Urtu aurretik
Urtu aurretik
2022, poesia
88 orrialde
978-84-17051-83-9
Xabi Borda
1981, Azpeitia
 
2004, poesia
 

 

SAGASTIAREN ABAROAN

 

 

zubi ondora heldu gara

sagasti baten magalean aparkatu

eta barandara hurbildu naiz

aho bat da lurra sagarrak irensten

hotsik atera gabe joko dute behea

 

gidaria bikaina da animoak ematen

heldulekuak paratzen dizkigu adorea amarratzeko

“zoruaren kontra maspilduko zarela uste duzunean

orduan eutsiko dizu sokak

burmuinean adrenalina eztanda txikiak

ez dago pareko sentsaziorik”

horra neure burua errepide erdian

zelula multzo hautsia asfaltoan barreiatzen

 

bi besoak zabaldu eta salto egin du lehenak

gogor egiten du tira munduak

goitik behera ziztuan doan hegazkina da

sokak tinkatu dionean entzun da garrasia

bibak eta oihuak gure artean

 

esku anonimo batek igoarazi nau barandara

animoak datoz lagunen ahotsetan

begiak itxi imintzio txiki bat

banoa baina ezin

atzera egin eta eskudeletik jaitsi naiz

askatu egin ditut soka arnesa traste guztiak

isilik denak inguruan

bi sorbaldako norbaitek “ulertzekoa da”

 

bakarrik jo dut autora

sagastiaren abaroan itxarongo diet