiing!

 

seric: Transgeneroa!

 

finn: Butch!

 

seric: Femme!

 

finn: Tomboy!

 

seric: Ladyboy!

 

finn: Intergeneroa!

 

seric: Bigeneroa!

 

finn: Triiiiii!

 

seric: Cuatriiiiii!

 

finn: Fluidoa!

 

seric: Pangeneroa!

 

finn: Ageneroa!

 

Barre egiten dute. Jausi egiten dira lurrera neka eginda.

 

seric: Asexuala! Ez, ez, kar, kar, asexuala ez, homosexuala!

 

finn: Homosexuala? Baina hori ezinezkoa da.

 

seric: Ezinezkoa, ez dago ezer ezinezkorik, aritu besterik ez da egin behar, oroitzen?

 

finn: Bai, baina homosexuala izateko larrua jo beharra dago, a-ri-tu eta zu...

 

seric: Ssssss, ixo. Bada, orduan, heterosexuala, lehen bezala.

 

finn: Baina horretarako ere jo behar da larrua.

 

seric: Bada, bisexuala!

 

finn: Uf! Horretarako doble jo behar duzu.

 

seric: Orduan zer naiz?

 

finn: Zerosexuala? Nanosexuala?

 

seric (kezkaturik): Baina emakumea bai, ezta Finn?

 

finn: Emakumea zara, Seric. Gara! Ahalegintzen bazara, zara. Egiten duguna gara. Zu orain emakume ari zara, ezta?

 

seric: Zorabio honekin ez nago seguru, uste dut ari naizela.

 

finn: Ari bazara, zara, dudarik ez izan. Bide batez, nola utzi duzu komuneko tapa?

 

seric: Komuneko tapa...?

 

finn: Ez zabiltza zeharo emakume, Seric, oraindik ez zabiltza zeharo emakume. Gainera, berdin da. Dena dago galduta. Hautsi da anphora. Ez dago zereginik. Dena da eraikitze hutsa.

 

seric: Bai, dena da iruzur handi bat.

 

finn: Begiratu Euskadi nola mehetu den!

 

seric: Nola aldatu den! Bihar batek daki, Trebiñuk bakarrik osatuko du Euskadi! Kaguenlarrusia!

 

finn: Orain ezin dezakezu Gora Euskadi Askatuta oihukatu ze ez dakizu ze ostiak askatzen ari zaren. Askatzen ari zara Iparralde? Askatzen ari zara Nafarroa? Ala bakarrik Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba? Ze gogo gutxi Euskadi askatzeko! Eta, gainera, eraikuntza soziala denez, ezin da berez askatu. Hautsi da anphora. Gehiena gure imajinazioan dago.

 

seric: Orain Euskadikoa zara. Bada, orain ez zara Euskadikoa.

 

finn: Artefaktu sozial hutsa! Bilbao Basket ikustera zoaz. Eta hurrengo partidan Bilbao Cajamadrid Baloncesto ikustera zoaz.

 

seric: Beste eraikitze bat. Eta nire etxe ondoan dagoen futbol-zelaia...

 

finn: Santi Mamiñe?

 

seric: Biharko Juan Mari Aburto Arena!

 

finn: Gizarte-konstrukzioa!

 

seric: Nik egiten zaitut.

 

finn: Nik desegiten zaitut.

 

seric: Badminton sarea: neuk eraiki zaitut eta orain deseraiki egiten zaitut. Eta berreraiki egiten zaitut: orain iPad-a zara.

 

finn: iPad-a: deseraiki egiten zaitut. Zisnea zara berreraikitzean.

 

seric: Euskadi: Sabinok eraiki zintuen, sozialistek komunitate autonomo bihurtu zaituzte eta nik atzera ere berreraikitzen zaitut: gaurtik aurrera Laponiaraino hedatuko zara.

 

finn: Deseraikitzen zaitut, Seric, Finn zara orain.

 

seric: Eta zu Seric. Eta ni Seric ostera ere.

 

finn: Eta ni Finn berriro.

 

seric: Bada nik... Nik nire aitaren etxea deseraikiko dut!

 

finn: Bada neuk ere deseraikiko dut zure aitaren etxea! Eta gero nirearena ere bai!

 

seric: Ba... ba... ba nik nire aitaren etxea ez ezik, nire amarena ere baden etxea deseraikiko dut!

 

finn: Bada orduan... nik zure aitarena deseraikiko dut, eta zure amarena, eta nire aitarena eta nire amarena!!!

 

seric: Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra... dena gertaera sozial hutsak! Deseraiki egingo dut nire gurasoen etxea!

 

finn: Eta nik galduko ditut aziendak, soloak, pinudiak; galduko ditut korrituak, errentak, interesak; eta haien etxea birrinduta geldituko da. Zeharo deseraikia.

 

seric: Gezurra begi-bistan!

 

finn: Artifizioa!

 

seric: Eta armak kenduko dizkigute eta eskuarekin desegingo dugu gure aitaren eta gure amaren etxea.

 

finn: Eskuak ebakiko dizkidate!!! (Jendeari) Begiratu!!!! Eskurik gabe nago!!! Ebaki egin dizkidate eskuak eta besoarekin deseraikiko dut gurasoen etxea.

 

seric: Besorik gabe utziko naute!

 

finn: Eta ni bularrik gabe!

 

seric: Eta arimarekin deseraikiko dut nire aitaren eta nire amaren etxea.

 

finn: Eta ni hilen naiz.

 

seric: Ni ere bai. Hil egingo gara biok.

 

finn: Eta nire arima galduko da.

 

seric: Ba, ba, ba... nire askazia galduko da!!!!!

 

finn: Baina nire gurasoen etxea deseraikia mantenduko da. Deseraikia baina zutik.

 

seric: Bai, deseraikia bezain zutik. Zutik dago erakusteko dena gezur handi bat dela eta geuk eraikitakoa baino ez dela existitzen.

 

finn: Eta deseraikitzen bada, ez da.

 

seric: Arimarik ere ez dago.

 

finn: Askazirik ere ez.

 

seric pentsatzen gelditzen da.

 

seric: Baina arima ez da banaezina?

 

finn: Bai, ezta? Bat-bakarra eta banaezina da.

 

seric: Orduan, horrek esan nahi du berez existitzen dela. Berez sortzen da, inolako prozesu sozialik gabe.

 

finn: Bai, halakoak izaten dira arimak. Molekulak bezala.

 

seric: Orduan arima esentzia al da?

 

finn: Antza bai, horixe da menturaz geure buruari aitor diezaiokegun lizentzia bakarra. Ez dago ezer asozialik, ez dago ezer naturalik, baina arima ordea... Arimalistak izango gara hemendik aurrera, Seric, baina inori ezertxo ere esan gabe.

 

seric: Arimalistak? Ufa, hau zama! Nik ezin dut horrela bizi.

 

finn: Zer uste zenuen ba? Desertuan ez dago ezer, ezpada luze ibilita oasiren bat edo beste. Eta ez beti. Eta oasia ere eraikuntza da! Kendu oasia basamortutik eta basamortua izaten jarraituko du. Baina kendu basamortua eta ez da oasirik izango. Eta kendu harea eta ez da basamorturik izango. Orain dena da harea. Eta haizeak nahierara barreiatzen du, gure izatea barreiatu duen bezala. Ni ez naiz zu bezalakoa, ez eta zu ni bezalakoa ere.

 

seric: Ez?

 

finn: Ez, ni zu naiz eta zu ni zara. Aspaldi-aspaldian, unetxo batez, zu izatea desiratu nuen. Behin. Baina aspaldi hartan ezinezkoa zen halako pentsamenduak izatea. Ezinezkoa. Baina orain hautsi da anphora. Ni zu naiz eta zu ni zara. Edo, “zu” eta “ni” eraikitako kategoriak direnez, zu ni naiz eta ni zu zara.

 

seric: Orduan, ni zu banaiz edo ni zu bazara, ni ni naiz eta zu zu naiz edo zu ni naiz, ezta?

 

finn: Edo ni ni zara eta zu zu zara edo ni zu zara. Dagoeneko horretan gaude. Zergatik ezin naiz zu izan? Zergatik ezin naiz zu izan?

 

finnek ingelesez errepikatzen du The Cure musika-taldearen kanta ospetsuaren izenburua, baina kantatu gabe.

 

finn: Why can’t I be you?(Astiro) Why can’t I be you? Whyyyy can’t I be youuuuuu? You’re so gorgeous I’ll do anything I’ll kiss you from your feet to where your head begins. Why can’t I be you? Zergatik ezin naiz zu izan?

 

seric (Aztoraturik): Gura baduzu izan, izan, baina ni ez naiz ni, ezta zara ni edo zu ere.

 

finn: Ez?

 

seric: Ez. Ni hura naiz.

 

finn: Hura?

 

sericek Mad Max estiloko begi bat jartzen du begi batean.

 

seric: Hura, bai. Ziborga naiz. Beraz, ez ni ez zu, hura! Ziborgak hartu nau, izaki zibernetikoa naiz dagoeneko. Pasaportea ere badut. Begiratu! Eta pasaporteak inplante guztiak jasotzen ditu. Bat, ezkerreko begi sintetikoa, 3Dko bio-inprimagailu batek sortua; bi, buruan antena zibernetikoa: aurrean ditudan koloreak antzematen ditu eta soinu-uhin bilakatzen ditu atoan; hiru, eskuineko besaurrean zentzumenen oroimen-biltegia, ikonikoa eta ekoikoa; eta azkenik, titaniozko barrabil azkarrak. Baina horiek ez dizkizut erakutsiko. Laster munduak eskuko telefonoentzako aplikazioak sortzeari utziko dio, eta gure buru-gorputzentzako softwarea bakarrik ekoitziko du. Jada ez naiz ni, teknologia hutsa naiz.

 

finn: Teknologia....! (Harritu plantak egiten) Lasai, inork ez du ezer jakingo. Hauxe gure sekretu ttipia izango da. Zuk eta biok bakarrik jakingo dugu, edo ziborgak eta biok, nahi duzun bezala, edo nahi duen bezala, ze jada ez dakit nola mintzatu behar natzaizun, natzaion. Edozein kasutan, geure sekretua da. Gainera, guztiek jakingo balute ez direla direna baizik eta uneoro ari direna, hau katastrofikoa litzateke. Funtsezkoa da jendeak alienatuta jarraitzea, deus jakin gabe menderaturik egotea. Eta ez kupitu! Ederto batean bizi dira. Gosaldu egiten dute, hondartzara joaten dira, txakurra ateratzen dute, telebistako aldagailuagatik borrokatzen dira..., ohikoak diren gauzak, baina ohartu gabe ezertaz. Ohartzea iraultza litzateke! Dagoeneko ez gara aritzen ez pertsona, ez gizon, ez emakume, ez herritar ez eta beste ezein kategoria moduan.

 

seric: Ez?

 

finn: Ez.

 

seric: Eta nola aritzen gara?

 

finn: Metapertsona moduan!

 

seric: Metapertsona?

 

finn: Metaemakume. Metagizon. Metaherritar. Eta zure kasuan metaziborg. Zeren eta zu eta biok gai gara aritzean garen pertsona eta ziborg horiei buruz gogoetatzeko eta gogoeta horiek, era berean, aritzeak ere badira. Aritzeak diren gogoeta horiek etengabe egiten gaituzte.

 

seric: Orduan, zer gara? Metadona? Gero eta gutxiago ulertzen dut.

 

finn erdira hurreratzen da. Hotsandiz mintzo da.

 

finn: Ez gara ezer. Izatea gure denboretako lakra nagusia da. Hautsi da anphora baina, gainera, zeharo. Ez gara ezer. Ni neu eznaiztarra naiz eta zu etzaratarra, edo ezziborgtarra. Zehatzago esanda, metaeznaiztarra eta zu metaezziborgtarra. Ez garatarrak gara. Metaezgaratarrak!

 

Isilunea. seric ezin ulerturik finni begira. finn are solemnitate latzagoz.

 

finn: Egia esan, ezta hori ere. Zeren eta ezdiratarrak edo metaezdiratarrak, azken finean, badira, badira ezer. Oinarrizko egiaztapena da. Egia bakarra da praktika hutsak daudela, praktikak eta metapraktikak. Praktiketatik harago ez dago ezer! Beraz ni ez naiz, ni aritzen naiz. Hori ez da zuhaitza. Zuhaiztu egiten du.

 

seric (zalantzakor): Orduan... hori ez da etxea. Etxetu egiten zaigu.

 

finn: Horixe! Eta ni ez naiz badmintonlaria: badmintondu egiten dizut.

 

seric: Eta zu ez zara gizona: gizondu egiten diguzu.

 

finn: Eta zu ez zara jada lerdo bat: lerdotu egiten zatzaizkit.

 

seric: Eta zu zorionez ez zara kaiku kapeladun babalore bat: kaiku kapeladun babaloretu egiten duzu. Hori bakarrik!

 

finn (urduri eta haserre): Baina... Baina ni beti izan naiz Finn!!! Eta aita ere bazen Finn. Eta aitona. Eta birraitona. Hirurehun Finn bata bestearen atzetik.

 

seric: Eta ni milaka Seric lehen neandertaleraino ailegatu arte!

 

finn: Eta ni sekula hautsi ez den kate baten azken katebegia!

 

seric: Ba, ba... ba nigandik sortuko dira besteak!!!

 

finn: Ba nire leinuaren leloa “Aritu eta jarrai” da!

 

seric: Ba nirearena “Enbor beretik”!

 

finn: Gu geu Aitaren etxean gotortu gara menderen mendetan!

 

seric: Eta gu... eta gu Amaren suan berotu sekula eta beti!

 

finn: Iruzurti halakoa!

 

seric: Inpostorea!

 

finn: Jarri zure kantxan!!!

 

seric: Nahi duzunean!!!

 

finn: Prest zaude? Txiki-txiki egingo zaitut!!!

 

seric: Inoiz ez dut partidarik galdu zure kontra. Eta hauxe ez da lehena izango.

 

finn: Isilik egon zaitez!!! Sinboloa!!!!

 

seric: Mitoa!!!!

 

finn: Taldea!!!!

 

seric: Ikonoa!!!!

 

finn: Izena!!!

 

seric: Izana!!!!

 

 

amaiera