SANT GERVASIKO ELIZA
Beltzaren barne sartzen da, batzuk esaten dute,
Unibertso osoa nahiz eta esango nukeen John ez zela
Iritzi berekoa. Kontuan izan aterkia irekitzen
Zuenean esaten zuen esaldi hura, edo erosketetan
Izaten zituen zalantza konponezinak. Beroa egiten du
Gauden garairako. «Agian ez dago jada soluziorik»
Aipatu dit lagunak, bigarrenean ulertu diot, eta Sant
Gervasiko elizako kanpaiek laugarrenez jo
Dutenerako iritsi naiz Verdi kalera.
Etxeren bateko itxaropena alde egiten ari da
Hoditeriatik urak uholdeak gertatzen direnean egiten
Duen antzera. Eta musika ere entzuten ahal da,
Lucinda. Inork ez du oso garbi bere egitekoa arte
Sisteman, edo instituzioan (!). Eta gauzak ziur
Dauzkatenak izan daiteke: segurtasun falta beren
Buruetan; umetako trauma infantil bat, zeina ez den
Agerian jarri, subjektuaren (!) kalterako, noski;
Harrokeria justifikatu gabea; interesak, gisa
Guztietakoak.
Horregatik pentsa dezaket Johnen iritzia ez dela
Halakoa edo suposatu, arrazoi indartsu bat dagoela
Atzean, ez dakit, eman dezagun, giza duintasuna
Kolokan jartzen duen zerbait. Fidatzeko moduko
Morroia baitzen (ez dut esango garai zaharretako
Horietako bat zenik, eszeptikoa naiz filosofikoki, eta
Filosofiarekiko), Gasteizen ikusi nuen gau batez,
Harriturik. Isiltasuna desgrazia bat da gizaki
Estandarrentzat, guretzat esan nahi dut, heldutasuna
Aurrezki kutxara kexuka, sumindurik, joanda lortzen
Dela pentsatzen dugunontzat. «Udaletxera joatea
Bizigarritasun baimenak direla medio» gogorarazi du
Inondik ere inozoa ez den irribarre bat aurpegian.
Ordaindu eta irten egin naiz, berandutu egin da-eta.
Bero da oraindik eta oinez egin dut bidea. Autobusa
Orain hartzea eromena da, trafiko izugarria egoten
Da ordu hauetan, autobusak ez du merezi hiri
Honetan. Eta linea honetako metroko trenak
Zaharrak izaten dira, ez dute aire giroturik, izerdi
Patsetan bukatzen duzu, jendez lepo, eta ez zait
Komeni piura horiekin aurkeztea han. Aurten beltza
Nagusitzen ari da berriz ere, eta soziologo ausartenek
Kontserbadoreen garaipena aurreikusten dute
Hauteskundeetan. Zure obrek ez lukete arrakastarik
Izango John, inork ez lituzke aintzat hartuko, beste
Behin etorriko lirateke italiar horien gisakoak,
Gogoratzen John? Azkenean, ez duzu gehiegi galdu.
Hemendik ez da itsasoa ikusten baina eguzkia berdin-
Berdin ezkutatzen da antena mordoen eta eraikuntza
Irregularren atzealdean.