Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Lehen Eguna

 

 

Tren estuak, ideia zabalak:
Oxtul Aigéren diario antizipatua

Lehen egunerako argibideak

Harkaitz Canok bidalia

 

      Oxtul Aigé naiz eta ez naiz.

      Izan naiteke, esandakoa betetzen badut. Agian banaiz jada baina izateari utz niezaioke diario antizipatu honetan idatzi dudana betetzen (ez) badut.

      Nire burua autoen atze-ispiluetan islatuta baino ez dut ezagutzen. Horrelaxe baino ezin ezagut dezaket/nazaket.

      Bartzelonarako trena hartuko dut Bilbon. Udako egun batez. Bidean, geltoki guztietan jaitsiko naiz erosi berri dudan bigarren eskuko polaroid-arekin argazki bana ateratzeko. Polaroid zahar bat da, argazki handiak ateratzen dituena, ez oraingo ttipi horiek bezalakoa. Gero, trenera berriro. Baldintza bakarra da: argazkietan ez giza figurarik, ez bizidunik ez agertzea inongo unetan.

      Hostal merke batean ostatatuko naiz, Sants-etik gertu.

 

 

Lehen eguna:
non beharbada dena ez den dirudiena

(uztailak 12, asteazkena)

 

      Oxtul Aigé naiz eta ez naiz.

      Izan naiteke, esandakoa betetzen badut. Agian banaiz jada baina izateari utz niezaioke diario antizipatu honetan idatzi dudana betetzen (ez) badut.

      Nire burua autoen atze-ispiluetan islatuta baino ez dut ezagutzen. Horrelaxe baino ezin ezagut dezaket/nazaket.

      Hostal merke batean ostatatu naiz, baina ez Sants-etik hurbil. Auzo Gotikora etorri behar izan dugu. Ze booking karajo egin dezakezu Bartzelonan uda betean astebete lehenago? Pensió Coral.

      Bilboko tren-geltokian nenbilela heldu naiz pentsatzera A.G. egiaztatzailea ez zela agertuko. Jendea halakoxea da: kaka praketan egiten du eta ez da agertzen. Agian, ez nuen eskubiderik halakorik pentsatzeko, baina egin egin dut.

      Ez da pertsonala, A.G.

 

      Pentsatu dut:

— Eta egiaztatzailea agertuko ez balitz?

— Eta, hura barik, Harkaitz agertuko balitz?

— Elkar hartuta ote daude A.G. eta Harkaitz?

— Ba ote daki A.G.k Canorena? Alegia, ba ote daki nik baino hobeto?

— Zer dakit nik, finean, Canoz?

— Zer dakit A.G.z?

— Zer dakit idazleen gezurrez?

— Zer dakit egiaztatzaileen lanaz?

— Eta Cano nire egiaztatzailea bada?

— Eta Cano egiazko Oxtul Aigé bada eta ni frankizia hutsa?

— Ba ote dabil A.G. Canok idatzitako egiaztatzailearen bizitza bizitzen eta nik ez dakit ezer?

— Ba ote naiz egiaztatzailearen egiaztatzailea? A.G.ren egitekoen egiaztatzailea? Kontuak eskatuko ote dizkit Canok amaitutakoan?

— Zelatatu beharko ote nituzke Cano eta A.G? Baina non dabil A.G? Oraindik ez da heldu. Eta non dabil Cano? (Noiz utzi diot Harkaitzi Harkaitz deitzeari Cano deitzeko? Hemendik ote dabil?).

— Bizi ote du Harkaitzek beste bizitza bat, non ez den idazlea?

— Eta neurez egiaztatzailea bilakatuko banintz? Norena, baina? Neure bizitzarena?

— Mikrografoa, menturaz? Alegia, bizitza ezdeusen errelatorea?

 

      Eta gaitz erdi halako batean A.G. azaldu den, aire katalan batez, kasik hanka-puntetan, maleta txiki bakarra aldean zuelarik.

      Hala ere, ez naiz fio. Ez zait garbi geratu hura eta Harkaitz elkar hartuta dauden.

      Sants geltokirainoko bidaia lasai joan da. Oxtul Aigé naiz. Izan naiteke, esandakoa betetzen badut. Agian banaiz jada baina izateari utz niezaioke diario antizipatu honetan idatzita dagoena betetzen (ez) badut. Gaur egun geure bizitza bizitzea da Abentura Handia, ez beste inorena. Eta ni Oxtul naiz, eta ez naiz. Gizajendearen erronka latza norbera izatea da, norbera irautea, inpostura eta postureorik gabe.

      Bidaia lasai joan da. A.G., aukeran, isilegi. Ni neu, berriz, hitz eta pitz. Trenetan jende gehienak ez du bidaideekin hitz egin nahi. Are gehiago, desiratu egiten dute inork haiei deus ez esatea. Baina jai duzue Oxtulekin. Barilocherako trena ekarri dut hizpidera. Eta Los Guerriors. Eta Matáme Twice. Eta Manifestu Fragmentarista, eta zergatik dekalogoak puntu bat falta duen (batzuetan dena azaldu behar da), eta Pedro Mairal, eta Tren estuak, ideia zabalak proiektua (argitu diet hargatik jaisten naizela argazkiak ateratzera), eta Belarritik Errautsik Ez kolektiboa, eta The Sundance Kid eta Butch Cassidy, eta Robespierre Panebianco mitikoa, eta Barilochazo mitikoagoa. Eta zergatik ez dudan argentinar baten azentua. Eta, orduan, amarena, euskararena eta Rosarioko Euskal Etxearena. Eta tarteka Maradona ere bai.

      Baina orain Pensió Coralean gaude. Sants geltokia Jaume I geltokia Sant Jaume plaza Ciutat kalea Regomir plaza Calella kalea.

      Pentsio kalamastra bateko gela itogarri batean. Bihar, diario antizipatuan irakurri ahal izan dudanez, pertsona bat bilatzeari ekin behar diogu. Zeren eta izatea bilatzea baita. Dagoeneko pentsioko atezainari galdetu diot pertsona horretaz, nitaz galdetu duen, deitu duen, mezurik utzi didan. Atezainak ez daki ezer. Geroago nongoa den galdetu diot (egiaztatzaileak bere kaierean idatzi du: “Nongoa den galdetu dio”. Bide batez, A.G.k bidaia osoa eman du idazten eta larritu ere larritu egin naiz. Egonaldi osoa emango ote du idazten deus esan gabe? Oso egiaztatzaile profesionala iruditu zait). Atezainak erantzun du Calikoa (Kolonbia) dela. Eta ez bat ez bi, “bihar arte, Cali” agurtu dugu batera A.G.k eta biok. Eta nik “bis-bis” esan diot A.G.ri eta hark, berriz, “qué barbaridad, Bagdad” atxagianoa, baina nik ulertu dut “qué casualidad, Bagdad”. Eta segituan, honezkero bere egin duen moreneta aire horrekin, El Cali apuntatu du bere kaierean.