Guardasol gorria
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Azaleko irudia: Irati Eguren Arruti
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
162 orrialde
978-84-19570-33-8
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Behin-behineko oharrak Oxtul Aigéri

 

 

      Oxtull aishé ahoskatuko dut. Inork galdetuz gero, agian esango dut jatorri maputxea duela.

      “1970. urteko maiatzaren 1ean jaio zen Barilochen, etorkin alemaniarren seme...”.

      Ados, baina azentu argentinarrarena konpondu behar dut abiatu aurretik. Honelaxe, adibidez: urte batzuk geroago, artean umea nintzelarik, Madrilera bizitzen eraman ninduten, Fuentes kalera, Opera inguruan. Amak biolina jotzen zuen. rtveko orkestra sinfonikoak jira egin zuen 1972an Argentinan eta ama biolin-jotzaile ordezko ibili zen. Orduan egin zuen harremana zuzendariarekin (Gregorio Garcia Asensio ote?) eta gurasoak Espainiara mugitu ziren. Beraz, ez argentinarra, ez alemaniarra, apatrida bat Madrilgo udaminean. Baina hamabost urterekin, 1985ean, bueltatu ginen eta hamazazpi urte nituela, 1987an, Los Guerriors izeneko musika taldea sortu nuen...

      Eta horrela konponduta azentuarena.

      Eta 1990. urtean Madrilera bueltatu ginen. Argentina era una puta jodienda. Jendeak bere buruaz beste egiten zuen, egiazki egiten zuen. Noiz harrapatu ninduen Malvinetako Gerrak? Alemaniarren semea izaki beti azaldu naiz ingelesen aurka. Irlei Falklands deitu dieten babalore ustelak. Baina, jakina denez, zakurraren ipurdira bidali gintuzten. Harrokeria. Harrokeria jendearen jodiendarik handiena da, areago herri-harrokeria baldin bada. Gizajendearen erronka nagusia? Norbere izatea, bistan da. Baina ni ez naiz egiazko argentinarra. Ala banaiz? Argentinarroi Maradonaz edo Messiz galdetzen digute beti. Si yo fuera Maradona, viviría como él. 1990ean hogei urte nituen eta aski deprimiturik bizi nintzen. Barilochen geratzea nuen, Pedro Mairalekin, Los Guerriors-ekin, baina aita hilzorian zebilen eta harekin egon nahi nuen azken hilabeteetan. Hil ostean itzuliko nintzen. Nik neuk barre egiten diot Manchester soinuari, deus ez Bariloche Sound basatiaren aldean. Baina Bilboko neska bat ezagutu nuen. Madrilen ikasten ari zen. Bata bestearekin maitemindu ginen, eta askoz geroago euskararekin. 2011. urtean Euskal Herrira etorri nintzen, bizitzarekin maitemindurik, egia bada ere euskara ikasi izanak hura hondatu zidala, hasia nintzelako estres linguistikoa pairatzen. Baina, bestalde, Barilochera bueltatu naizenetan egiazko euskaldun baten legez gurtu naute, jainko baten legez Buenos Airesen, ez Maradona legez, baina kasik...

      Oharra: Joan borobiltzen eta inkoherentziak detektatu.