ERREPIKA
begi zuri bat
zuhaitz artean gordeka
itsaso zikin bat
garabiz betea
hostoek ez dute
aldi berean hartzen lur
begiak zarratzen
ditudanean baizik
gaua begi-kliska bat
hiri bat ageri da goiz-alban
geltokira iristean berokiak
babestuko ote nau hotzetik
mendebalderantz iheska
garabiak herdoil
azala zulatzen du euriak
hutsuneak oinordetzan
intermitentea da izate hau
jakin behar nuke
seme izate hau nolakoa
nahi dudan benetan
Soriako kartzelako
patioan argazki bat
historia errepikatzen dela
esan ohi dute
argitu beharko genuke
aldi honetakoa tragikoa den oraindik
edo dagoeneko fartsa bat
inork ba al daki