Urtu aurretik
Urtu aurretik
2022, poesia
88 orrialde
978-84-17051-83-9
Xabi Borda
1981, Azpeitia
 
2004, poesia
 

 

ENKONTRU TALKA (II)

 

 

laguntza bila zatoz testu-liburua zabalik

donostiatik atera da autoa 80 km/h abiaduran

ikaraz irakurri duzu enuntziatua

baionatik kontrako noranzkoan bestea 115 km/h-ra

asmatu zein herritan hautsiko zaizkien kristalak

 

espazioa eta denbora nahasten dituen formula bilatu

eta zenbakiak bueltaka jarri ditugu loteria ontzian

zein puntutan izango da istripua

zein kilometrotan entzungo dira metalak tolesten

larri begiratzen diozu

ekuazioaren tututik behera datorren zenbakiari

 

nola ez egin atzera aldatu errailez geratu etxean

ikusi egiten dituzu gurpilak biraka elkarren bila

erremediorik gabe

ezin al da beste formula batekin askatu etorkizuna

ez al da planeta honetan bestelako fisikarik

non daude ezkutatuak alderantzizko indarrak

zergatik behar du denak odoletan amaitu

 

ez naiz ni izango zinematikaren jagolea

ez dizut mundu honen mekanikaren alde hitz egingo

uhalaren beharra aldarrikatuko

garbituak ditut hamaika ezbeharren arrastoak

 

galtzak altxatu eta ezkerreko zangoa erakutsiko dizut

ikusten al duzu orbain hau

oraindik min ematen dit