Urtu aurretik
Urtu aurretik
2022, poesia
88 orrialde
978-84-17051-83-9
Xabi Borda
1981, Azpeitia
 
2004, poesia
 

 

TITANIC

 

 

txatarrontzia izozmendiaren kontra finantzen itsasoan

labe-zorriak asetzeko materialik gabe geratu ginen

biharamunean giltzatu zuten herriko fabrika

sua itzali infernuan

kutxa beltza hartu eta ihes egin zuen kapitainak

 

gosaltzen edalontzia irauli egunkari gainera

ura hazita zetorren ate azpitik

gal genezakeen guztia urpera

azken dantzaldia katiusketan egitea proposatu

baina herriko banda ez zen agertu euriagatik

 

lantokiko sirenak isiltasun bustia zabaltzen zuen

errepide bazterrean eskegi genituen buzoak

marrazoak uxatzeko txorimalo urdinak

 

iluntzean hipotermia saihestearren su eman genien

erdiak salbatzeko espaloian utzitako hiru txalupei

alboko egur-fabrikatik oholak hartu

eta errepide erdira bota

ura oldartzean inor ez zedin heldulekurik gabe geratu

 

branka eta popa ortzira buruz

zakatzak zabaltzen zitzaizkigula amestu genuen

urrutiko hondartza batean elkarren ondoan

esnatzeko promesa egin arnasa sakon hartu

eta batak besteari sudurra itxi

 

akuarioko arrainentzako jana bezala

mara-mara joan ginen hondorantz