Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Bederatzigarren eguna

 

 

Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua

bederatzigarren egunerako argibideak

Harkaitz Canok bidalia

 

      Garaia da Oxtul Aigéren ifrentzua ikusteko: peluka jantzi eta atzo erositako arropak soineratu. Makillaje doia. Irene Contina ez badator, neu izango naiz Irene Contina. Lehen egunean bisitatutako hoteletako batean pasako dut gaua. Irene Contina izenarekin sinatuko dut erregistroan, nahiz eta nire kreditu txartela bat ez datorren izen horrekin. Harreran ohar bat utziko dut Oxtul Aigérentzat alde egin aurretik. Oxtul Aigérentzat gutun bat idatziko dut, halaber, Bilboko nire etxera igorriko dudana, Irene Continak sinatuta.

 

 

Bederatzigarren eguna:
non Irene Continak Oxtul Aigéri idatzi dion

(uztailak 20, osteguna)

 

Oxtul darling maitea,

 

Xxxxxxxx hotelean izango nauzu bihar arte. Eguerdian Dakarrerako hegaldia dut.

 

Maite zaitut.

 

Sinatua: Irene

 

      Diario antizipatua irakurri dudanean ez nekienez non ostatatuko nintzen, “x” batzuk jarri ditut oharrean.

      Baina (Pulitzer Regina Catalonia Continental Nouvel Suizo San Agustí Lleó Oriente Turin Casa Gamper La Pau Silken Roger de Lluria Duquesa de Cardona, ordena horretan berriro) ez dut inon gela librerik topatu.

      Canok ez du kontuan hartu Bartzelonia lepo dagoela. Luxuak ere ez du zirrikiturik.

      Pisu turistiko batera sartzea ere pentsatu dut.

      Azkenean, Coralen geratzea hobetsi dut. Modu horretan, bestalde, ez dut birritan ordaindu behar izan.

 

Oxtul darling maitea,

 

Coral pentsio abegitsuan izango nauzu bihar arte. Eguerdian Dakarrerako hegaldia dut.

 

Maite zaitut.

 

Sinatua: Irene

 

      Beraz, ni neu naiz Irene.

      Canok ez du inoiz defraudatzen, pentsatu dut. Era berean, dena idatzita badago ere (arabiar askok uste duten bezala, maktub mitikoa), dena ez dago irakurrita. Eta pentsatu ere pentsatu dut beste biraje bat datorkidala luze gabe.

      Beraz, neroni Irene Contina. Eta zer egin behar ote dut Dakarren?

      Caliri eman diot oharra. Lehenik eta behin, atzo erositako arropak jantzi, ileordea egokitu eta A.G.ren ezinbesteko laguntzarekin doi zabaldu dut makillajea.

      Hortaz, hauexek ditun Irene Continaren bisaia eta itxura, esan diot neure buruari. Geroago bai, Caliri utzi diot oharra. Zer gerta ere, dena argi gera dadin, irakurri egin diot.

      “Evelio: Oxtul Aigé etorriko balitz, diskrezioz eman oharra mesedez”.

      Eta garbiago gera dakion, argazki bat egin dugu hirurok.

      Segidan, A.G. eta biok kaleratu egin gara zain dugun Babilonia menderatzen.

      “Maitea, goazen Oxtul topatzera”.

      Egindakoak egunkari sentimental batera bil litezke:

      Gelako ohean nintzela, Nuriari deitu diot galdetzeko zerbait dakien Oxtuli buruz.

      Atzazalak margotu ditut pentsio ondoko gabinete polit batean.

      Oxtul Aigéren kartelak fotokopiatu ditut.

      Oxtul Aigéren kartelak jarri ditut Ravaleko kaleetan (L’Oxtul Aigé. Desaparegut des del 19 de juliol. Si algú l’ha vist, que truqui al 615 70 58 XX, si us plau. Moltes grŕcies).

      Poltsoak begiratu ditut Gotikoko denda batean.

      Paella bat jan dut Barcelonetako terraza batean.

      Barcelonetan atzamar bat gidatu dut zerurantz adierazteko erreferendumaren alde nagoela.

      Poltso txiki bat erosi dut Rambletan.

      Zapata barik, txankla gorriak jantzi ditut.

      Sant Jaume plazan, Apokalipsia helduko ote den jakin nahi duten kazetariekin mintzatu naiz luze, bereziki etbko Eli Zunzunegirekin.

      Josep Ribaltari deitu diot eta esan dit ez dakiela ezer Oxtuli buruz.

      Pentsatu dut, une batez, Oxtulek alde egin duela Bartzeloniatik.

      Pentsatu dut, beste une batez, Oxtul ez dela existitzen, Canoren fantasia bat besterik ez dela.

      Pulitzer eta Regina hoteletan Oxtuli buruz galdetu dut, baina ez didate informaziorik eman.

      Gauean, Irene Continak eta Johnny Mobylettek elkar ezagutu dute (baina hau geroago komentatuko dut).

      Lehenago, A.G. eta biok postetxera joan gara Oxtulentzako gutuna bidaltzen.

 

Oxtul kerido,

 

Honezkero Bilbon zarelako jaso duzu gutun hau.

 

Zer moduz joan da bide bartzelonarra?

 

Desio dut agertu izana. Zeren eta ez zarena izan nahi izatea desagertzeko modu bat baldin bada (demagun Bilbo), orduan zaren hori izan nahi izatea agertzeko modu bat izan behar da.

 

Horregatik desio dizut agertua. Eta agertu bazaizu, bejondeizula. Zorionak!

 

Baina, bestalde, ez da deus gertatzen, lantzean-lantzean, ez zaren hori bilakatzea amesten baduzu. Desagertu egiten zara eta kito. Eta ez da deus ere gertatzen. Baina gauza bat da bihurtu nahi izatea bihurtu ahal zaren hori eta beste bat, oso besterik, bihurtu nahi izatea bihurtu ezin zaren hori.

 

Jakin dut azken goizean arte-espazio bilakatu nahi izan duzula Coral pentsioa. Beharbada ez da readymade duchamptar bat izatera iritsi, baina edozein kasutan Evelio aka Calik inoiz imajinatu ahal izango zukeena baina askoz artistikoagoa.

 

Salut i petroli, maitea.

 

Irene

 

      Iluntzean, Makinavaja taberna mitikoan lotu gara Angelekin eta Johnny Mobyletterekin. Oso harrituta geratu dira ni ikustean. Ni ez banintz bezala. Alegia, ni ez banintz ni. Pentsatu dute Oxtul trabestitu bat nintzela, baina, neure burua aurkeztu ondoren, argitu diet Oxtul Bartzeloniatik joan dela eta, tristatu badira ere agurtzeko aukerarik ez delako egon, ederto hartu naute, izugarri ondo pasatu dugu eta argazki mordoa egin dugu.

      Makinavajatik R&R Club Psychora joan gara eta gaua Poble Sec auzoko jaietan amaitu dugu.