Itzulera
Itzulera
2017, poesia
96 orrialde
978-84-17051-01-3
azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Martin Bidaur
1996, Tolosa (Okzitania)
 
 

 

LURREAN ESERITA

 

 

lurrean eserita

garbigailuari begira

ahoa zabalik

erantzunik ez

 

zaila da norberaren burua

burukoarekin itotzea

inoiz entzun izan dut

manta artean bildu

eta kolpatzearena

 

negarra ez da berehala etortzen

ez bada tantaka

eta hegan egin nahi nuke

 

neure odola errepidean barreiatu

anbulantzia bat

auto zapaldu bat

galera besteren gogoan

inor akordatuko balitz

 

jasangaitza zait

izatea

ez izatea

eta ez izateko izan beharrekoa

imajinatzea

zaila da norberaren burua

burukoarekin itotzea

hormak ez du erantzuten

kax-kax

hormak ez du erantzuten

eta zergatik ez dakidan arren

eskua hautsita

baina odoletan ez

lurrean eserita nago

garbigailuari begira