Bigarren eguna
Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua
bigarren egunerako argibideak
Harkaitz Canok bidalia
Pulitzer hotelean hasi eta Regina hotelean jarraituko dut. Harrerara joan eta Irene Continaren gela zein den galdetuko dut. Ez dakit Irene Contina existitzen den. Ez dakit Irene Contina jaitsiko balitz zer egingo nukeen. Alde batetik nahi nuke Irene Contina azaltzea, baina bestalde izutu egiten nau ideia horrek. Egun bete hoteletako harrera gelatan galdezka. Nire izena ahotan hartzeko modu bat ere izango da, behin eta berriro esango baitut: “Esan Oxtul Aigé naizela. Esan Ireneri Oxtul Aigé zain duela behean”.
Goizean ez diet argazkia erakutsiko. Arratsaldean bai. Insistitu egingo dut: “Ziur ez dagoela hemen? Hau da emakumea. Oxtul Aigé naiz, hotel honetan egongo zela esan zidan”. Dezepzioen borroka bat izango da: harrerako langileen dezepzioa nirearen kontra. Eta susmoa eta errukia? Beharbada haiek gailenduko dira dezepzioaren gainetik? Agian parametro horiek guztiak hartu behar nituzke kontuan eta estatistika bat atera. Edo marrazki bat. Beharbada, irudi horixe izango da Irene Continaren erretratu robota. Konparatu nik neraman argazkiarekin.
Bigarren eguna:
non Johnny Mobylette ezagutu dugun
(uztailak 13, osteguna)
Pulitzer hotelak harrera enigmatikoa egin digu. Horren enigmatikoa non pentsatu dudan gure zain zeudela. Canok (Harkaitzek) abisatu izan balitu bezala. Zer dela-eta bidali ote gaitu Canok lehenik eta behin kartel hau duen Pulitzerrera?
Pulitzer Barcelona
has a new story to tell.
Yours
One day you’ll say this is where it all began
Pulitzer Barcelona
tiene una nueva historia que contar.
La tuya
Un día pensarás que es aquí donde empezó todo
Pulitzer Barcelona
a une histoire à raconter.
La vôtre
Un jour, vous raconterez que c’est ici que tout a commencé
“Ezin dugu bezeroei buruzko daturik eman”.
Noski.
A.G. nire gibelean geratu da denbora osoan. Bestela bezala egin ditu argazkiak. Atzo antzera jokatu zuen, disimulu handiz guztietan. Eta naturaltasun horrek zer pentsa eman dit. Disimuluaren artista hutsa da. Hori ez da lortzen egiaztatzearen lehen goizean.
“Hauxe da”. Irene Continaren argazki bat erakutsi diet. “Hemen al dago ostatu hartuta?”.
Harreragile biek elkarri begiratu diote nahasita. Nire galdera ezohikoa da, inondik ere. Emakumeak hartu du hitza.
“Guk geuk ezin dugu halako daturik eman. Barkatu”.
Noski.
Ulergarria da oso. Ez dugu enbarazurik sortu nahi eta joan egin gara. Irtetean komentatu diot A.G.ri harreragileak gutaz berbetan ibiliko zirela, bere buruari galdetzen egoki obratu duten edo bere burua zoriontzen Irene Continaren identitatea hain fermu defendatzeagatik.
“Orain, zer?”, galdetu dit A.G.k zaputz arrastorik gabe. Horretan ere bada egiaztatzailea. Akzioa gura du akzio hori erregistratzeko bere kaierean. Besterik ez.
Orduan, ez bat eta ez bi, Pulitzerreko harrera-gelara bueltatu naiz oin-mugimendu azkar erritmiko ezustez beteriko batez.
“Esan Oxtul Aigé naizela. Esan Ireneri Oxtul Aigé zain duela behean”.
Eta modu berean irten naiz berriro, A.G.ri argazkirik ateratzeko aukerarik eman gabe.
Goizean ez diet argazkia erakutsiko. Arratsaldean bai.
Argibideekin batera Canok Irene Continaren erretratua ere bidali zidan. Azal zurbilegiko emakume beltzarana da, 30-40 urtekoa. Ohartu naiz, argazkia erakutsita goizean, diario antizipatuaren arauetako bat hautsi dudala. Eta edozein arau-hauste legez, sentsazio doblea utzi dit: mikatza eta goxoa. Jakina, A.G.k ezin izan dio erreparatu, ez baitaki deus Canoren egunkariari buruz. Edo ba al daki?
“Esan zeniezaiokete Oxtul Aigé hemen dagoela?”. (Regina hotela)
“Erretserba bat egon beharko luke Irene Continaren izenean”. (Catalonia hotela)
“Geratuta gaude”. (Continental hotela)
“Ez, ez dut harekin kontaktatzeko modurik”. (Nouvel hotela)
“Hau guztia oso arraroa da. Harrigarria”. (Suizo hotela)
“Esan zidan hil ala bizikoa zela. Ez hitz horiexekin, baina hori da ideia”. (San Agustí hotela)
“Ez, ez dakit hemen dagoen. Pulitzer hotelean egon behar zuen. Baina agian erratuta nago eta horregatik etorri naiz hona”. (Lleó hotela)
“Gerta liteke beste izen bat erabili izana. Irina. Irina Continarik bada? Edo Malena. Edo Noa...”. (Oriente hotela)
“Barkatu, erratu egin naiz. Ez da Irene. Elene da, Elene. Bestela, Isimene. Edo bestela, Arene”. (Turin hotela)
“Itxarongo dut ordu erdi harrera-gelan, zer gerta ere”. (Casa Gamper hotela)
“Utzi ahal dizuet nire txartela. Oxtul naiz. Oxtul Aigé”. (La Pau hotela)
“Ez, ez nabil denbora alferrik galtzeko. Esango didazu, mesedez, hotel honetan dagoen?”. (Silken hotela)
“Badago beste Roger de Lluria bat Bartzelonan? Ez dakit, frankizia bat”. (Roger de Lluria hotela)
“Esan Oxtul Aigé naizela. Esan Ireneri Oxtul Aigé zain duela behean”. (Duquesa de Cardona hotela)
Arratsaldean ez da dezepzioa nagusitu, nekea baizik. A.G.ren orainzer aurpegiko zimurrek eurek ere eskatu didate su-eten bat. Noski, hiriko giro serratiano umel hau ere bada.
Baina ez da su-etenik egon. Geratuta nengoen El Petit Manuscrit argitaletxeko editoreekin Ateneoan.
Heldu garenean ez diot A.G.ri erreakzio susmagarririk nabaritu hitzordua ez baita diario antizipatuan agertzen. Orduan, ondorioztatu dut ederki disimulatzen duela (baieztatu egin ahal izan dut berriro) edo ez dakiela deus diarioaz. Ez du, bederen, bere burua traizionatu.
Topaketa fragmentarismoari eta Pedro Mairalen literatur tailer famatuei buruzko monografiko bat izan da. Alde egin baino lehen, Argentinako literaturan etorkizun oparoa duen Irene Continaz ere galdetu diet Marta Santpereri eta Carme Romeuri. Baina ez zuten ezagutzen.
Canok iragarritako dezepzioa, baina, gauean iritsi da. Ravaleko Robadors kalean.
“2011n ezagutu nuen La Bata de Boatiné antroa, Itziar Zigaren Devenir perra liburua irakurri eta gero” esan diot A.G.ri. “Beste batean ere egon nintzen kuir giroaren tenpluan”.
Baina itxita zegoen. Itxita, itxura batean, hiru urte lehenago. Betiko.
Behin kale horretan, 23Robadors areto mitikora sartu gara. Jazz kontzertu bat zegoen. Halako batean, tokiko iluntasun ketsuak nahasturik nonbait, gizon burusoil bizardun batek galdetu dit Fermin Muguruza naizen.
“Egia da, ez zara Fermin. Ilunantzean iruditu zait-eta. Barkatu!”.
Gizonari Johnny Mobylette esaten diote, 70eko hamarkadan Gironan barna ibiltzen zelako mobylette zahar batez, herririk herri, biniloak pintxatzen.
Hark eta bere lagunek ere ez dute Irene Continaren entzuterik, baina beste tenplu kuir batez mintzatu zaizkigu: Madame Jasmine, Rambla del Ravalen. Eta hartan hartu gaitu gauak.