Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

FREE TOUR

 

 

 

Lan honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen 2021ean “antzerkirako testuak” sortzeko.

 

 

 

 

Free tour bateko gidaria zutik, geldi, plaza baten erdian.

 

Ezker-eskuin begiratzen du.

 

Zabalik den euritako gorri bati eusten dio. Buru gainean birarazten du. Segundo batzuk ematen ditu horrela, bezeroen esperoan.

 

Turistak hurbildu ahala, gidaria harrera egiten hasten da. iPad batean kontsultatzen ditu entzundako izen-abizenak.

 

gidaria: Egun on! Nor zara...? Julian... Julian, Julian... Ez, nahikoa da erreserba egin duenaren izen-abizenekin... Julian..., hiru erreserba, bai, nirekin zaudete... Ongi etorriak! Jar zaitezte hemen, mesedez, eta itxaron pixka batean zerrenda osatu arte. Egun on! Zu zeu, nor zara? Amelia? Amelia, ikus dezagun..., Amelia..., Amelia... bai, Amelia! Hemen zaude. Bakarrik zatoz, ezta? Berdin da, berdin da, laster taldeko jendea ezagutuko duzu. Jarri hor eta itxaron denok egon arte. Kaixo, zer moduz? Zu zara...? Alberto Gameiro... Ea ba..., Alberto, Alberto... a bai, beste zerrendan zaudete... Hotelaren bidez egin duzue..., bikain. Ba berdin, Alberto, horra mesedez, laster gara. Eta zu? Cayetana? Cayetana, Cayetana... Oso izen polita... ea ba, zeu ere bazaude, itxaron hor segundo batean... Eta zu? Zu zara... Juan Carlos Lombana... Ea, ba... Lombana, Lombana... Ez zaude zerrendan... Eta... ez bazaude zerrendan..., esan nahi du ez zaudela nirekin.

 

Inguruko jende guztiari hitz egiten dio ahotsa goratuz.

 

gidaria: Mesedez, entzun denok!!! Gu guardasol gorrikoak gara, guardasol go-rri-koak. Walking Tours. Walking Tours beti guardasol gorria... Guokin. Gaualkin ez, gu-o-kin. Walking Tours. Badago, baita ere, City Experience. Ados? City Experience-koak guardasol urdinekoak dira. Lombana, baietz City Experiencerekin apuntatu! Ez? Ba, ez dakit orduan... Zer egin nahi zenuen? Free tourra ala bisita gidatua? Hau free tourra da, alegia, amaieran ordainduko duzue. Gauza bat egingo dugu... Zenbat zarete...? Zu bakarrik? Jarri hor, jarri hor eta plazarik badago sartuko zara, ados?

 

Gidariak arnasa hartzen du eta bere baitarako mintzo da.

 

gidaria: Ene bada, gaur tontoak tokatu behar zaizkit.

 

Berriro hartzen du arnasa. Gorde egiten du bere iPada zorro batean.

 

gidaria: Egun on guztioi eta oso ongi etorriak Walking Tourseko esperientziara. Mikel naiz, baina Mike deitu ahal didazue. Mike. Gure familia hiriko zaharrenetako bat da, hiriaren fundazioarekin berarekin estuki lotua, ikusiko duzue zenbat aldiz hunkitzen naizen gertaera historikoak aletzean. Baina, baina, baina..., gidariok ez gara soilik gertaera historikoetatik bizi. Hortik batez ere, batez ere!, gertaerek e-li-ka-tu egiten gaituzte, baina bizi... bizi... (diruaren keinua egiten du eskuz) txin-txin txin-txin... Nola? Txin-txin, txin-txin. Lombana? Txin-txin, txin-txin. Gameiro? Txin-txin, txin-txin. Oso ondo, oso ondo harrapatu duzue!

 

Ikusita erantzunaren epela, komentarioa egiten du bere artean.

 

gidaria: Hau desastrea, ze grazia gutxi daukaten!

 

Eta segitu egiten du.

 

gidaria: Tourra, gutxi gorabehera, lau ordukoa izango da. Ordu erdiko geldialdi bat egingo dugu hiriko taberna batean pintxo tipikoak dastatzeko. Kontsumitzea ez da derrigorrezkoa, noski. Komunetara sartzeko aukera izango duzue nahiz eta kontsumitu ez. Baina zenbat eta gehiago kontsumitu, kar, kar, nola adierazi..., kar, kar, nire komisioa handiagoa. Bestalde, ibilaldia amaitzean, diploma bana emango dizuet...

 

Gidariak zorroan bilatu eta diploma bat ateratzen du.

 

gidaria: Ikusten duzue? “Hiria bisitatu dut Walking Toursekin. Ondorioz, hiritar petoa naiz”. Diploma bakoitzak hamar euro balio du. Ez da ezinbestekoa erostea parte hartzeko ibilaldian, baina diplomarik gabe ez zarete hiritar petoak izango.

 

Beste diploma bat ateratzen du zorrotik.

 

gidaria: Inork ezingo balu tour osoa egin, beste diploma hau ere badago, bost euroan. Aldea da honetan ez zaretela petoak. Ikusten? Honetan hiritar petoa zara eta honetan ez. Nik, zalantzarik gabe, petoarena gomendatzen dizuet. Petoak hiriaren gaineko ezagupen handi-handia ematen dizue, oso handia. Beste diploma hau ez da erdipurdikoa —Walking Toursekin pentsatu ere ez—, baina ez da horren osoa, ulertzen didazue, ezta? Eta, noski, erabakitzen baduzue bi orduko ibilaldia egitea, ba joan aurretik ere... txin-txin txin-txin... Cayetana? Txin-txin, txin-txin! (bere artean) Hau pazientzia! Txin-txin, txin-txin...

 

Gidariak hasperen egiten du.

 

gidaria: Hurrena, esango didazue nongoak zareten. Bada atzerritarrik zuen artean? (begira hara eta hona) Ez? Hobe, tourrak homogeneoak izan behar dira linguistikoki eta kulturalki, gainerakoan ez dute funtzionatzen. Ederto, orduan... Eta katalanik? Bada katalanik zuen artean? Ez? Hobe, hobe!

 

Bat-batean baxu, konplizitate bila.

 

gidaria: Ez daukat ezer katalanen kontra, baina badakizue, katalanek beti ematen dituzte arazoak.... Hau da, ez dute ematen... baina arazoak sortzen dira..., honela... nola esan... eta arazoak saihestu behar dira, katalanekin gauzak konplikatu egiten dira. Ulertzen didazue, ezta? Ezta, Cayetana? Katalanek beren egun propioa dute nirekin: asteazkenak. Katalanen asteazkenak. Beren eguna. Horrela hitz egin dezakegu lasai... Edo ez. Katalanekin beren egunean ere kalapitak! Lehengo batean talde homogeneoa etorri zen, Cala Ratyadakoa edo Cala de Harokoa, ez dakit, guztiek hitz egiten zuten berdin: “Somos de la Barceloneta, pero de la Barceloneta de la genuina, ¿sabe?”. Eta nik susmo txarra hartu nuen, eta badaezpada esan nuen txin-txin txin-txin... bai, esan behar zaie. Baina diruaz gain, bazegoen beste zeozer..., airean flotatzen zuen zeozer..., butifarra usaineko zeozer, deserosoa bezain katalana, baina aldi berean ez horren katalana. Eta han hasi zen bat “pues al Albert (“Albert Rivera” argitzen du gidariak), al Albert le van a dar mucho por el culo”, “Por el culo te van a dar a ti, al Rufián, al Laporta y a la Moreneta, ¿me copias?” “¿Que si te copio, butifleu? Te copio y vas bailando una sardana hasta Casa Tarradellas, cara ensaimada”. Hau da..., eta horrela denbora osoan..., nik ez dakit zer ikasi zuten..., eta amaieran, aizue, denak ados, denak: “Oiga, ¿no es un poco caro el diploma?”. Ba hori... Eta berdin euskaldunak!!! Euskaldunekin ere beti arazoak! Eta euskaldunek ere badute beren eguna! Baina egia ere bada talde gutxi sortzen direla, ze euskaldunak oro har free tourren kontra baitaude, bertoko free tourren kontra, jakina, Sevillakoetara joaten baitira, eta Amsterdamekoetara eta... Tira! Euskaldunak!

 

Mindu antzean hitz egiten du, baina berehala pizten da.

 

gidaria: Eta orain, denok nire atzetik! Segi guardasol gorriari eta ez zarete galduko!

 

Gidaria pixka batean ibiltzen da bisitariak atzean dituela. Oihu egiten du.

 

gidaria: Denok hona!!! Hona!!! Gelditu egingo gara hemen. Eta zergatik hemen? Nork daki?

 

Pixka batean itxaroten du.

 

gidaria: Zer ote du berezitik toki honek? Los de León... Zer diozue? Auzo bat dela? Auzo bat, dio Gameirok. Zer deritzozue? Mesedez, ez dut barre-zalapartarik nahi. Erantzun zuzena da. Hemen auzo bat dago. Auzo bat. Unitate bat. Eremu oso bat. Alegia, guk geuk zapalduko eta bisitatuko ez dugun eremua. Zeren eta hiri honetako eremu historikoa eta erdigune sinbolikoa ez baita auzoarekin nahastu behar. Ez da gauza bera.

 

Turisten aurpegiak ikusita, adibide bat bilatzen du argitzearren.

 

gidaria: Ez duzue ulertu, ezta? Nola azaldu... Natura-parke batera joaten garenean, elefanteak, lehoiak, hienak, jirafak, eta abar ikus ditzakegu, baina, jakina, ezin gara haiekin nahastu. Ezin gara animaliengana hurbildu. Bada, hauxe gauza bera da. Gu eremu historiko eta sinbolikoa bisitatzen ari gara, baina ez gara elefanteekin eta jirafekin nahastuko. Eta are gutxiago lehoiekin. Eta are gutxiago hienekin. Ze igual nahasten zara jirafa batekin eta ez zaizu ezer gertatzen, baina hiena batekin nahastuz gero, litekeena da hark erasotzea... Eraso mortala.

 

Begira geratzen zaie ulertu duten jakiteko.

 

gidaria: Orduan, badaude hiru arau. Hiru.

 

Atzamar-keinu batez lehen araua adierazten du.

 

gidaria: Lehen araua: Ez hurbildu auzokideengana. Begiratu ahal diezue disimuluz, betertzez, baina ez hurbildu. Erasoa. Eraso mortala.

 

Beste atzamar-keinu batez bigarrena adierazten du.

 

gidaria: Bigarrena: auzokideek hitz egiten badigute, adeitsuki erantzungo diegu, adeitsuki. Esaten badigute “Tourist, go home!” —hori ez da atsegina— edo esaten badigute “alde hemendik, giri hori!” —hori ere ez da oso polita—, bada ez. Halakoetan, zuek isilik. Gainera, zuek ez zarete giriak, zuek espainolak zarete, espainolak! Espainolak... Argi denok? Bai...? Barkatu, Lombana? Bai..., bai, galdera ona, galdera ona. Denok entzun, hemen badago galdera on bat: nola bereizi auzokide bat hiritar normal batengandik? Oso galdera egokia. Bada erantzuna halakoxea: nola bereiziko zenukete jirafa bat lehoi batengandik? Edo nola bereiziko zenukete elefante lodikote baina lasai bat hiena odol-gose batengandik? Erraza, ezta? Ba auzokideekin berdin! Gainera, gaur jaieguna da, eta auzokideek ez dute jaiegunetan erosketarik egiten, eta geuk bai. Noski, tontoak dira. Batzuek gustura egingo lituzkete, baina beldur dira beste auzokideek zer esango. Agian jirafa batek erosketa egin nahi du jaiegun batean, baina hamar hiena ibiliko zaizkio inguruan. Eta horrela dena. Auzoa oihana da.

 

Eta atzamar-keinu batez hirugarrena ere adierazten du.

 

gidaria: Eta bukatzeko, hirugarren eta azken araua: ezin da, inondik eta inolaz ere, auzokideen denda txikietara sartu. Guk souvenir-dendetara eta frankizietara sartu behar dugu, hau da, auzokideen denda txikiak balira bezalako dendetara. Harrapatu duzue? Auzokideenak balira bezalako dendetara. Orduan, non egingo dugu bi ordu barru gure atsedenaldia? Non? Eremu historiko eta sinbolikoaren taberna tipiko batean? Non? Inozoak! Dagoeneko ez dago eremu historiko eta sinbolikoan taberna tipikoen arrastorik, non pintxo bakarrak arrautza egosiak ziren, egunaren joan-etorriarekin horitu egiten zirenak; non txorizo mutur bat ogi gogor baten gainean zegoen; non jendeak ardoa edaten zuen beira prentsatuzko edalontzi batzuetan... Inozoak! Jada ez dago taberna tipikorik inon. Inozo hutsak zarete! Eremu historikoa marka bat da. Orain, taberna tipiko frankiziatuak ditugu. Esku batean betiko taberna bat daukat, adibidez, El Huevo. El Huevo taberna mitikoa esku honetan; eta beste eskuan, taberna frankiziatu bat, merkeagoa, igual patata frijituak oparitzen dizkidana eta, gainera, balitz bezalako basoerdi historikoan edateko eta balira bezalako arrautza egosiak jateko aukera ematen didana, holakoxeak, horiturik dagoeneko, balira bezalako horiturik, alegia, esperientzia bizitzeko aukera ematen didana. Zein aukeratuko zenukete? Bada, taberna frankiziatua! Begiak itxita!

 

Gidariak begiak ixten ditu eta itsua balitz bezala ekiten dio ibiltzeari.

 

gidaria: Begiak itxita... El Huevo, El Huevo Berria bilakatu da eta ez da ezer gertatzen. Ez da ezer gertatzen! Huevo eta Berria: mestizajea. El Huevo Berria, zeharo etnoa. Eta ez da ezer gertatzen. Ez da ezer gertatzen. Morning, good morning? What pintxo would you like? Can I have a kroketa? A kroketa of meat or a kroketa of fish? This is El Huevo Berria, not, The Egg Berria, The Egg New, not The New Egg, The Egg New of the Basque Country. Lady: two pintxos de jamón? Eta ez da ezer gertatzen!

 

Gidaria pozik geratzen da azken hitzekin eta hainbatetan errepikatzen ditu.

 

gidaria: Ez da ezer gertatzen...

 

Bisitari batek eten egiten dio.

 

gidaria: Bai? Barkatu? Bai, bai... Entzun guztiok! Juan Manuelek jakin nahi du.... Juan Manuel zara, ezta? Juan Manuelek dio katedral aurretik pasatu garela eta jakin nahi du noiz bisitatu behar dugun.

 

Erantzun aurretik, gidariak Juan Manuel tontoa balitz bezalako keinuak egiten ditu.

 

gidaria: Baiiii! Baietz ba, Juan Manuel!!! Baietz, ba! Joan egingo gara. Baina, baina..., baina nola bisitatuko dugu katedrala oinarrizkoena jakin gabe?

 

Gidariak hainbatetan ukatzen du buruaz. Ibiltzeari ekiten dio. Berehala, baina, berriro geldiarazten du taldea.

 

gidaria: Hurrengo geldialdia! Denok nirekin! Atari honetan geldituko gara. Eta zer daukagu hor? Zer dira horiek?

 

Isilik geratzen da erantzun baten zain.

 

gidaria: Plakak. Lombanak dio plakak direla. Jakina, Lombana, jakina, ez da hain konplikatua! Hau jende ganoragabea, ze pena... Eta lehen plakan zer irakur dezakegu? Ramon Espinosa Bengoetxea. Odontologoa. Oso ondo! Bigarrenean, Gameiro? Estibaliz Ruiz de Mendiola eta Juan Arriaga Lertxundi. Lan-arloko abokatuak. Bikain, Gameiro, bikain! Eta hirugarrenean? Etxe honetan jaio zen Don Alvaro de Retana. Eta berehala esan diozue zeuon buruari: “Guri hirugarrena interesatzen zaigu”. Ez dakizue nor den Alvaro de Retana. Eta, hala ere, interesatu zaizue.

 

Etenalditxoa egiten du serio jartzeko.

 

gidaria: Plakak, eremu historiko eta sinbolikoan, trafiko-seinaleak bezalakoak dira. Trafiko-seinaleak! Haiek kontuan hartu gabe ibil gaitezke, baina erreparatzen badiegu gure esperientzia egiazkoagoa izango da, egia ukaezin baten aurrean jartzen gaituelako. Bestela, nola jakin Alvaro de Retana hemen jaio zela? Eta zuek ikasiko duzue, eta zuen diploman ageriko da, eta peto-petoak izango zarete... Zeren eta galdetu bertoko hiena bati non jaio zen Alvaro de Retana eta ez daki. Ez dakite! Eta zergatik ez dakite? Ez dituztelako plakak irakurtzen. Eta zuek bai, zuek pribilegiatuak zarete, pribilegiatuak!

 

Gidariak mukizapia atera eta zintz egiten du.

 

gidaria: Barkatuidazue, hunkitzen ari naiz-eta, hunkitzen... Bai, Juan Manuel? Zer...? Entzun denok! Entzun berriro denok! Beti gertatzen da: ordubete daramagunean, beti, beti, baina beti, egoten da bisitariren bat gidariak baino gehiago dakiela uste duena. Eta nor da gaurko bisitan? Bada, Juan Manuel Madrilekoa. Lasai, Juan Manuel, estatistiketan sartzen zara. Hau da, beti egoten da talde guztietan listopasatu bat, badakizue, ezta? Eta gaurkoa Juan Manuel da. Zelako pena! Juan Manuelek galdetu dit nor zen Alvaro de Retana “hori”. Alvaro de Retana “hori”! Asmo txarrean galdetu ere, harrapatzeko, ni harrapatzeko! Free tour guztietan beti, baina beti-beti, egoten da listopasatu bat, beti egoten da Juan Manuel bat. Mesedez, ez izan inoiz free tourraren azkar ustekoa, ados? Eta orain bagoaz. Eta Juan Manuelen erruagatik geratuko zarete jakin gabe nor zen Alvaro de Retana. Goazen!

 

Gidaria ibiltzen da, guardasol gorria erakusten duelarik.

 

gidaria: Eta orain geldialditxo bat egingo dugu plaza honetan. Eta zergatik geldituko gara hemen? Juan Manuel, zer uste duzu? Zer diozu? Cayetana? Zer? Cayetanak dio hauxe hiriko plaza arkupedun petoa dela, alegia, Espainian Plaza Mayor deitzen dena eta horregatik besterik ez bada, bisitatu beharrekoa.

 

Gidariak pausa egiten du erantzun aurretik, misterio kutsua ezarriz.

 

gidaria: Eta arrazoia izan liteke, baina ez da kasu honetan. Orduan, zergatik gelditu gara?

 

Gidariak ezker-eskuin begiratzen du, etorriko ez den erantzun baten zain.

 

gidaria: Begiratu zuen ingurura. Eta ez bilatu plakarik, ez du plakekin zerikusirik. Nolakoa da ingurua hemen? Nolakoa da, Lombana? Zer? Ez dizugu entzuten. “Jendetsua”. Lombanak dio “jendetsua” dela. Eta halaxe da! Plaza hau jendez beterik dago. Eta nolakoa da jendea? Nolakoa? Bada, gu bezalakoa! Plaza gu bezalako turistaz beterik dago.

 

Pausa galdetu aurretik.

 

gidaria: Orduan, zer gertatzen ari da hemen?

 

Heldu ez den erantzunaren zain gelditzen da.

 

gidaria: Hemen mirakulu bat gertatzen ari da. Eta zein da mirakulu hori? Ordezpen soziala! Gizarte txandakatzea! Eboluzio darwinianoa. Hau da, turistifikazioa!

 

Astiroago errepikatzen du hitza.

 

gidaria: Tu-ris-ti-fi-ka-zi-oa.

 

Xuxurla batean.

 

gidaria: Tu-ris-ti-fi-ka-zi-oa.

 

Pausatxoa ematen du ikusteko sorrarazitako efektua.

 

gidaria: Plaza hau Jerusalem da eta gu geu tenplarioak gara. Turistifikazioaren burutzea da. Turistok gaina hartu diezue auzokideei. Hemen ez duzue auzokiderik ikusiko. Tira, agian bakanen bat. Eta litekeena, gainera, zuen zerbitzura egotea. Baina hemen zuek bezalako jendea bakarrik ikusiko duzue, ez duzue agobiatuko zaituzteten bertokorik ikusiko. Nahiz eta... ze bertoko eta ze bertokondo! Zuek baino bertokoagorik ez dago plaza honetan! Baina esan nahi dut... Hemen ez da dagoeneko elefanterik eta jirafarik geratzen, eta are gutxiago lehoirik eta hienarik. Hemen Afrikan bezala gertatu da. Auzokideek atzera egin dute. Bizikideak babesguneetan bizi dira orain, Masai Mara edo Serengeti bezalako babeseremuetan, eta gu plaza historiko eta sinboliko honetaz jabetu gara. Begira ezazue ezker-eskuin. Zer ikusten duzue?

 

Oihu egiten du pozaren pozez.

 

gidaria: Turistak! Turistak! Uste duzue hemen jendeak Plaza Nagusia esaten duela? Jakin nahi duzue nola deitzen dioten plazari?

 

Erantzunaren zain gelditzen da.

 

gidaria: The Meeting Point. The Meeting Point! Halaxe, naturaltasunez bataiatua. Akaso uste duzue etorri dela alkate moderno bat eta esan du “Hemendik aurrera, plaza The Meeting Point izango da”? Bada, ez, dena naturala, trantsizio naturala, El Huevo Berriarena bestekoa. The Meeting Point. Eta besterik ikusten duzue?

 

Gidariak adi begiratzen die guztiei.

 

gidaria: Tabernak? Nork esan du “tabernak”? Horixe! Tabernak! Denak berdinak, berdin-berdinak! Frankiziak!!! Ze politak! Eta besterik ikusten duzue? Zer? Terrazak! Oso ondo! Oso ondo, Cayetana! Terrazak!

 

Gidaria apurtxo batean lasaitzen da. Astiroago mintzo zaie.

 

gidaria: Terrazak ditut nik gogokoen. Terrazak turistifikazioaren marka dira. Ez bakarrik, baina hori ere badira. Nork betetzen ditu leporaino terrazak? Turistak, bai, subjektu sinboliko horrek. Zuek! Eta bihar? Bada, zuek ere bai. Orduan, ze mirakulu mota gertatzen ari da mendebaldeko Jerusalem honetan zuei esker? Zertan da turistifikazioa deitzen den Champions League hori? Zertan da? Espazioaren mudatzea da, espazioaren aldatzea. Eta zuek, zuek guztiok, baita Juan Manuel ere, eta Gameiro, eta Cayetana, zuek... espazioaren aldatzearen subjektu aktiboak zarete. Plaza hau ez da sekula izango garai bateko oihana —hau da, espazio bat non basanimaliak bizi ziren—, baizik eta espazio zibilizatu bat, non turistek gaina hartu dieten auzokideei betirako. Hemen jada ez dago animaliarik. Eta basanimaliarik ez badago, espazioa zibilizatu egiten da. Zuek beste natura bat esleitzen diozue espazioari, duindu egiten duzue. Zuek jendea zarete, gent zarete, gent! Alegia, espazioa gentrifikatzen laguntzen duzue. Alegia, duindu eta hobetu egiten duzue. Eta uste baino lehen gune historiko eta sinboliko osoa zuen zerbitzura egongo da. Ez bakarrik Jerusalem arkupedun hau. Ez. Eremu osoa. Eremu osoa! Eta orduan esango dugu espazioaren aldatzea burutua dela. Baina ez bakarrik espazioarena. Bizikidearen beraren aldatzea ere bada, eboluzio darwinianoa. Beraz, zer esan nahi dut? Turistak ez zarete subjektu pasibo bat, plaken legendak ikastera eta etxeetako aurrealdeak mirestera dedikatzen eta mugatzen direnak. Ez. Hori sinetsaraziko dizuete, batez ere elefanteek eta hienek. Zergatik uste duzue tourraren amaieran jasoko duzuela sinaturiko diploma bana? Zuek ez zarete subjektu pasiboak. Subjektu aktiboak zarete, eraldatzaileak! Lehendabiziko turista —lehen misiolari hura— etorri zenetik gaur arte, guztiok arraun egin duzue eremu historiko eta sinboliko hau portu onera ekartzeko. Hemen gaude free tourreko guardasolok, hemen zaudete zuek kapela tipiko banarekin, hemen dago El Huevo Berria The Egg New... Zuek gabe aldaketa ezingo zen burutu. Elkarrekin lortzen ari zarete, elkarrekin! Taldea zarete!

 

Gidariak etenaldi bat egiten du eta aulki batean jesartzen da. Tonu baxuagoan mintzo da orain.

 

gidaria: Eta elkarrekin... elkarrekin jesarriko gara terraza honetan. Eta ez duzue ezer eskatu behar. Zerbitzariek eurek ekarriko digute. Elkarkidetza-kontratu bat dugu. Ikusten? Badatoz, badatoz... Begiratu ze itxura duen guztiak! Bina ardo: beltzetan, ardo ondua, oso egokia ardi-gaztarekin konbinatzeko; eta zurietan, txakolina, zeinak sudurrean, hutsaltzen ez den usain nabarmena duen, ahosabaian txermenaren, sagar helduaren eta arabisagar arrosaren ñabardurak dituena. Eta bi pintxo, ikusten duzue? Ardi-gazta marrubizko marmeladaz labaintzen ezpondan behera eta Kantauriko antxoa-pergaminoa piperrada otzara batean. Latza, ezta?

 

Turistetako batek moztu egiten du gidariaren jarduna.

 

gidaria: Bai, Juan Manuel? Nola ez duzula ezer hartu nahi? Entzun denok! Entzun denok! Juan Manuelek dio ez duela ezer hartu nahi.

 

Gidaria, haserre eta etsitu antzean, turistari zuzentzen:

 

gidaria: Eta zer nahi duzu, Juan Manuel? Zer nahi duzu? Zer? Esan! Baina esan altu, denok entzuteko! Zer? Ea joango garen katedrala ikustera.

 

Gidaria guztiei zuzentzen zaie.

 

gidaria: Juan Manuelek elizak ikusi nahi ditu. Entzun duzue? Elizak!

 

Bere baitan.

 

gidaria: Ze astuna, gero!

 

Juan Manueli mintzo eta segituan berriro guztiei.

 

gidaria: Bai, Juan Manuel, bai! Ikusiko dituzu elizak. Ikusiko dituzu elizak, eta museoak, eta harresiak... baina orain aldaketa gauzatzen ari gara. Zer da inportanteagoa, espazioaren eraldaketa ala elizak ikustea? Zer? Zer da? Bada, orduan! Eta orain denok kontsumitzera! Kontsumitzea derrigorrezkoa baita. Bestela komisioa galduko dut, eta nire lan ordainezina galduko da, eta zuek, subjektu aktibo moduan, zurtz geratuko zarete, zilbor-hesterik gabe hiri basatiaren aurrean, hau da, desaktibatu egingo zarete. Beraz, mesedez kontsumitu eta eraiki terraza. Terraza ez baita gune fisiko bat. Terraza ez da ikusten dituzuen mahaiak eta aulkiak. Terraza konstrukto bat da. Terraza konstrukto bat da. Badakizue zer den konstrukto bat? Bueno, berdin da...

 

Gidariak arnasa hartu eta lotu egiten du aurreko esaldia, amaitu gabe utzi duena, hurrengoarekin.

 

gidaria: Berdin da, berdin da... Amaitu duzue? Etorri denok nire atzetik, ez galdu... Orain arte nahiko ondo egin duzue, etorri hemendik, mesedez..., ez goaz oso urrun... Ederki. Hemen egingo dugu hurrengo geldialdia. Eta zergatik gelditzen gara hemen?

 

Guztiei begiratzen die, erantzun baten zain.

 

gidaria: Lombana? Ez? Cayetana? Juan Manuel? Eta ez, ez dago elizarik hemen. Ze astuna zaren, Juan Manuel, ze astuna zaren! Begiratu denok etxe horri. Zergatik da inportantea etxe hori? Nork daki?

 

Hamaikagarrenez erantzunaren zain, misterio kutsua ezarria.

 

gidaria: Bada, inportantea da etxe horretan neu sortu nintzelako eta neu bizi naizelako!!! Ez zenuten espero, ezta?

 

Pausa.

 

gidaria: Harri eta zur geratu zarete. Eta pentsatzen ari zarete: “Mike elefantea da”. Edo are okerrago: “Hiena ere izan liteke gure Mike!”. Eta bai, ni neu elefantea naiz. Baina elefante Judas bat. Izan liteke pertsona bat aldi berean auzokidea, free tour bateko gidaria eta ekintzailea? Bada..., bai! Jakina baietz! Neuk eta neu bezalakook ziurtatuko dugu trantsizio ez traumatiko bat. Auzoa auzo frankiziatu bat bilakatu behar bada eta turistok gaina hartu behar badiezue auzokideei, adibidez Venezian gertatu den bezala, hobe tartean izatea alde bietan egon daitezkeen subjektuak. Auzokideek beren ezaugarriak galdu behar dituzte Venezian galdu dituzten bezala, baina ez dira ezertaz ohartu behar, trantsizio mailakatu bat eman behar da. Orduan, horregatik gaude hemen, ulertzeko nola desegiten den barrutik ere auzoa. Baina ez horregatik bakarrik.

 

Gidariak pausaldi bat egiten du eta gorantz eramaten du begirada.

 

gidaria: Beste gauza bat ere azaldu behar dizuet. Zenbat solairu ditu etxe honek? Ez da horren galdera zaila, ezta? Zenbat? Hiru solairu. Ederto! Eta ni neu bigarrenean bizi naiz, zeharo pisu koketo batean. Nola esan..., zoragarria. Begiratu: lehen solairuan Pisu Turistiko bat dago... Ikusten duzue plaka? Pi-su Tu-ris-ti-koa. Zer esan dizuet? Ai, ai, ai! Adi beti plakei! Aizue, pisu zoragarria. Ostatua nork hartzen duen eta urtaroa zein den, egundoko festak egiten dira, baina egundokoak, itzelak, parranda latzak! Batzuetan udaltzainei ere deitu behar izaten diet. Eta hirugarren solairuan zer dago? Lombana... Plakari erreparatu... Hirugarren solairuan Gela Turistiko bat dago, hau da, gelaz mozorroturiko pisu turistikoa. Eta izugarria da, izugarria! Zer nolako festa ederrak antolatzen dituzten han ere! Ikusi duzue Breakfast at Tiffany’s filma? Zer nolako festak Audrey Hepburn-ek! Eta zer nolako okadak eta txahalak ataurrera jaisten naizenean! Goizero topatzen dituzun porrusalda horiek... Eta turistak zaldien pare gora eta behera, gora eta behera, gora eta behera! Horiek bai ñuak eta ez dokumentaletakoak! Eta konturatzen zara ez duzula inor ezagutzen eta, aldiz, paradoxikoa badirudi ere, jende piloa ezagutzeko aukera duzula. Beheko pisu turistikoa eta goiko gela turistikoa okupaturik badaude urtean gutxienez berrehun egun, eta egun bakoitzeko hamabost lagun badaude batez beste pisuaren eta gelaren artean —ez dakizue zenbat lagun sartzen diren gela turistiko batean...—, 1.500 lagun ezagutzeko aukera dago urte batean!!! Zenbat jai eta zenbat okada! Eta zenbat aldiz txirrin-joka goizeko bostetan! Eta zenbat aukera gu geu zeharo integratuta bizitzeko! Turistok aukera ematen baitiguzue integratzeko auzoan, sareen sarea sortzen da, sareen sarea... batez ere nirea bezalako pisu sandwich batean bizi bazarete.

 

Gidariak pausalditxo bat egiten du arreta erakartzeko aipatu berri duen kontzeptuari buruz.

 

gidaria: Eta zer da pisu sandwich bat? Dena azaldu behar zaizue-eta! Pisu sandwich bat, bada... gozada hutsa da, gozada hutsa! Azpian pisu turistiko bat izan behar duzu eta gainean gela turistiko bat. Edo alderantziz, azpian gela turistiko bat eta gainean pisu turistiko bat. Eta eginda dago sandwicha. Eurek ogia jartzen dute eta zeuk gazta eta jamoia. Astearte buruzuri batean parranda nahi baduzu, beheko pisuan, hau da, Bimboko beheko tapan, festa bat antolatzen dute. Ostegun batean nahi baduzu, goiko gela turistikoan, alegia..., alegia, Bimboko goiko tapan, antolatzen dute. Edo imajinatu asteazken batean: Bimbo Behekoan alemanak daude eta jaia 21:00etan amaitzen da. Ze pena! Baina hara ezustea! 00:00etan Bimbo Goikoan beste festa bat hasten da. Zergatik? Bada, Bimbo Goikoan espainolak daudelako, bai, bai, zuek bezala. Eta festak ez dira 00:00ak baino lehenago hasten, eta halere goiz iruditzen zait... Larunbata dela? Orduan, festa jada ez dago bakarrik Bimbo Behekoan eta Bimbo Goikoan, eta zu ez zara jada jamoia eta gazta. Larunbat batean ez zara sandwich misto triste eta patetiko bat. Zer zara? Bada, Club Sandwich bat! Badakizue zer den Club Sandwich bat, ezta? Ez? Ene! Club Sandwicha hiru ogi-xerra dituen sandwicha da. Bi barik, hiru. Goiko tapa, beheko tapa eta erdiko tapa. Orduan, zer gertatzen da? Zeure pisua jarri behar duzu festaren zerbitzurako. Kontatuko dizuet: lehengo larunbatean Club Sandwich bat egin genuen, oraindik nabil ajeak jota. Festa Beheko Bimbon hasi zen, Bengoetxean. Nahiko ondo. Europarrak zirenez, saltxi frankfurt, sushi, delicatessen asko eta zerbeza, zerbeza ugari. Baina dena oso moderatua, badakizue, jendea hitz egiten eta zigarroen hausterrea botatzen hautsontzietan. Eta jende-kopurua ere neurriz, tamainan. Itxi zutenean —haiek beti ixten dute—, Goiko Bimbora igo ginen, Goikoetxeara, eta han ze kristo, el Cristo del Sandwich Mixto! Goiko Bimbon patata frijituak, txetoak, doritoak, gusanitoak, pringleak, rufflesak, hau da, den-dena oso espainola. Eta kalimotxoa ere, kalimotxo ugari. Eta sartu ginenean, jendea Resistiré abesten ari zen. Eta zuk badakizu zelan amaituko den afera, broma gutxi Goiko Bimbon. Baina hor amaitzen da Goiko Bimbokoa, baina hau Club Sandwich bat da. Orduan..., ez dakit zer ordutan, nire pisura jaitsi ginen. Akorduan dut giltza sarrailan sartu nuela baina ezin ireki. Beheko Bimbotik Goiko Bimbora dena zen ilara bat eskaileran, Paquito el Chocolatero osatzen, ti-to-ti-to ti-to-ti-ti-ri-ti-ri-ri..., eta bat-batean ehun edo ehun eta hogei lagun zeuden Barren Bimbon, Barrenetxean, alegia, neure pisuan. Eta bat-batean, pun, pun, pun! (errepika, ukabilaz, txunda-txunda balitz bezala), eta jende guztia oihuka “after, after, after!”, zure pisua after bat da. Pun-pun-pun...! Ez dut besterik gogoratzen. Hurrengo egunean esnatu eta konturatu nintzen nire ahoan, hau da, nire ahoa zeharkatzen, txakur batek hezur bati eutsi nola, oin bat zegoela. Hau da, 120 kiloko norvegiar baten oina. Eta jendea poliki-poliki altxatzen... Ikusi duzue The Walking Dead? Hori ez da ezer Erdiko Bimboko pelikularen aldean. Hori bai, goizean zehar jende guztia bota eta sandwich misto bihurtzen zara berriz ere. Eta holaxe: behean eta goian nor dagoen, falafela izango zara, edo doner kebaba, edo burritoa, edo hanburgesa yankia, hot-doga ere bai, edo montaditoa, edo paninia —gero eta gehiago paninia, italiar piloa etortzen ari baitira—, edo pan tumaca —kontuz katalanekin... kontuz katalanekin, zer esan dizuet!—. Edo zeuk asmatzen duzu zeure sandwicha giroaren arabera. Eta horrela —eta horregatik ekarri zaituztet hona—, eta horrela auzoa eraldatzen duzu. Auzo osoa festa handi bat da. Au-zo o-so-a fes-ta han-di bat da! Baina hori ez da benetan eraldatzailea. Auzo osoa aje izugarri bat da! Au-zo o-so-a a-je i-zu-ga-rri bat da! Hori da hori aldaraztea! Gaztea bazara, ajea aguantatzen duzu, baina benetan uste duzue auzo honek aguantatu ahal duela aje bat bata bestearen ondoren? Ez, ba! Eta zorionez horrela galduko da auzoa. Ez bakarrik, baina helduko da egun bat non hemen ez den inor altxatuko! Aje kolektiboa! Ados? Bai? Zer, Cayetana? Zer diozu? Bimbo Goikoan ostatu hartuta zaudela egun hauetan? Eta uste duzula nire pisuan egon zarela? Ez dut zure akordurik! Normala, horrenbeste izanik! Ze jatorra, Cayetana! Tira, nahikoa da, nahikoa da. Denok nire atzetik, jarraitu guardasol gorriari, mesedez!

 

Gidaria guardasolarekin ibiltzen da segundo batzuetan, ezer esan gabe.

 

gidaria: Hemendik, mesedez. Eta orain..., orain amaitzera goaz. Galderarik baduzue, mesedez, orain egin. Ez gorde ezer barruan. Ni neu, bitartean, diplomak prestatzeari ekingo diot. Zer diozu, Juan Manuel? Zer? Ez dugula oraindik katedrala bisitatu? Benetan? Benetan? Entzun ez banu bezala egingo dut. Bisitan funtsezkoena ikasi duzue eta uste dut merezi izan dituzuela diplomok. Zeuk ere, Juan Manuel. Zeuk ere! Dagoeneko baduzue hiriaren eta, bereziki, eremu honen gaineko ezagupen handi bat. Eta ez hori bakarrik, lehen azaldu dizuedan bezala, izugarri lagundu duzue gune hau eraldatzen. Hasi diplomak eskuratzen... Ez ahaztu ez direla doakoak. Turistifikazioaren ezaugarri nagusia da kontsumoarekin lotuta dagoela. Kontsumoa gure erlijioa da eta kontsumoan denak du bere balioa. Dena: diplomak eta, noski, gure tourrak. Ez nizueke zertan gogorarazi, nola da..., txin-txin txin-txin..., oso ondo, txin-txin, txin-txin! Bikain! Ikusten? Juan Manuel, ez dizut entzun! Diplomak! Diplomak hemendik... bakoitza hamar euroan... Eta, bestalde, free tourreko diru-saria... Ez nahastu diploma eta tourra, ordainketa independenteak dira. Badaezpada ere komentatzen dut. Diplomak... Diplomok autoestima igoarazten dute. Esango dizuete unean-unean esperientzia iragankorrak kontsumitzen dituzuen pertsonak zaretela, horixe dela turista bat, kapitalaren mendeko txotxongilo hutsa, baina zuek ez zarete esperientzia iragankorren kontsumitzaileak. Kontsumitzaileak ere ez zarete. Zuek ekoizleak zarete, aldaketa historikoaren subjektuak eta motorrak. Etorkizun bat ekoizten ari zatzaizkiote hiri honi. Momentu honetan zer dago nonahi? Bada, overtourism dago, overtourism, turista ugari, baina undertourism balego? Kanpoan dauden basanimaliek —lehoiek eta hienek batez ere— dezelerazio turistikoa jarri nahi dute martxan. Zuek ez jan amu hori, ez jan amu hori! Entzungo duzue: nork ditu eskubide gehiago, auzoan urte osoan bizi denak ala onenean bizpahiru egun ematen dituenak? Amurik ez jan! Giza eskubideak ez dira gehiago edo gutxiago, berdinak dira guztiontzat. Berdinak. Eskubide berdinak dituzte gau bat Goiko Bimboan ematen dutenek eta urte osoa beren serengentian murgildurik bizi direnek. Berdinak! Gainera, ikasi egin dugu Goiko Bimboan gau bakarra ematen duena aldaketarako subjektu aktiboa dela eta, aldiz, urte osoa hemen bizi den auzokidea saiatuko dela gauza guztiak berdin iraunarazten. Orduan, auzokideak ez dira gizarte-aldaketarako baliagarriak. Nahiko lukete bizi xii. mendean bezala, zazpi metroko hesi batekin eta txiza leihotik behera botatzen. Baina zuek ez kikildu eta hartu diploma. Ikusten duzue zer jartzen duen? Ni... eta hor jarri behar dituzue zuen izen-deiturak, eremu historikoaren eta sinbolikoaren eraldaketarako subjektu aktiboa izan naiz. Eta ez duzue besterik jarri behar. Diplomak gaurko data dakar, ikusten duzue? Hori bai, sinatu nahi baduzue. Sinadurak beti ematen dio plus bat. Hemen... Hemen sina dezakezue... Eta orain, bisitari maiteok, ordaintzeko ordua heldu da. Hau free tour bat da, kontzientzian jaso duzuenaren arabera ordaindu behar duzue, uste duzuenaren arabera, kontzientzian... Estimatzen baduzue aberasgarria izan zaizuela, neurri berean ordaindu..... Txin-txin txin-txin... Eskerrik asko, eskerrik asko. Txin-txin, txin-txin. Esan behar dizuet sekula ez dudala zuena bezalako talde onik eta interesgarririk izan, milesker, milesker... Hemendik txin-txin, txin-txin... Eskerrik asko, eskerrik asko...

 

 

amaiera