Urtu aurretik
Urtu aurretik
2022, poesia
88 orrialde
978-84-17051-83-9
Xabi Borda
1981, Azpeitia
 
2004, poesia
 

 

DIMENTSIO PARALELOAK (I)

 

 

ia hutsik dagoen parkinga pantailan

planoaren erdian auto bat kristal ilunekin

inguruan ofizinak unibertsitatea

banku baten egoitza nagusia

ondora iritsi autoa enfokatu du kamerak

norbait irten gidariaren atetik eta

geldi zegoenaren atzekoan sartu da

 

barrura doa kristalezko begia

hitzen beharrik ez duten bi heldu

egunak elkar ikusi gabe

bataren ezpainak bestearen hortzetan katigatuta

masailetan hatzak gako sekretuak tekleatzen

musikarik ez unea girotzeko

arnasa hotsaren larria besterik ez

gero eskua galtza batzuen botoia askatzen

 

kanpora kamera berriro

gehiago ari dira iristen lantokietara sartzen jendea

kale-garbitzaileak goizeroko ibilbideari ekin dio

ikasleak atarian

motxilak karpetak haserre berriak aldean

berotu ahala

gero eta argi gehiago egiten du ortziko bonbillak

 

unibertsitateko sarrera lehen planoan

g e o l o g i a hizkiak nabarmendu ditu zuzendariak

fakultateko sismografoek salbu

inork ez ditu sumatu auto barruko dardarak