Alea
Alea
2009, poesia
120 orrialde
978-84-92468-08-9
azala: Lander Garro
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2019, nobela
2007, poesia
 

 

ACHTUNG!

 

Berlin ekialdeko parke berde batean, haurrei

Gezurrak kontatzea bezala, paretik kentzeko. Bando

Guztietan egon diren poliziek aginduak eskatzen

Dituzte, ez dute sermoirik nahi jada. Teoria buruz

Dakitela esaten dute, eta zuk isilik jarraitzen duzu.

Gorputzean harrak sartzen zaizkidala sentitzen dut

Baina haatik ez diozu deus. Ulrike Meinhof atzo

Agertu zen berriz zintzilikatuta, ez zen harategi bat

(Ustez). Autoritateek, ordea, zure jarrera hartzen

Dutela dirudi, bakarrik Michel Foucaulten teoriak

Kondenatu (bai, kondenatu) dituela sarjentu batek

Egunkarira bidalitako artikuluan —Peter Schneider,

Estatuko funtzionarioa—. Asperdura, nekea, zakur

Arraro bat, larritasuna, eta hala ere, Hermannek

Betikoari eutsi zion bart, Venezian dantzari. Noiz

Ulertuko duzu dena erregalutarako paperetan biltzea

Ez dela niretzat zoriona lortzeko biderik motzena?

Esango dizut agian (edukiko ote dut hain lotsa

Gutxi?) garaje mordo horiek dauden kaletik pasatzen

Garenean. Begira, polizei bat zigarro bat erretzen

Ari da furgoneta kanpoan eserita. «Atsegina dirudi»

Esan didazu. «Atsegina da» erantzun dizut.

Garajeetan autoak garbitzen dituzte batzuek, pieza

Garestien trafikoan dihardute, Ulrikek ez bezala,

Unibertsitatea zapaltzeko zortea izan ez dutenek.

Esku zikinekin ezin baitira erabaki moralak hartu

Zentzutasunez edo lehentasunak seinalatzea logikoa

Dirudi kasu batzuetan (zenbait galdera

Konprometituren aurrean). Motor hotsak entzuten

Dira, belarriak horretarako baino edukiko ez banitu

Bezala. Eta horren erruz, hizkuntza hori ulertu gabe

Jarraitzen omen duzu, eta akaso beste zer edo zer

Gehiago ere, batek daki.