Urtu aurretik
Urtu aurretik
2022, poesia
88 orrialde
978-84-17051-83-9
Xabi Borda
1981, Azpeitia
 
2004, poesia
 

 

YUKA

 

Eiderri

 

 

lanerako atondua duzun txokoan zaude

betaurrekoetan pantailaren isla

koloretako taula batean karratu batetik bestera

irteera bilatu ezin duen sagua zara

 

molekulak probatzen dituzue gaixoekin

zainak zabaltzeko eta zainak estutzeko

ukenduak giharrak goxatzeko

burmuineko korronteei ezinezko bideak ireki

mina arintzeko modu berriak

zuen farmakoak

datorren belaunaldikoak omen prentsaren hitzetan

 

ondoko sofan nago denbora pasa tabletarekin

siberiara egin dut jauzi

bertan topatu dute yuka mamut kumea

haren zelula izoztuetatik dna zatiak atera

eta berpiztu egin nahi dituzte

 

ikusi egiten ditut

gu presaka leizeetan ezkutatzen garen artean

makal-makal hemengo belazeetara iristen

 

albistea erakutsi dizut

ea hain aurreratuak dituzuen genetika biokimika

eta biologiaren beste atal horiek guztiak

irribarre egin didazu

 

seme txikia egongelara sartzean urduritu naiz

moztu gabeko azazkalei erreparatu diet

zein luze ari zaizkion betortzak hazten

izututa begiratu dizut

irribarre egin didazu berriro