Urtu aurretik
Urtu aurretik
2022, poesia
88 orrialde
978-84-17051-83-9
Xabi Borda
1981, Azpeitia
 
2004, poesia
 

 

DENBORA MAKINA

 

 

eskutik heldu eta bertara eraman zaitut

hatza luzatu bigarren solairura

barautsa denborari txirbila ateratzen

iraganaren atean mirail bat

hor bizi naiz ikasle garaian oraindik

 

hor nago helduen artean ernatu berri

hautsontzian erreta kafea eta gitarra akorde okerrak

argindarra mahai gaineko flexotik nire burmuinera

 

mundu berri baterako fisika proposamenak apunteetan

elektroi eroak biraka amets berrien orbitetan

hor ikasi nahi ez genituen ikasgaiak

gaizki askaturiko problemen ezabagoma hondarrak

 

apalean elektronika digitaleko lana

gogoan dut irakaslearen izu aurpegia

programazio akats bat tarteko

atzerantz zihoan ordularia ikusi zigunean

 

tapa jarriko diogu zuloari

egin dezagun ospa hemendik lehenbailehen

izerditan esnatuko naiz bestela gauean

ondo prestatu gabeko azterketa haren erdian