Aurkibidea
IGLUA TANTAKA
HOZKAILU MATXURATUA
HEGO HAIZEA IPAR POLOAN
GLAZIAR BERRIEN ERDITZEA
Aurkibidea
IGLUA TANTAKA
HOZKAILU MATXURATUA
HEGO HAIZEA IPAR POLOAN
GLAZIAR BERRIEN ERDITZEA
ARINDURA
ez aurrera ez atzera geratu da trena
argiak itzali aire girotua amatatu ezin ateak zabaldu
landa erdian gaude akuariumeko arrainontzian
atmosfera propioa dugu orain zakatzez arnasteko
matxuraren kausaren bila hasi naiz
urte larregi trenak ferratzen
lineako tentsioa galduko zen azpiestazioa erori
zirkuituaren ustekabeko irekiera gehiegizko korrontea
software akats bat
edo okerrena
makinistaren bihotzak pott egin du bat-batean
aurrean dudan amak karpeta darama magalean
hiriburura doaz paperak zuzentzera
hiru umeak bata bestearen gainean saltoka
parez pareko agureak urduri begiratzen die
neska bat liburua leitzen
bi gazte geldialdiari garrantzirik eman gabe musuka
kontablea izan behar duena izerditan
aireak zenbat iraungo digun kalkulatuko zuen
nire ondokoa orain kristalari orain mailu gorriari so
saltinbanki begiradarekin
koloretako arrain sarda exotikoa gara
azkenean argia itzuli eta martxan jarri da konpresorea
hemen da mundua berriro ere
bagoiaren kristaletatik irristatzen
irribarreak trukatuz bagoaz norabaitera
posible ote da arindura hau betirako gordetzea