Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Laugarren eguna

 

 

Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua

laugarren egunerako argibideak

Harkaitz Canok bidalia

 

      El Ratllador-ekoekin bilera. Goizean, zer ezabatu daitekeen erabaki. Arratsaldean, ezabaketa praktikoa. El Ratllador-eko lagunei BEEZ! kolektiboaren antzeko zerbait Bartzelonan sor daitekeen planteatu. Zineman ikustea merezi duen zerbait ba ote dagoen begiratu karteleran.

 

 

Laugarren eguna:
non zeozer gertatu zaigun
Fermin Muguruzarekin eta Anna Gabrielekin

(uztailak 15, larunbata)

 

      Ez dakit ordubeteko loa egin dudan. A.G., aldiz, murgil ederrean sumatu dut nire ondoan. Horrek esan nahi du lasai dagoela. Agian ez daki deus, egiaztatzaile huts zinezkoa omen da.

      Aurreko eguneko argazkiak paratu ditut horman. Polaroid-bizitzarik bada, hauxe izan behar da. Garbitzaileek eta Calik ez dute deus kendu. Menturaz, begira geratuko zitzaizkien, eta Calik esango zien: “Lasai, Oxtul Aigé ari da Irene Contina bilatzen. Baletor, zuek ni abisatu eta neronek Oxtul”. Oharrei beha, deskubritu dut Bartzelona Babilonia turistifikatu bat dela. Honelaxe, Roy Lichtenstein artistaren behia balitz bezala: Bartzelona Barcelonia Babilonia. Eta Lorategi Esekiak Ravaleko Ranblan daude.

      Gaur goizean hitzordu inportantea dugu El Ratllador Just kolektiboko kideekin. Edo, hobeto esateko, kidearekin, bakarra agertu baita: Josep Ribalta. Urte bi lehenago ezagutua nuen Josep Oslon, hizkuntzen galtzeari eta memoriari buruzko nazioarteko jardunaldi batzuetan. Orduan mintzatu zitzaidan El Ratllador-i buruz eta handik lasterrera kidetu nintzen.

      “Salut i petroli, lagun. Ekarri duzu Biblia”, ohartarazi dit.

      “Behin betiko ezabatzea den Apokalipsia dakarren liburua”.

      “Zer moduz Bilbon?”.

      “Bilbo aspaldi desagertu zen Babilonia bilakatu den Bartzelona hau izateko”.

      Kidetu orduko agindu nien performance-serie bati ekingo niola Bartzelona kantabriarra ostera ere Bilbo izan zedin. El Ratllador-eko adar bat ere zabaldu behar nuen eta ezinbesteko kideak bilatu. Noski, ez nuen deus ere egin eta orain lotsa apur bat ematen zidan Josepekin biltzea. Horregatik antolatu nuen aurreko egunean Què eliminaries de Barcelona? / What would you remove from Barcelona? performancea.

      A.G. oso adi ibili da. Aitortu diot Josepi arratsaldean ezabaketa praktikoak egin behar ditudala, baina ez zaidala otutzen zer ezabatu. Kontatu diodanean gari-sail bat bezain zabala den plomero itxurako asasino ukrainarrak ezabatu nahi izan gaituela ez da harritu.

      “Ez. Ez naiz harritzen, ezabatzeen mundua ere oso nahasita baitago azkenaldion. Niri neuri dagoeneko mediokritatea bakarrik interesatzen zait. Han-hemen aritzen naiz mediokritatea ezabatzen. Hor dugu guk bide agorrezina eta oparoa. Mediokritatea ezin da desagerrarazi baina unean uneko ezabaketa txikiak egin daitezke. Hor dugu guk, ezabatzaileok, lur-eremu emankor bat. Eta esango nuke zu zeu ari zarela, kontatu berri didazunaren arabera. Raval perimetratzea eta Irene Contina bilatzea ez al da mediokritatearen kontrako ariketa eder bat? Bide batez, geroago hitz egingo dut Continaren aferan agian lagundu ahal izango dizun adiskide batekin”.

      Oslokoan lehenengoz elkartu ginenetik, beste bitan (gaurkoa bigarrena) egon naiz Josepekin eta hiruretan izan dut izugarri ondo ezagutzen nauelako sentipen arraroa, neure egitekoen itzal kritiko bat balitz bezala. Irakurri egiten nauelakoan. Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburua ere (irakurria du gaztelerazkoa) ekarri du hizpidera: ‘Ezer ez garelako erabaki dezakegu zer nahi dugun izan, eta zer nahi dugun egin. Ez gara ezer, egin arte’.

      “Ideia hori”, esan diot, “nire performance baten leitmotiva izan zen!”.

      “Badakit, horregatik ekarri dut. Inoiz baino gaur egungoago eta ezinbestekoago bihurtu zaigu”.

      “Sarrionandia baino lehenago, Lawrence Arabiakoa dago. Badakizu: Thomas Lawrence eta beduino talde bat Nefud basamortua zeharkatzen ari dira turkiarrei Akaba hiria ezustean hartzeko asmoz. Mortuko alde gogorrenera heltzean, Gasim lokartu, gamelutik jausi eta galdu egin da. Lawrencek haren bila joatea erabaki du. Ali buruzagiaren ustez, berriz, blasfemia da ingelesaren jarrera: ‘Idatzita zagok gizon horrek gaur hil behar duela’. Baina Lawrence, bere egoskor egolatran, Gasimen bila joan da. Harekin bueltatu delarik, Aliri aurpegiratu dio: ‘Ezer ez zagok idatzita neuk idazten ez badut’”.

      “Insha’Allah”.

      Beraz, ari naiz. Ari naiz oharkabean, baina zuzen eta egoki.

      Poz beteak hartu nau bat-batean. Gaur arratsaldean Fermin Muguruzak kontzertu berezia du hiriko Grec Jaialdian. A.G. zeharo profesional ari da egiaztatzegintzan eta iruditu zait kontzertura joatea opari polita izan daitekeela.

      Ferminek Fabra i Coats arte garaikideko espazioan burutu du kultura-egonaldia, eta Sant Andreu auzoko jendearekin jardun du elkarlanean. Eta horren erakusgarri, hemezortzi emakumerekin eta bi gizonekin sortu duen Micaela Chalmeta big banda. Izenak, nonbait, xx. mende hasierako kooperatibista bartzelonar sozialista eta feminista bati zor dio.

      Grec, izenak berak dioenez, Montjuic aldean dagoen antzoki greziar ikusgarria da, lorategi ez-eseki zoragarri batzuk ere badituena, anfiteatro natural ezin ederragoa. Heldu orduko Anna Gabriel cupeko militanteak agurtu nau:

      “Gaur ez duzu gonarik jantzi behar?”.

      Bilbon ezagutu nuen Anna (niretzat Anna Palindromoa) 2015ean. Egun hartan gona neraman aldean. Esan zidan asko gustatzen zitzaizkiola gona janzten zuten mutilak eta argazki bat egin genuen elkarrekin. Ustekabe ederra izan da gonarekin akordatu izana. Baina ez, Anna Palindromoa, gaur ez dinat ekarri.

      Ferminen kontzertua berezia izan da, inondik ere. Amaieran, Sarri, Sarri abestu du eta ustekabean dantzan hasi gara dozenaka lagunen artean (harrigarria da oso: atzo pogoa eta gaur Sarri, Sarri santandreutar hau).

      Johnny Mobyletteren nahastea akorduan, oso arraroa begitandu zait Fermin Muguruzak nire bide kataluniarrean hartu duen pisu handia. Ezin da erabat baztertu Canorekin elkar hartuta egotea. Baina bereziki arraroa izan da kontzertua amaitutakoan gertatutakoa:

      A.G. eta biok lorategietara joan gara zerbait edaten. Han Txabi ikusi dugu, urtero Bilboko jaietara etortzen den lagun katalana. Beste mutil batzuk ere ezagutu ditugu eta nik neuk Barilochez, Argentinaz, musikaz, Belarritik Errautsik Ez! (BEEZ!) bezalako kolektiboen beharraz, eta abarrez jardun dut. Alegia, Canok proposatutako staff guztia aurkeztu dut laugarren egunak ematen duen seguritate handiarekin.

      Ordubete inguru joan denean, Fermin ikusi dugu lagun-talde batekin. Lagun-taldean honako lagun hauek daude:

      Fermin, jakina.

      Anna Gabriel.

      cupekoak izan litezkeen eta asasino itxura duten zortzi gizon-emakume.

      Ines Osinaga kantaria eta M.L. (Inesek jo egin du kontzertuan, eta agian horregatik kokatzen ditut M.L. eta biak lagun-taldea osatzen duen zirkuluan, baina egia esan ez nago seguru).

      Iñigo Muguruzak ere jo du baina ez dago zirkuluan.

      Edozein kasutan, Fermin, Anna Palindromoa eta cupeko zortzi asasino.

      Hurbildu egin gara eta Ferminek harrituta bezain pozik agurtu gaitu. Eta ez hori bakarrik. Edukazio handiz, Annari eta cupeko asasinoei mintzatu zaie:

      “Momentu bat. Aurkeztuko dizkizuet lagun hauek. Lutxo Egia Bilboko idazlea eta artista da, eta...”.

      “Barkatu, Fermin. Oxtul Aigé naiz, Oxtul Aigé”.

      Ferminek deus ulertu ez duelako aurpegia jarri du. cupeko asasinoek ere jarri dute aurpegi bera, baina aire popular batez.

      Une amaiezin bateko isilune berunezkoa sortu da.

      Lotsarako bide zuzena.

      “Oxtul, Oxtul Aigé”, azpimarratu dut berriro, ahotsa mehetzen zitzaidala nabaritzen nuelarik.

      Ferminen bisaia harritua izugarri larritu da, eta iruditu zait cupeko asasinoek eskuak eraman dituztela bularraldera, pistola bana bilatuko balute bezala. Anna Palindromoari, berriz, ezin izan diot begiratu. Inor ez dagoen eremu ezinezko batera eraman dut begirada eta, ez dakit nola (ez baitut gogoan) eta deus esan gabe, zirkulutik irten gara, desagertzera, gaur, gari-sail bat bezain zabala den ukrainarraren laguntza behar gabe, guk geuk ezabatu dugu geure burua Canok proposatutako ariketa praktikoan.

      “A.G., zer apuntatu behar duzu?”, galdetu diot erdi-pertsona izatera itzuli naizenean.

      “Johnny Mobylettek Lutxo eta Fermin nahastu zituen herenegun, eta gaur Ferminek Lutxo eta Oxtul nahastu ditu. Fermin Muguruzak ez du Oxtul ezagutzen”.

      Ez du Oxtul ezagutzen, edo Canorekin elkar hartuta dago. Horixe nire pentsamendua.

      Anna Palindromoarekin ere gogoratu naiz. Hark ez zekien nire izena, eta orain, menturaz, gutxiago. Baina, gainera, zer pentsatuko ote du nitaz? Zer esan ote dio Ferminek horren modu koldarrean ospa egin behar izan dugunean? Pentsamendu ergel bat izan dut: egun batean erbesterako bidea hartu beharko balu, batuko nintzaioke eta argituko nioke nor naizen. Oxtul naizela.

      A.G.k pot eginda sumatu nau. Madame Jasminera joateko zirikatu nau.

      “Edo Ravaleko jaietara, gerta liteke Irene Contina aurkitzea gutxien uste dugunean”.

      Baina ez dut ezertarako gogorik. Lurrak erabat irentsi nau eta gaur horixe da nire tokia, ostruka baten antzo. Eta, paradoxikoa bada ere, irenste lotsagarri eta tamalgarri hori Oxtulen garaipenaren erakusgarria da. Ari naiz. Ari naiz mediokritatearen kontra. Ari naiz, baina zein garesti!

      Goizaldeko hirurak aldera argazki bat heldu zait WhatsApp-era. Ferminena da. Argazkia eszenatokitik bertatik hartua da. Bertan A.G. eta biok ageri gara Sarri, Sarri-ren dantzan (Umiliazioaren Dantza). Animatzeko keinu gisa irakurri dut mezua (ez dut baztertu Canoren argibide zehatza ere izatea, noski). Eta erantzun diot:

      “Eskerrik asko! Oxtul Aigé”.