Harkaitz Canoren gutuna
2017ko uztailak 3
Gabon, Lutxo!
Zer moduz atera zen castinga? Entzun dut Ana Galarraga izango dela zure egiaztatzailea.
Lehengoan, hark zure arrastoa bideoz segitzea interesgarria litzatekeela bururatu zitzaidan.
Hortxe atxikia doa proposamena.
Argibideak:
Buelta asko eman ondoren, zure —gure— soslaitik hainbeste urruntzen ez den perfil bat sortzea pentsatu dut, egingarriagoa eta egiazkoagoa izan daitekeelakoan (eta funtsean baita “transformagarriagoa” ere, agian). Alegia, plomero ukrainar baten larruan sartzea eska niezazukeen, baina tranpatiegia eta zientzia fikziozkoegia litzatekeela hori, behartuegia... “Plomero ukrainar” itxurak egiten amaituko zenuen ziur aski, halabeharrez. Aktuazio bat litzateke, baina ez transformazio bat.
Horregatik, ikusiko duzun bezala, soslai arty-agoa hautatu dut, lutxoagoa, sophie calle-agoa, orain arte egin dituzun gauzekin lerratuagoa ustez (demagun Metamorfosis en el noveno asalto).
Bide-orrian ikusiko dituzu hainbat kontu oso zehaztuak eta beste batzuk ez hainbeste. Zuretzat aliziente izan daitezen utzi ditut inkonkrezio esparru horiek (demagun existitzen ez den webgune baten edo musika-talde baten berri ematen dudala: zure esku legoke hari horiei tiraka segitzea eta segituz gero zein hedapen eman horri).
Jakina, bistadizo bat bota eta emendakin partzialak zein osokoak egiteko garaiz gabiltza, konfiantza osoz.
Esango didazu ariketa honek remotamente bederen zure asmoen trazarik ba ote duen...
Besarkada bat!