Harkaitz Canori gutuna (I)
2017ko urtarrilak 3
H!
Urte berri on!
Ezagutzen duzu Porque ella no lo pidió nouvelle-a, ezta?
Autorearen hiltzeaz eta testu literarioaren barruan bizitzeaz mintzo da Enrique Vila-Matas narrazioan. Bertan, biziaraziko duen testu literario bat idatz diezaion eskatzen dio Sophie Calle artista frantsesak.
Ez zait “testuaren barruan bizitzearena” interesatzen. Bai, ordea, gero eta gehiago azkenaldion, literaturarekin bainoago soziologiarekin zerikusia duen afera bat: ez ditugu geure bizitzak bizitzen. Edo gero eta gutxiago.
Gai horren gainean ari naizenez hausnartzen, performance bat nahiko nuke egin: beste batek idatzitako bizitza egiazki bizi.
Eta hor sartzen zara zu. Proposatu nahi dizut zuk zeuk idazteko bizitza hori. Baldintza guztiak betetzen dituzu: idazle aparta zara, jolasak gustatzen zaizkizu eta badakizu, ondo jakin ere, arteak ezohikoa eskatzen duela, common sense-ren kontra joatekoa, baita arriskatzekoa ere.
Beharko nuke bide-orri bat, non hainbat egunetako/astetako bizitza zehaztuko zenidakeen.
Bestalde, egiaztatzaile-castinga ere antolatu nahi dut. Casting publikoa deialdi baten bidez. Izan ere, idatzitako bizitza hori egiaztaturik izan beharko litzateke.
Esango didazu lasai, estutu handia!
Ltx