INFINITUA ETA ETERNITATEA
hiriaren barrunbeetan
metalezko tutu zikinari
begiak itxita gogor heldu
jendearen gainera ez erortzeko
ateak zabaldu
ateak itxi
bitartean mundu oso bat
mugitzen da inguruan
ahotsak entzuten dira
mila hizkuntza mintzo
kantu bat edo bi
doinu ulergaitzak
infinitua eta eternitatea
lotzen diren korapiloan
ari gara balantzaka
bidaia guztiak ez dira
helmugara iritsitakoan amaitzen