Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Carme lagun katalanari gutuna

 

 

2017ko uztailak 6

 

      Carme maitea,

      Telefonoz komentatu bezala, lehenik eta behin milesker zure laguntzagatik. Esan, mesedez, Raffaella, Senén eta Gemmari oso eskertuta nagoela, oso.

      Argibide zehatzagoak bidaliko dizkizuet egun batzuk barru, baina gutun honetan garbiago utzi nahi dut telefonoz aipatutakoa.

      Nire egiaztatzailea den Anak ez du deus zertan jakin. Eta on bidean, Oxtulen epopeia amaitutakoan ere ez du deus jakingo.

      Gura dut ikusi nola jasotzen dituen sortuko ditugun errealitate hauek.

      Esan bezala, Oxtul hiru aldiz geratuko da zuekin. Lehendabizikoan argitaletxe bateko editoreak izango zarete, bigarrenean ezabatzera dedikatzen den kolektibo bateko kideak eta hirugarrenean Irene Continari buruzko informazioa eman behar duten informatzaileak.

      Hona hemen argibide orokor batzuk. Garbiago dudanean, zehatzago idatziko dut.

 

 

1. Katalanezko argitaletxe txikia

 

      Argitaletxe txiki bateko editoreak zarete Rafaella eta biak (egiaztatzailearentzat Marta Santpere eta Carme Romeu). El Petit Manuscrit. Zeozergatik egiaztatzaileak Interneten bilatuko balu, esango genuke aztarna digitalik ez sortzearen aldekoak zaretela.

      Hitzordua baino egun bat lehenago telefonoz deituko dizuet geratzeko eta egiaztatzaileak entzungo du. Berdin egun berean goizean goiz.

      Proposamen landu bat eramango dizuet. Lankidetza-proposamena. Oraindik, jakina, buelta bat eman behar diot. Esango dizut pare bat egun barru edo. Bestalde, mundu osoan famatu diren Pedro Mairalen literatura-tailerrei buruz ere hitz egingo dugu. Pedrori buruzko informazio apur bat ere bidali behar dizut.

      Zoragarri egingo duzue eta giro ederra sortuko da, seguru nago. Neuk gidatuko dut saioa, beraz ez arduratu lar. Onena denbora osoan dagoeneko konpartitzen ditugun gaiak ateratzea. Udazkenean egitekoa den erreferenduma, kasu.

 

 

2. El Ratllador kolektiboa

 

      Bigarren hitzorduan, Senén (egiaztatzaileak sinetsiko du Josep Ribalta deitzen dela) ezabatzen aritzen den kolektibo bateko kidea izango da. Ezabatu mediokritatea, ezabatu gentrifikazioa, hegemonia toxikoak... Ezabatu, kendu, garbitu, borratu, urratu, arrakalatu, harraskatu, karrakatu, desagerrarazi, ostendu, kolorgetu, desegin, deuseztatu, marguldu, histu, aienatu, hutsaldu, itzalarazi, apiolatu, obliteratu.

      Bere kasa lan egiten du kolektiboak, baina eremu sozialean eta kulturalean eskaerak ere onartzen ditu. Etekinik gabeko kolektiboa da. Arlo fisikoan gerrilla-ekintzak antolatzen ditu.

      Zuei bezala, Senéni ere deituko diot telefonoz hitzordua ezartzeko. Eta egiaztatzaileak bion arteko solasa entzungo du.

      Borratu behar diren ideia zehatzak ekarriko ditut hizpidera: hiri ordenantzetako artikulu batzuk, “Debekatuta dago futbolean aritzea” gisako kartelak, eta abar. Senén, bereziki, mediokritatearekin egongo da arduratuta, gure garaien lauza pisutsua baita.

 

Noski, egun batzuk barru hitzorduaren nondik norako guztiak zehaztuko ditut.

 

 

3. Irene Continarekin

 

      Oxtul aritu egingo da Bartzelonan Irene Continaren bila. Nor da Irene Contina? Aldi berean gauza asko eta deus ez.

      Senének, bileraren amaieran, esango dit ba omen dakiela nork lagundu ahal didan Ireneren kasuarekin.

      Eta hor sartzen da Gemma (Nuria egiaztatzailearentzat). Telefonoz kontaktatuko nau eta hitzordu misteriotsu bat ezarriko du non Ireneri buruzko informazioa emango didan. Haren argazki bat ere bidaliko dit, nik zuri pasatua noski.

      Pentsatu behar dut zer nolako hitzordua izango den. Zuek ez bezala, ez dut Gemma ezagutzen, baina ziurtatu didazunez aktore ona dela, bikain, ez da arazorik sortuko. Pentsatu behar dut berarentzako profil bat eta zer nolako informazioa eman beharko didan.