HODEIAK
Birus informatiko batek nazioa utzi du
Hankaz gora, bere kolorea berdea dela,
Gorria dela, ez ei daude ziur. Jendearen
Aurpegietan ikusten da, lantegi zikin
Honetatik nola atera. Eta galderak egiten
Hasi dira. «Chicagon hau ez zen gertatzen».
Usoak plazan, hiru metroko pianoa
Ile-apaindegian sartzekotan, baina tira,
Etsi egin dut. Bigarren aldia da honezkero,
Eta euriak setati jarraituko du, askatasunez.
Irratien sintoniek ordua adierazten dute
Inork galdetu gabe: «Ordurik baduzu?». Bai.
Mara Cagol-i Dani Cohn-Bendit-en argazki
Bat erakutsi diotela. Gizen dago eta puru
Bat erretzen ari da liburutegi baten aurrean.
Oh my god! esango luke haur batek.
Apartamentu berrian Carlosek apaingarri
Bat zintzilikatu du sukaldean, gustatuko
Zaizu. Zalantza egiten zuen gorrizkoaren
Eta beltzezkoaren artean, baina tira, gustatuko
Zaizu. Ziur naiz. «Non zaude?». Ohean
Oraindik. Irten al daiteke kalera? Carlosek
Lan berri bat topatu du, pozik dago. Ez dakit
Zertarako dagoen horrenbeste suhiltzaile eta
Anbulantzia, egia esan. George Harrisonen
Etxea, badakizu? museo bihurtu dute. Iritzi
Orokorra ados zegoen eta alkateak zinta
Zatitu du haginekin. Eta orduan bai, orduan
Iritzi orokorrak ekintza gaitzetsi du baldintzarik
Gabe batere. Inkesta guztiek hala esaten dute.
Begira, ez dago fidatzerik, 1935eko maiatzean
Transatlantiko bat inauguratu zuten Normandian
(Xanpain botila bat jaurtikiz, noski), eta
Alegrantzia guztiak desagertu ziren denbora
Gutxiren buruan. Hala, zer ondorio atera
Dezakegu? Hezetasun honekin xomorroek jango
Gaituzte martxa honetan, ikusiko duzu. «Zein
Helbidetan bizi da orain? Norekin? Zoriontsu da?».