Alea
Alea
2009, poesia
120 orrialde
978-84-92468-08-9
azala: Lander Garro
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2019, nobela
2007, poesia
 

 

DENBORA LIBREA

 

Ematen du izen baten (aditz baten, eta zergatik ez,

Atzizki baten) aukeraketa ez dela determinantea,

Gauzei dagokien garrantzia baino gehiago ematea ez

Delako zuhurra. Gainera, dena hitzen konbinaketa

Bat baino ez ei dela esaten dute teoria modernoenek,

Autoerreflexibitatearen arazoa utziz gero alde batera

Bederen. Larrua jotzea, izen bat, maitatzea, beste bat,

Motzagoa gehienetan, askatasuna, aditz bat,

Irregularra. Gaur ostirala da, eta jende arruntak

Egitasmoak antolatzen ditu serioski larritu baino

Lehen. George elkarneurgaitztasuna goratzera pasa

Da hitz akademikoak saihestu nahian, baina jakina,

Orain erraza da dena. «Gizakiaren ohitura da zabor

Gehiegi ekoiztea» esaten du. Inork ez dio bere

Ikuspegiaren eurozentrismoa leporatu, adibidez,

Edota zenbait kontraesan nabarmen, orain erraza

Baita dena. Performance bat egiteko gogoa sartu zait

Bizitzan lehenengo aldiz, baina bai, egia da, ez dut

Adore nahikorik. Lorontzi bat dago koadro baten

Pean (Bruno d'Arcevia? David Ligare?), mahai

Ondoko gizon edadetuak irri egiten du, hiltzeko

Zeinen gutxi geratzen zaion ahaztu balu bezala

Denbora baterako. Orain jendea pozik sentitzen da

Oro har. Zeintzuk izango ote dira gaurko kanapeak?

Galdetzen diot neure buruari (aspertzen naizenean

Galderak egiten ditut mentalki, entretenitzeko-edo,

Nahiago dut beldurra asperdura baino). Señorita

Batzuk irten dira gero, denak berdin jantzita,

Painuelo moduko bat buruan, eta arraroa irudituko

Zaizun arren, zurekin akordatu naiz. Lotsatuta

Dirudite zaharrenek; gazteenek, begi bat kliskatzen

Diete berrogeita bost urtetik gorako gizonei, euren

Duintasuna bazterrean galdu gabe, hori bai. Zein

Urtetan bizi ote gara? Txakur txiki bat eskuetan

Daraman emakumeari galdetzen badiot zorotzat

Hartuko nau, eta ez du ematen erantzuna

Arrazoitzeko gai. Bi mila eta zazpigarrenean, gazte,

Egutegi juliotarra aintzat hartzen badugu, noski;

Egutegi txinatarra hartuz gero, esate baterako, suzko

Zerriaren urtean gaude. Denbora erlatiboa al da?

Zu kristaua al zara? Sinesten al duzu Jainkoa?

«Baiezkoa bi galderei, ezezkoa beste bati».

«Hori ezinezkoa da logikoki, gazte». Eta txakurrak

Txinatarra dirudi, pekines bat, hori da. Kanpora

Irten naiz zigarro bat erretzera, eta hor ikusi ditut

Señorita batzuk gizon ezkonduekin solasean.

«Hizkuntza izanaren etxea da» eta horrelakoak.

«Zuk uste Shakespeare autore modernotzat har

Dezakeguna?» entzun diot beste bati. Eta soneto

Petrarkistak nahiago ditudala esateko gogoa izan dut.

Londres du izena hiri honek. Italian? Spanish? irria

Galdu gabe. Ene, ematen du pintza ikusezin

Batzuekin luzatu dizkietela masailak neska hauei.

Zer bizimodu eskas, zer arrunkeria, zer degradatzeko

Joera, zer edertasun ezezagun, zer izan nahi du jende

Honek handitan? «Galduta gaude» gustatuko

Litzaidake entzutea haien aho polit horietatik, zuk

Esaten duzun modu horretan, edo behintzat, antzera.

Mende oso bat ikusi dut eskaileran gora pitufo

Urdinez jantzita eta gainontzekoek ere ikusi ote duten

Zalantza egin dut. Ikusi, ikusi al duzue mende hori?

Zeinen ttipiak diren, ez al zaizue iruditzen? Baina

Haiek uler ezin dezaketen hizkuntza batean hitz

Egingo diet, finlandieraz edo japonieraz, ez dut

Erabaki oraindik. Eta Amerika ez zuela deskubritu

Colonek, ezta balea bila joaten ziren euskal

Arrantzaleek ere. Amerika asmatu egin zuten,

Ilargiko konkista Hollywooden asmatu zuten gisa

Berean. Amerika asmakizun bat baita, irratia edo

Telebista asmakizunak diren bezalaxe. Euskal Herria?

Kategoria baxuko beste asmakizun bat, esan gabe

Doa. Ez dakit zer egingo lukeen Gatsby Handiak

Egoera honetan, baina imajinatu zerbaiti kantatzen

Hasten dela: «Oh, Marilynen titi ederrak, zurruna

Al zen zuen morala ere? Oh titi errepikaezin horiek,

Ez zineten merkantzia bihurtu, eta hala ere, jendeak

Zuekin egiten zuen amets, ilara erraldoiak sortzen

Ziren zineman zuen erruz. Barkatzeko gai al zarete?

Nolakoa zen John F. Kennedy intimitatean? Oh, oh,

Hautsi ezazue orain arteko isiltasuna, oldartu zaitezte

Behingoagatik, ziur Marilyn zuetaz harro egongo

Zatekeela». Ez. Zaila da. Edo badela garaia esaten

Diotela euskal poeta bati, badela garaia aberriari

Kantatzeko, eta idazten duela: «Euskal Herria,

Ez dakit barkatuko nauzun, baina ez zaitut sobera

Maite. Onartu behar dut ez nagoela ene bizia zure

Alde emateko prest. Euskal Herria, zenbat neke

Eragin dizkidazun, eta ez, ez nago zutaz harro,

Ez zara lagun erraza, sarritan arbuiatzen zaitut» eta

Errimarik ezin zaiola eta aitzakia sinestezinak erabili

Dituela. Hitzaldiak jogurt kadukatuak bezalakoak

Dira, eta hau ez da salbuespen. Halako giro nahasi

Bat sentitzen da airean, tragedia latente ugariren

Seinale. Lanparak, esaterako berde kolorekoak dira

Gehienak (badago gorri bat, bi urdin) eta argi gutxi

Ematen dute, ipurtargiak dirudite. Mila iraultza

Burututa ere gauza batzuk ez dira aldatzen, hitzak

Hitzak diren arren. «Gaur egun hobea dut», hala

Esan didazu (nik sinetsi) eta optimista izateko arrazoi

Bat bera ere ez dagoen arren, ni musukatzeko gogoa

Duzula ematen du. Argia itzali duzu. Eta Shaftesbury

Abenidan lan eta lan ari dira inmigranteak (hemen

Kanpotik ikusten ditut), gabonetako argiak

Zintzilikatzen. «Zigarro bat zapaltzean norbait

Akabatzen ari naizela sentitzen dut» esan zuen

Poeta batek bere denbora librean.