Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Zortzigarren eguna

 

 

Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua

zortzigarren egunerako argibideak

Harkaitz Canok bidalia

 

      Tallers kale inguruko disko-dendetan galdetu Los Guerriorsen diskorik ba ote duten (Bilbora itzulitakoan geure diskoetako bat igorriko diet postaz, ezezko kasuan). Nire hostaleko harreran galdetu Irene Continak nitaz galdegin ote duen. Ezezkoa esaten badidate, insistitu.

      Erosketak egin: ongi geratzen zaidan emakumezko arropa. Peluka bat. Azazkalak egin. Sephoran zein makillaje komeni zaidan galdetu eta hura erosi.

 

 

Zortzigarren eguna:
non performerren arteko giroa sortu den

(uztailak 19, asteazkena)

 

      Gaur, Raval perimetratzen hasi ginenetik, ustekaberik handiena gertatu zaigu. Nago ez dela azkena izango, baina gaurkoa biziki latza izan da. Egunaren amaieran gertatu denez, ez dut oraindik kontatuko.

      Lehenago, goizean, Eveliori galdetu diot Irene Continak nitaz galdegin duen. Evelio Cali da. Eta Eveliok arrapostu eman dit inork ez duela nitaz galdetu.

      “Insistitu beharrean nago, Evelio”.

      “Insistitu?”.

      “Bai, egiaztatu Irenek deitu didala edo ez didala deitu”.

      “Ez dakit nor den egunero deitu behar omen duen Irene Contina hori, baina hona ez du inork deitu. Heldu zinenetik, ez naiz hemendik mugitu”.

      “Hala ere, insistitu egiten dut”.

      “Bada, insistitu, nahi baduzu”.

      “Irenek deitzen duenean, mesedez, esan deituko diodala bueltan”.

      “Bai, zuk esaten baduzu...”.

      “Jakin behar dut bila ari naizen Irene Contina den ala beste Irene Contina bat den”.

 

      Calik harrituta begiratu dit, burutik egin ote zaidan. Gauza bat ziurra da: ez du gezurrik esaten, harrera-mahaitik igaro garen bakoitzean ikusi dugulako. Astebetean ez da mugitu. Harrera gibelean duen gela ziztrinean bizi da. Eta ez dut uste sarri kaleratzen denik.

      Irenek bizi-seinalerik eman gabe darrai. Baina bada auzi pisuagorik. Diario antizipatuaren (ez) betetze arautuak azken performance bat egitera bultzatu nau. Performanceetan performanceena (la madre de todas las performances) gauzatu behar dut ikusita Katalunia giltzapetu honetan dagoen giroa. Urrian erabaki behar dute Espainiari agur esan nahi dioten, baina nik neuk ezin dut horrenbeste itxaron. Azken aldiz kaleratu naiz aldean eramanez kartel berri bat, anonimotasuna bermatu nahi duen mozorro bat, Espainiako bandera bat eta estelada bat.

 

1 DE OCTUBRE:

SENTS LES TROMPETES DE L’APOCALIPSI?

 

1st October:

can you hear the seven trumpets of Revelation?

 

      Jendeak A.G.ren kaierean idatzi du, lehenago Bartzelonari ezabatu beharrekoekin eta galtzerdien poemarekin egin legez. Neu izan naiz lehena idazten:

      Gurako nuke Anna Gabriel izatea estatu katalanaren lehen presidentea eta sortzea palindromoen sailburuordetza bat.

      (Zer esanik ez, Euskal Herrian ere halako bat sortu beharko genuke).

      Jarraian, jendeak bere desioak idatzi ditu ereduari jarraiki:

      Gurako nuke Carles Puigdemont i Casamajó izatea estatu katalanaren lehen presidentea eta uxatzea palindromoen sailburuordetza bat sortzeko asmo zitala.

      Gurako nuke Louis Armstrong-en tronpeta arauz kanpokoa entzun urriaren 1ean.

      Gurako nuke errepublika katalan bat non caganer-ek txiza ere egiten duten, halako Manneken Pis bat kataluniar erara.

      Gurako nituzke tronpetak entzun, bai. Bonba nuklearra guztioi, agudo!

      Gurako nuke errepublika katalanean arropa garbitzeko garbigailu berri bat.

      Gurako nuke estatu katalaneko hiriburua Pirinioetara eraman.

      Gurako nuke tribuna vip bat hobeto ikusteko datozkigun ostiak.

      Gurako nuke audifono bat, iruditzen baitzait ez dudala ezer entzungo.

      Gurako nuke Espainia estatu katalaneko autonomia izatea.

      Gurako nuke estatu euritsuago bat.

      Gurako nuke sare sozialik gabeko estatu bat, haiek baitira egiazko tronpetak.

      Gurako nuke monarkia katalana non drag queen-ek eta drag king-ek agintzen duten.

      ...

 

      Idatzi ondoren, aukeratu behar zuten zer jarri buruz behera: piperpotoa ala estelada.

      Amaitutakoan Tallers kale mitikora abiatu gara, Canok zehaztu lez. Ravalen, gremio-izenari eusten dion kale bakarra da. Baina ez dago garbi izena nondik datorren: batzuen ustez, “teyers” (ehuleak) izan liteke; beste batzuen ustez, berriz, “ostallers” (harakinak). Kontuak kontu, diktadura-aldia amaitutakoan kalean zabaldu ziren hamaika disko-dendetatik deus gutxi geratzen da. Revolver Records mitikoaz gain, deus gutxi. Inon ez dute Los Guerriorsen diskorik, baina pare bat tokitan ezagutzen zuten.

      Arratsaldean erosketatan ibili gara. Diario antizipatuaren araberako erosketak izan dira: emakumezko soineko arin granatea, ileordea eta Sephorako makillajea. Azazkalak egiteko denborarik, ordea, ez dut izan eta biharko utzi dut.

      Iluntzean, parranda egiteko bat-bateko irrikak Madame Jasminera bultzatu gaitu. Sartu orduko, aldean nirea bezalako fedora bat zeraman morroi bat ikusi dut.

      “Begiratu, A.G., horrek nirearen moduko kapela du”.

      “Qué barbaridad, Bagdad! Abel Azkona da-eta!”.

      “Abel Azkona artista eta performanceen egilea?”.

      “Bat eta bera!”.

      Eta idatzi du Abel Azkona artista famatu iruindarra Madame Jasminen dagoela buruan fedora bat daramalarik.

 

      Ezin liteke izan, komentatu dut neure baitarako. Oxtul Aigé naiz eta ez naiz, eta astebete luzea daramat Babilonian performanceak egiten (azkena gaur goizean bertan: 1 de octubre: sents les trompetes de l’Apocalipsi?) eta topatu berri naiz munduko performer garrantzitsuetako batekin, eta gainera performer biok fedora daroagu buruan. Breton eta surrealisten zori objektiboa ere ez zatekeen hainbestera ausartu!

      Ez bat eta ez bi, neure artean errepikatzen nuelarik Harkaitz, urrunegi joan haiz, urrunegi joan haiz, abordatze gaitza egin diot Azkonari.

      “Abel zara, ezta? Canok bidali zaitu, ezta? Zer nahi duzue nitaz?”.

      Azkonak, burrunba desatseginak uxatzen ohituta dabilen artista famous-en fineziaz, begiratu ere ez dit egin. Esango nuke entzun ere ez didala entzun. Ekin egin diot, insistitze canotarra.

      “Cano! Cano! Cano! Cano! Cano! Cano! Cano! Cano! Cano!”.

      Oraingoan bai, entzun egin dit. Eta ez Azkonak bakarrik, harekin dauden emakumezko biek ere entzun didate, bai eta tabernan dauden beste guztiek ere, musikaren bolumen altua gorabehera.

      “Cano, bai. Nor da Cano? Nacho Cano?”.

      “Harkaitz Cano, ondo dakizu-eta!”.

      “Harkaitz Cano? Ez dut horren aditzerik” (*ados, Abel Azkona ez zait honela mintzatu, baina literaturatasunaren hobe beharrez ez ditut hona ekarri nahi haren hitz eta tonu zehatzak. Horrexetarako sortzen ari dira inteligentzia artifizialak).

      “Bai, baduzu”.

      “Ez, ez dut, benetan, sentitzen dut”.

      “Orduan, nork esan dizu hona etorri behar zenuela fedora hori buruan? Nuriak? Irenek? Ez zarete zuek Nuria eta Irene izango, ezta?”.

      Azkonak eta lagun biek zalantzaz beteriko behakoa eskaini didate. Ez dago harridurarik edo, are, herrarik, galdera ikur alimaleko bat baino ez.

      “Sentitzen dut, lagun. Ez Irene, ez Nuria eta ez Cano. Zeharo nahasita zabiltza. Eta sentitzen dut, benetan, morroi jatorra ematen duzu. Gainera, sarri eramaten dut fedora hau. Inork ez dit buru gainean zer eraman behar dudan zertan esan, eta are gutxiago Harkaitz Canok!”.

      “Orduan, onartzen duzu ezagutzen duzula?”.

      “Ezetz, ba!”.

      Gauzak zer diren, Azkona, emakumezko biak, A.G. eta bostok Ravaletik hurbil dagoen Apolo dantzalekuan bukatu dugu goizeko ordutan. Abelek eta biok argazki bat egin dugu komunetan, diario antizipatuak eskertuko zuelakoan. Une ederra izan da, performer bi fedora bana buruan adiskidetu berri. Irten garenean, berriz, liskar betean topatu ditugu haren lagun biak. Performancearen une gorena edo amaiera izan da, ez dakit nola deitu. Kontuak kontu, dantzalekua abandonatzera gonbidatu gaituzte.

      Caliren ostaturako bidean, A.G.k egiaztatzaile ororen kode idatzi gabea hautsi du lotsagabeki. Gertatutakoa jasotzera mugatu beharrean, haserre joan da (haserre oso) ez zegozkion errealitateak eraikitzen eta niri neuri eragiten. Ez zaio dantzalekuan gertatutakoa gustatu. Ados, eta? Ez diot ezertxo ere esan, baina gustura esango niokeen: “A.G. maitea, zu ez zaude hemen eragiteko nire iritzian, notario lan hutsa egiteko baizik”. Baina, jakina, ez diot ezer esan.

      Heldu garenean, ikusi uste izan dut distira bat Caliren begietan.

      “Galdetu dute?”, itaundu diot.

      “Galdetu... nork? Zer?”.

      “Nor izango da, Evelio! Nor izango da, ba! Irene... Irene Contina! Galdetu du nitaz ala ez du galdetu?”.

      “Inork ez du ezer galdetu...”.

      Banengoen, ba. Caliren distira faltsua zen. Insistituko nuen, baina dagoeneko diario antizipatuaren hurrengo egunean geunden eta pentsatu dut jada ez zegokidala. Gabon esan diogu eta lotara joan gara.