Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Harkaitz Canori gutuna (II)

 

 

2017ko apirilak 23

 

Egun on, Harkaitz!

 

Zaindu zure esginzea eta zure esfingea.

      Badoa aurrera “Haren da nire” performancea.

      Zeuk niri idatzitako bizitza egiaztatu beharko duen pertsona aukeratzeko castinga antolatuko dut. Honelaxe:

 

 

HAREN DA NIRE

 

Lutxo Egiaren arte-factuma

 

Nire (haren, beraz, zure) bizitza idazle baten arabera

 

Bira espazioan: egiaztatzaileen aukeratzea

casting de verificadores / observers required

 

Noiz utzi zenion zeure bizitza bizitzeari?

Beste baten bizitzan bizi zara?

Egiaztatzailea (verificador, observer) zara?

 

 

Castinga benetakoa izango da, baina ni neu ahaleginduko naiz hogei edo berrogei egiaztatzailegai faltsu ere ekartzen, egiazko hautagaiei deus esan gabe (performancea performancearen baitan, loving Errusiako panpinak).

      Telefonoz esan lez, inoren bizitza bizitzera noa. Egun hauetan luze hitz egin dut Irunerekin zein izan ote litekeen programatutako alter-bizitza hori. Nik neuk edozer onartuko nuke. Hori bai, zeuk esan bezala, nekez izan liteke gauza itxi bat. Bidaia baten moduan ikusten dut. Metaforan, baina baita benetako bidaia ere. Bilbotik irten ninteke eta beste nonon egin alter-bizitza: kasu, abentura mediterraneoa; abentura europarra; are, abentura japoniarra... Eta egiazki izan testuan esaten dena. Arteek bide oparoa dute hor: Marc Twain-en Printzea eta eskalea; William Wyler-en Roman Holiday zoragarria... Eta ezin aipatu gabe utzi, bizitzen usurpatzaile handia den El Pequeño Nicolás (bai, deus gutxi Goscinnyren Le Petit harekin).

      Ez dago mugarik.

      Ez duzu mugarik: edozein tokitara bidal gaitzakezu egiaztatzailea eta biok, nahi adina egun, nahi duzun pertsonaia bilakarazi...

      Egiaztatzailegaiak ez du deus jakingo. Bizitza zuk idatzi duzula ere ez du jakingo. Harentzat dena izango da ezezagun. Nik neuk ezezagunaren aurreko konpromiso irmoa bakarrik eskatuko diot.

      Eta hau da dena. Think I need you. What do you say? Zeuk duzu honek eskatzen duen txip literarioa.

 

Besarkada!

 

Ltx