Aurkibidea
IGLUA TANTAKA
HOZKAILU MATXURATUA
HEGO HAIZEA IPAR POLOAN
GLAZIAR BERRIEN ERDITZEA
Aurkibidea
IGLUA TANTAKA
HOZKAILU MATXURATUA
HEGO HAIZEA IPAR POLOAN
GLAZIAR BERRIEN ERDITZEA
HELIOZKO AMETSAK
mundu txiki bat eskumuturretik zintzilik
itzali eta piztu dabiltzan bonbillekin malabarrak
jende mulkoaren barruan hirurok barraketan
laino arrosa bat bihurtu zaizu gogoa
zergatik ez du bizitzak beti zapore gozo hau
ilargiraino eramango zaituen ohe elastikoa ikusi duzu
hatzak luze salto bakoitzean
gorago iristeko zerua ukitzeko
kezkatzen hasi naiz jauzien neurriarekin
eskerrak arduradunak txanda eten duen
fisikaren indarrek inor atmosferatik at bidali aurretik
harrituta begiratzen diezu
elkarren bila dabiltzan auto nano horiei
jendea algaraka istripuen erdian
izar uxoak zeru-sare metaliko horretan
enkontru-talken bertsio arin bat
korrika zoaz biraka ari den tramankulura
jarlekuak hegan
joan doaz zaldiak motoak aulkiak
karruselaren bira bakoitzean airea astinduz agur
gurasook elkarri eskua emanda munduan geldi
buelta bakoitzarekin beste eskua astinduz agur
horrelakoak gara
eskopetaz zulatu nahi dituzten
plastikozko ahate horiak bezalakoak
beti errari ur geldian berun pipitei iskin egiten
hango eta hemengo haizeei hegoak zabalduz
horko lasterrei amore eman edo aurre eginez
lakutik ihes egin behar
urrutiko itsasoekin amets egin behar
askatu da eskumuturrean gaizki egindako korapiloa
badoa heliozko mundutxoa atzera zenbaketarik gabe
aho zabalik dakusagu espektakulua
transbordadore intimo baten aireratzea
horrelako ehun globo lotuko bazenizkidate
ilargira iritsiko al nintzateke
karruselerako beste bi txartel erosi dizkizugu
despedidak entseatzen jarrai dezagun