ORAIN
Lehen, bederen, ez zen ibiltzen horrenbeste jende. Neguan, eskuak zamarrako poltsikoetan sartu eta behera begira egiten zuten aurrera. Londres hoteleko karelean eseri dira. Donostiako badian piratak ikusi zituzten.
— Hauek zer dira, zintzoak edo gaiztoak? —galdetu zuen planta serioa zuen gizon batek—. Nola esaten da euskaraz «malechores»? Gaizkileak?
Yahoo bilatzailearen lepotik barre egiten jardun dute olatuen poderioz jendea uretara eroriko zen bitartean. Urte bat lehenago, garai bertsuan ezagutu dute elkar. Sudurra laztandu dio ezkerreko eskuaz, eta barruan, oraindik, iskanbila da nagusi. Agur esateko tenorea iristen denean damutu egingo dira eta beren bizi tristea madarikatuko. Gazte bat bizkarraldeko tatuaia berria erakusten ari zaio neska bati. Bihotz arrosa bat. Zorabio gazteak. Berak ezin du, jada, denboraren iragaiteaz ezer berririk asmatu. Harantzago, orain sukaldeak saltzen dituzten denda dagoen lekuan, taberna bat zegoen heroinak eta dexidrinak funtzionatzen zuten garaietan.