Hirugarren eguna
Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua
hirugarren egunerako argibideak
Harkaitz Canok bidalia
Trenez etorri nintzelarik ateratako argazki guztiak ostatuko ispiluan edo leihoan ipini eta ondorioren bat ateratzen saiatuko naiz, telebistako polizia-ikerketa telesailetan egin ohi dutenez. Argazkiei argazkia aterako diet. Argazkiak aski ez badira, gaurko egunkari zatiak moztu eta bertan ipiniko ditut, edo nik eskuz idatzitako postalak, hau dena martxan dagoen ikerketa garrantzitsu baten parte balitz bezala. Agian bada ikerketa garrantzitsu baten parte. Garbitzaileak ze aurpegi jarriko duen pentsatu eta kitzikatuta sentitu.
Hirugarren eguna:
non plomero ukrainar batek izutu gaituen
(uztailak 14, ostirala)
Cano agintariak agindu moduan egin dut. Ohe gainean paratu ditut lehen bi egunetako argazki batzuk eta izen klabeak dituzten paperezko ohar itsasgarriak. Ezer eskatu gabe, A.G.k argazkia egin dit gibeletik.
Zer nahi ote du Canok nik egitea? Luze jardutea hormari begira zer etorriko polizia-telesailetan bezala?
Hala egin dut. Hausnar guztiek toki berera eraman naute: Raval auzora. Kasualitatea hutsa izan liteke, baina hormara eraman ditudan hoteletako bilaketaren argazki guztiak Ravaleko hotelekoak dira. Zerbait esan nahi izango ote du? Erdian “Raval” idatzita duen post-it horia kokatu dut.
Cano apur bat ezagutzen badut, hala ere, polizia-ikerketa zorrotzak ez dit Irene Contina ekarriko, jolas literarioak baizik. Zoriak edo halabeharrak, menturaz. Norberak desio duena eta munduak eskaintzen diona bat egitea dakar zori objektiboak (hasard objectif, surrealistek esaten zuten moduan). Eta zori objektiboak beharbada eramango nau Ravaleko Egipcíaques kalera sartzean tupust egitera Irene Continarekin. Ez al da, finean, literatura inoren bizitza bizitzeko adierazpen gorena? Badakigu egiazki gure bizitzak bizitzen? Geure bizitzetan ala testuaren barruan bizi gara? Noiz utzi zenion zeure bizitza bizitzeari? Menturaz hona naiz Marcel Schwob-en Bizi alegiazkoak; kontakizun-liburua mesanotxean luze izan dudalako. Haietako batean Petronioren istorioa kontatzen digu. Hogeita hamar urte bete dituelarik, Petronio aberatsak beste bizitza batzuk imajinatzeari eta idazteari ekin dio, eta Siro bere esklaboari irakurri dizkio. Esklaboak barre-algaraka eta txaloka hartu ditu kontakizunak. Halako batean, baina, Petroniok eta Sirok kontsideratu dute bizitzea hark idatzitako istorioak, errealitatera eramatea. Mozorrotu, hiritik alde egin eta istorioak bizitzen hasi dira. Eta, modu horretan, idazlea bere istorioen barruan bizitzen hasi da (eta idazteari uko egin, bide batez).
Oraindik, baina, ez zait garbi geratzen nor den bilatu behar dudan emakumea. Agian, Canoren lagun bartzelonar bat? Nor ote zara, Irene? Castelletak egiten dituzu zure ordu libreetan? macban lan egiten duzu? cupeko zinegotzia zara Ciutat Vella barrutian? Canoren senide barçazalea, menturaz? Eduardo Mendozaren amorantea izan zara inoiz? Atorra lohitzen duzu calçot-ak jaten dituzun aldiro? A.G. ote zara?
Izugarri kezkatzen nau Cano eta A.G. elkar hartuta egon litezkeelako aukerak.
Oharrak idazten eta horman finkatzen jarraitu dut: “Non zaude?”. “Zergatik ez zara hotelera azaldu?”. “Zergatik zitatu nauzu inguru honetan?”. “Deitu behar ote diot poliziari?”. “Non topatuko zaitut?”.
Neure bizitza perimetratu dudan honetan Raval perimetratu behar dut Irene Contina aurkituko badut. Ravalen aritu behar dut.
Raval.
Raval.
Ravaleko jaiak dira, eta A.G.k eta biok geure burua gonbidatu dugu festara. Egurrezko listoi luze batean itsatsi dudan kartel handi bat atera dut egiaztatzailearen harridurarako, performanceen Jainkoaren Seme banintz bezala:
QUÈ ELIMINARIES DE BARCELONA?
What would you remove from Barcelona?
“Hiri hau garbitzera goaz, A.G.”.
Eta kaleratu egin gara.
Eta galdezka hasi natzaie batzuei eta besteei.
A.G.k galtzak bete lan ditu jendearen desioak apuntatzen, hain dira pisuzkoak ravaldarrek ezabatu nahi dituzten gauzak.
Jo eliminaria els mosquits de la fruita
Jo eliminaria l’avorriment
Jo eliminaria els turistes
Jo eliminaria els homes amb barba
Jo eliminaria les franquícies i les botigues de souvenirs
Jo eliminaria Barcelona de Barcelona
Jo eliminaria els hiverns plujosos
Jo eliminaria les perruqueries i els kebabs
Jo eliminaria els iots i, sobretot, els imbècils que retraten les vacances a la coberta d’un iot
Eta abar hiperluzea.
Ravaleko jendeak oso abegitsu hartu gaitu. Horren abegitsu, non herri-bazkari batean bazkaltzera gonbidatu gaituzten Junta de Comerç kalean. Eta han jarraitu dugu eskaerak biltzen. Jo eliminaria els turistes. Gaur egun esaten den bezala, turisten ezabatzea trending topic bilakatu da dagoeneko.
Bazkalostea amaitutakoan, kaleko lagunei eskerrak eman, agurtu eta Robadors kalera itzuli gara, Johnny Mobylette berriro ikusteko itxaropenarekin.
Gauaren aldean, kale bizia begitandu zaigu. Halako batean, Prostitutas Indignadas kolektiboko emakume brasildar batekin berbetan ari ginela, plomero itxurako asasino ukrainar batek bortxaz bota dit afixa.
“Ospa kale honetatik, kazetari putre halakoak! Ospa, bestela akabatu egingo zaituztet!”.
“Ez gara kazetariak. Oxtul Aigé naiz eta hau A.G. da, nire egiaztatzailea. Zer kenduko zenuke Bartzelonatik?”.
Erantzuna, zoritxarrez, gu geu gara. Deus esan gabe, argi utzi du geu kenduko gintuzkeela.
Izugarri larritu gara. Ni neu, behinik behin. A.G. lasaiago omen dabil, baina idazteari utzi dio. Ni, aldiz, ikaratuta nago, ikaratuta. Neska brasildarrak esan digu ez izutzeko baina hobe dugula lehenbailehen Robadors kaletik hanka egin, bestela zeozer gerta lekiguke. Ukrainarra gari-sail bat bezain zabala da.
“Zuen armadak umeak eta emakumeak bortxatzen ditu Afganistanen!”, aurpegiratu digu.
Oso desatsegina izan da, non eta La Bata de Boatiné mitikoaren kalean. Sant Pau kalera sartu orduko salbu sentitu dugu geure burua. A.G.k bere kaierean idatzi du: “Ukrainarrak gu geu kenduko gintuzke”.
Nik neuk, berriz, geratu zaidan gorputzaldia kenduko nukeen. Gari-sail bat (Ukrainako zereala) bezain zabala zen plomero itxurako ukrainarrak betiko kendua izateko posibilitatea jarri digu aurrez aurre. Eta ez zait burutik kentzen.
Handik puska batera, sosegatuago eta Canok agindu lez, pentsatu dut ze aurpegi jarriko zuen garbitzaileak goizean nire argazkiak eta oharrak gelan topatzean, eta kitzikatuta sentitu naiz. Segidan, Irene Continaren bilaketan ezinbesteko jo ditudan gauza batzuk erostera joan gara: txilaba bat, Biblia, galtzerdi ugari, Espainiako eta Kataluniako banderak, maskara surrealista bat, galtzerdiak eskegitzeko gakoak eta sokasaltorako goma luze bat.
Iluntzean, Ravaleko perimetratze derrigorrezkoari obeditzeko, udamineko festa mediterraneora bildu gara. Vicenç Martorell enparantzan giro ederra dago. Halako batean, lehendabizikoz, A.G. ez den pertsona batek nire izenez deitu dit: “Oxtul!”. Johnny Mobylette da. “Hau kasualitatea!”, gehitu du. “Hau Engelsi hartutako André Bretonen hasard objectif zorionekoa!”, pentsatu dut nik. Laura, Ciara eta ezagutzen ez ditugun beste lagun batzuekin dago. Laura, Oxtulekin performanceak egin nahi dituen bollera da; Ciara, Galiziako herri txiki batetik etorritako artista aristokrata itxurakoa. Biak ezagutu genituen aurreko gauean Madame Jasminen.
Ez dakit A.G. ohartu den unearen garrantziaz, ez baitu deus apuntatu. Canok berak ere ezin zuen imajinatu, Oxtul eraiki zuenean, herririk herri mobylette zahar batean diskoak pintxatzera dedikatzen zen morroi batek nire izenez deituko zidala kalean. Eta pentsatu dut ustekabeko izendatzeak beste bide eta xendra batetik eraman nauela dagoeneko. Oxtul naiz Laurarekiko eta Ciararekiko solas jostarian. Oxtul naiz, lehendabizikoz ere ostatura bueltatzean, Caliren agurrean. Hilketa baten susmagarria banintz, poliziak galdetuko lieke: “Nor izan da? Oxtul deitzen den hori? Badakigu Oxtul izan dena”. Eta beharbada ez nindukete salatuko. Eta egingo balute, ez nieke kargurik hartuko. Hain da ederra Oxtul izatea. Hain da laketgarria konprobatzea Barilochen jaiotako azentu argentinarrik gabeko morroi hori, alegia, zu zaren hori, itxura batean jator zatzaizkiola Ravaleko jendeari. Hain laketgarria, non, jakin gabe nola gertatu den, A.G.k, lagun bartzelonar berriek eta nik neuk elkar bultzaka bukatu dugun punki batzuen kontzertuko ravaldar erako pogo harrigarrian. Geroago, Madame Jasminera irristatu gara atzera ere, brillantinaz blaiturik.
Ostatuko ohean, loak hartu ezinik kitzikaturik baikaude gure bizitza berriarekin, hamaika galdera etorri zaizkit burura (eta pentsatzen dut A.G.ri ere etorri zaizkiola).
Eta Johnny Mobylette Canoren lagun bat balitz? (demagun, idazle bat, edo musikari bat).
Eta Laura eta Ciara Canoren lagunak balira?
Eta A.G.k zerbait jakingo balu horretaz? (ez dut uste).
Baina, batez ere, Johnny Mobylette ez balitz dioen hori? Oso arraroa (oso) izan zen, 23 garitoko iluntasuna gorabehera, Fermin Muguruzarekin nahastea. Oso. Batez ere, kontuan hartuta bihar Fermin ikusiko dugula (Ferminek ez badaki ere, A.G.k ez badaki ere).
Eta bihar edo etzi Laurak esango balit bera dela Irene Contina? Esango balit hura dela bere benetako izena? Alegia, Canoren laguna dela (beste bat!)? (ez al da oso arraroa nirekin egin nahi izatea performanceak?).
Eta Ferminek zeozer jakingo balu? Ez al da Canoren laguna? Ez al ditu fikzioak elkartu?
Eta honela nola hartu behar nau loak?