Ana Galarragari gutuna
2017ko uztailak 4
Eguerding, Ana!
Bart jaso dut bide-orria.
Hauexek, beraz, zuretzako lehen argibideak:
Hilaren 12an Bilbon egon beharko duzu. 13:00etan egotea nahiko. Performancea ofizialki 15:30ean hasiko da.
Ondo bidean, hilaren 21ean amaituko da, 22:30ean.
Zer ekarri behar duzu?
1. Udako arropa. Bi egun lehenago asteko eguraldi-iragarpena bidaliko dizut.
2. Koaderno bat. Ez da Moleskine bat zertan izan. Baina egunkari bat idatzi beharko duzu. Ikusten duzuna. Oharrak hartu. Oharkari bat.
Ze ohar mota?
Objektiboak: narratibo/deskriptiboak (egin du, joan da, galdetu dio...).
Subjektiboak: ez dizut zertan nabilen esango. Hori guztia zuk zeuk ulertu beharko duzu. Oharkarian, bada, gogoetak eta hausnarrak ere jaso beharko dituzu unean une.
1. Argazki-kamera. Aukeran, Polaroid klasikoa. Irudi bidez ere erregistratu beharko duzu lantzean behin.
Nola jardungo dugu?
A. Egiaztatzaileak nirekiko
Bi modu aurreikusten ditut:
* La Capa de Luis Candelas estiloan: Mortadeloren eta Filemonen komiki famatuaren omenez. Nire itzala zara. Eta itzala izanik, mutua. Alegia, gertatzen diren unean erregistratu beharko dituzu interakzioak. Eta horretarako ezinbestekoa da alboan egotea, kasik itsatsita.
* Patricia Highsmith estiloan: zenbaitetan distantzia mantenduko duzu. Eta nik interaktuatu ondoren interaktuatuko duzu zuk.
B. Nik egiaztatzailearekiko
Koordenatuak emango dizkizut egunero, egoki ikusi aldiro.
Egiaztatzailea izateak ez du esan nahi distantzia bat mantendu behar duzunik nirekin. Elkarrekin biziko gara. Bide-orria ezarri didanak aipatu zidan ondo egon zitekeela nik ez ezagutzea berifikadorea, beste batzuen eskuetan uztea aukeratze hori, eta nik haiei bidaltzea koordenatuak eta haiek hari. Baina konplikatuegia iruditu zitzaidan. Gainera, uste dut interesgarria dela egiaztatzailearen beraren figura. Bake- eta armagabetze-prozesuetan (eta orain ari dira Euskal Herrian) egiaztatzailea talde armatuetako kideekin biltzen da isilean eta isilean egiten du bere lana. Erregistratu egiten du eta amaieran publikoki aurkezten du. Beraz, egiaztatzailea erregistradorea da. Eta halaxe zeu ere, beldurrik gabe egunak aurrera joan ahala ni (hura) hobeto ezagutzeko.
Aurrekoan komentatu nizun ez dizudala esango nork ezarri didan bide-orria. Hori bai, zure kontaktua pasako diot eta haren esku utziko egun horietan zurekin harremanetan jarri edo ez. Ez badu egiten, amaitutakoan esango dizut nor den.
Uste dut oraingoz nahikoa dela honekin.
Eskertuta oso!
Ltx